Nora Arbelbide / Irene Arrizurieta / Maialen Unanue / 2014-11-05 / 1.382 hitz
Irakasleek ez dute uste euren lanbideak prestigioa galdu duenik, baina sumatzen dute ez dela behar beste baloratzen euren lana, kontuan izanik «ardura handikoa» dela. Eusko Jaurlaritzak, irakasleen figura bera eta lanbidea aitortzeko, ‘Irakaslea naiz’ kanpaina abiatu du.
Irakasleei prestigioa eman eta haien lanbidea balioesteko, Irakaslea naiz kanpaina abiatu du Eusko Jaurlaritzak. Baina irakaskuntzak prestigioa galdu du? Baloratzen ote da behar beste irakasleen lana? Hainbat irakaslek iritzia eman dute gaiaren inguruan.
IDOIA CARRICAS, Haur Hezkuntzako irakaslea Mutiloako San Pedro ikastetxe publikoan: «Haur kopuruak markatzen du hezkuntzaren kalitatea»
Idoia Carricas iruindarrak 23 urte daramatza Haur Hezkuntzako irakasle gisa lanean. Egun Mutiloako San Pedro ikastetxe publikoko D ereduan dihardu (Aranguren harana, Nafarroa). Hamahiru haur ditu gelan; bat, behar bereziekin. Dioenez, hasi zenetik asko aldatu du lan egiteko modua eskarmentuagatik, onerako. «Pentsatzeko modua aldatu da, haurrak gehiago ezagutzen ditugulako. Lehen, irakasleak esaten zuena egin behar zen; egun, egokitu egiten gara umeen prozesura, ez alderantziz».
Irakatsi baino gehiago lagundu egiten diete haurrei irakasteko bidean. «Montesori metodologiak esaten du irakasleak laguntzen dugunok garela». Carricas izan da, beste irakasle batzuekin batera, giroen metodologia aplikatzen lehena Nafarroako hezkuntza publikoko sisteman. Haur Hezkuntzako haurrak giroka nahasten dituzte, haur bakoitzaren garapen prozesua errespetatzeko. «Gero eta gehiago esaten da heterogeneotasuna landu behar dela. Horretarako, gelak apurtu egiten ditugu, eta haurrek, giroetan mugitzean, elkarren artean ikasten dute». Hamahiru haurrekin gelan ongi lan egin daitekeela dio. «Baduzu haur bakoitza entzuteko aukera. Haur kopuruak markatzen du kalitatea».
Baina ez da beti horrela izaten, eta, murrizketekin, lana ongi egitea zailagoa gertatzen ari zaio. «Agintariek ez dute hezkuntzan pentsatzen. Gure borondate onaz baliatzen dira». Maiz, ordutegitik kanpo egin behar izaten dituzte gauzak. «Lau urteko programa egiten dute, eta ez digute galdetzen, ez irakasleei, ez pedagogia eta psikologiaz dakiten adituei». Haren ustez, LOMCEk ekarriko dituen aldaketak «ez dira batere onak», eta, horren bidez, langile otzanak egitea dute helburu agintariek. Krisiak irakasleen eta irakasle laguntzaileen murrizketa ekarri die: «Behar bereziak dituztenak lagunduko direla esaten da, baina bakarrik ahalmen handiak dituztenak laguntzen dira. Hori ari dira bultzatzen Nafarroan». Zailtasunak zailtasun, baikor izan nahi du, eta aldaketak espero ditu. «Irakasleok nekatuta gaude. Burbuila batean sartu gara, eta ahal duguna egiten dugu. Gelan sartzean ilusioa duzu, haurrak baitituzu aurrean; arazoak ahazten dituzu».
AMAIA ZUBIRIA, Lehen Hezkuntzako irakaslea Iturmendiko eskolan: «Irakasleen borondate onagatik doa hezkuntza aurrera»
Amaia Zubiria urdiaindarrak 11 urte daramatza lanean Lehen Hezkuntzan. Egun Iturmendiko eskolan irakasten du (Nafarroa), D ereduan. Adin ezberdinetako hamar ikasle ditu, 8 urtetik 12 urte artekoak. Dena irakasten die, espezialitateko gaiak izan ezik.
Ikasleen ikasketa erritmora egokitzen saiatzen da lanean. «Haien mailara eta erritmora joanez, gertutasun handiagoa lortzen da. Askoz gehiago jotzen dut ikasle-pertsona ezagutzera». Iturmendikoa eskola txikia izanik giroa ere naturalagoa eta gertukoagoa dela uste du. «Hirian gehiago banatzen da eskola eta bizitza; herrietan, ez. Eskola herriko bizitzaren parte da».
Espainiako Gobernuak ezarri eta Nafarroako Gobernuak onartu duen LOMCE legeak beren lana baldintzatzen duela uste du. Lehen Hezkuntzan kanpo probak eginen dizkiete hirugarren eta bosgarren mailako haurrei. «Proba horiek ez digute uzten ikaslearen erritmora lan egiten. Probetarako prestatzen dugu ikaslea, eta aurrera egiteko ateak ixten dizkiete». Ikastetxeen eta agintarien arteko talka ikusten du hezkuntzan. «Agintariek legeak egiten dituzte, ikastetxeen errealitatean oinarritu gabe».
Politikariena ez, baina familien onespena jasotzen dutela uste du. «Irabazi behar duzu haien tokia, baina haien onarpena badugu». Oztopoak oztopo, ilusioz lan egiten du Zubiriak. «Irakasleen borondate onagatik doa hezkuntza aurrera, eta hori badakite». Carricasek bezala, hezkuntzaren kalitatea haur kopuruak baldintzatzen duela iritzi dio. Lehen Hezkuntzan, ratioa 27 haurrekoa da. «Hogei lagun baino gehiago badaude gelan, ez zara iristen, eta arazoak dituenari ezin diozu behar duen arreta eskaini». Uste du material debekuek ere beren lana mugatzen dutela D ereduak 30 urte baino gehiagoko bidea egin duen arren. «Debekuak politikoak dira; ez dute inongo euskarri pedagogikorik. Material gutxi dugu, eta oraindik gehiago urritzen digute. Baina lanean jarraitzen dugu, ikasleentzako ahalik eta metodologia eta material egokiena erabiliz».
LAIDA ETXEMENDI, Donibane Garaziko lizeo publikoko biologia irakaslea: «Ikasleek itxaropen, ideal eta nahikeria handiak dituzte»
Badu 11 urte ari dela biologia irakasten kolegio eta lizeo publikoetan gaindi. Hamar bat egoitza bisitatu ditu ordezko gisa. Aurten bigarren urtea du Donibane Garaziko lizeo publikoko irakasle (Nafarroa Beherea), han postu finkoa lorturik. Donibane Garazin, hain zuzen, ikasle eta irakasleen arteko errespetuarekiko «babestua» sentitzen da. Ez du arazorik horretan. Dituen desilusioak, izatekotan, eskola publikoetan biologia euskaraz irakasteko aurkitu oztopoak ekarriak dira. Alta, euskalduna da, eta elebidun saila badauka lizeoak, baina biologia frantsesez eman beharra du.
Irakaskuntzari orokorki begiratuz gero, ikasleengan bainoago gizartean ikusten du irakasleei partikulazki eta hezkuntzari oro har balioa kentzeko joera: «Errateko ordez: ‘Ongi da, lan baldintza onak dituzte, eta guk ere behar genituzke’, erraten da: ‘Ez duzue deus egiten; alferrak zarete’. Munduaren helburua ez da jakitea nor den alferrena ».
Halere, errotik maite du irakaskuntza Etxemendik, eta segitzen du maitatzen. Bereziki gazteekiko harremana biziki aberasgarria zaio: «Ikasleek itxaropen, ideal eta nahikeria handiak dituzte». Baina nolabaiteko frustrazioa ere sentitzen du: «Programak kargatuak dira; gero eta denbora gutiago dugu arrazoinamendua lantzeko. Izpiritu kritiko eskasa atzematen diet programei». Biologia zientzia gaia denez, normalki jakitatea zerk egiten duen baliagarri edo fidagarri esplikatzen da, adibidez, esperimentuaren bidez: «Konfrontatzen da pentsatzen dena errealitatearekin». Baina denbora eskasa dute: «Jakitatea emana zaie nondik heldu den jakin gabe. Ezin da nahi beste sakondu izpiritu kritikoa lantzeko mamian: pixka bat penagarria da».
AGURNE ALKORTA, Haur Hezkuntzako irakaslea Ordiziako Urdaneta eskolan: «Murrizketak hezkuntzan egitea etorkizunari kentzea da»
Zazpi urte daramatza Agurne Alkortak irakasle lanetan. Azaldu duenez, ez du hainbesteko esperientziarik irakasleekiko jarrera aldatu den edo ez baieztatzeko, baina, haren ustez, «pixkanaka dena ari da aldatzen». Alkortaren ustez, irakasleen figura bera aldatu egin da, eta egun ez da «autoritarioa»: «Gurasoek espero dutena hori bada, normala da haien begietara prestigioa galtzea». Garaiak aldatu dira, baita irakasteko moduak ere, Alkortaren esanetan; are, gurasoen jarrera ere aldatu da: «Gehiago kezkatzen dira gure lanagatik; galdetzen dute nola lagundu dezaketen, eta horrek guztiak, prestigioa kendu baino gehiago, balioa gehitzen dio gure lanari».
Ordezkapenak egiten dituenez, ikasleekin duen harremana urtez urte aldatzen da. «Dena den, ni beti saiatzen naiz harreman ona izaten, osasuntsua, eta inoiz ez zapaltzailea, baizik eta elkarrenganako errespetuzkoa». Gurasoekin izandako harremanetan, berriz, «denetarik» ezagutu du. «Beti egongo dira harreman errazagoak edo zailagoak, baina guk errespetatu behar dugu haien hezteko modua, nahiz eta guretik oso urrun egon». Egoki ikusten du kasu horietan guraso eta irakasleen artean adostea zenbait baldintza, ondoren oinarri horien gainean «eraikitzeko».
Kezka sortzen dio bai hezkuntza aldetik bai gurasoen zein gizartearen aldetik nabaritzen duen «presioak»: «Dena dakiten umeak sortu behar ditugu: ordenagailuak menperatzen dakitenak, ondo idazten dakitenak hiru hizkuntzatan edo lautan…».
Badira urte batzuk murrizketak nabaritzen hasi zirela hainbat alorretan. «Murrizketak hezkuntzan egitea etorkizunari kentzea da: gaurko ikasleak etorkizuna dira». Baina, guztiaren gainetik, maite du bere lana: «Ezetz iruditu arren, egindako lanak zerbaitetarako balio duela konturatzen zara, eta hori oso polita da».
MIREN ORMAZABAL, Etorkinen integraziorako irakaslea Errenteriako Cristobal Gamon eskolan: «Gure lanari balioa eman ordez, lan gutxi egiten dugula leporatzen zaigu»
Miren Ormazabalek, berriz, 33 urte daramatza irakaskuntzan. Adin jakin batetik gorako ikasleek errespetu falta dutela dio, edo ez dakitela mugak non jarri. Gurasoengandik ere nabaritzen du, zenbaitetan, irakasleak esandakoak zalantzan jartzen direla. Baina ez du uste lanbideak prestigioa galdu duenik; irakasleen lana gehiago baloratzea du faltan. «Gure lanari balioa eman beharrean, lan gutxi egiten dugula leporatzen zaigu». Opor asko dituztela edo txangoak egiten dituztela aurpegiratzen diete maiz, eta, Ormazabalen ustez, «txangoak dira, hain zuzen, egunik okerrenak». Haren esanetan, hezkuntza ez da soilik irakasleen kontua, familiek eta gizarteak ere zerikusi zuzena baitute horretan, baina arazoren bat dagoenean errua eurei egozten dietela dio.
Hezkuntzan egin diren murrizketak oztopo gehigarria dira irakasleentzat. «Ez dira jabetzen hezkuntzaren garrantziaz; nire ustez, ez gaituzte kontuan hartzen ezertarako». Ormazabalek azaldu duenez, gero eta irakasle gutxiago daude ikasleen kopurua gora doan arren, aniztasuna lantzeko jende gehiago behar da, eta heziketa berezia behar duten ikasleengan ere «asko» nabaritu dira murrizketak. «Laguntza ematen zaie egoera oso muturrekoan daudenei, eta hor tartean dauden haurrak zintzilik gelditzen dira». Ormazabalen arabera, adibide batzuk baino ez dira horiek: hezkuntzari eragiten diotenez gain langile gisa ere jasan baitituzte.
Ormazabalek dio egun «gertukoagoa» dela ikasle eta irakasleen arteko harremana, hasi zeneko garaiaren aldean. Baita gurasoekin dituenak ere; uste du egun gehiago inplikatzen direla eta irakasleekin gehiago kolaboratzen dutela. Bide hori da hartu beharrekoa, irakaslearen ustez.
Kanpotik «ikusten ez den lana» da irakaskuntza; barrutik sumatzen dituzte egindako lanaren fruituak. «Egunero irakatsi eta ikasi egiten dugu; harreman estua eraikitzen dugu elkarrekin, eta konturatzen zara zuk ere eragina duzula haiengan».