Anjel Lertxundi / 2014-11-25 / 123 hitz
Jatekorik falta ez zaienak izaten dira uste dutenak diru publiko gehiegi gastatzen dela politika sozialetan. Aldamiora igotzen ez den etxegilea dago nazkatuena obretan hartu behar izaten dituen segurtasun neurri beti garestiekin. Bizitza osoan ibaia bere fabrikako zikinkeriekin kutsatu duen enpresaria kexu da isunekin, eta…
Eta abar: irakurleak aise osatuko du zerga sozial gehiegizkoen zerrenda luze askoa. Baina ez ahaztu zerrendan sartzea beste alor garestiegi bat ere: komunitate elebidunetan jende askok ez ditu sumatu ere egiten hizkuntza hegemonikoaren eguneroko praktikak kontzienteki edo nahi gabe eragiten dituen huts sozialak eta egoera ez justuak, hizkuntza minorizatuaren prekarietate ekologikoan sekulako hondamendiak eragiten dituena. Edo sumatu, agian sumatzen dira kalteok, baina ez da liparrik egiten, salbu kalteak sufritzen dituen beste hizkuntzari babes eta diru gehiegi eskaini izana salatzea…