Lagarteko gotorlekua

Mikel Arrizabalaga / 2014-11-11 / 469 hitz

Burdin Aroko harresi baten aztarnak izan litezkeenak aurkitu berri dituzte Arkeolan fundazioko kideek Gazteluko gainetan.

Leaburuko parrokia eliza eta udaletxearen ondoan dagoen aparkalekuan autoa utzi, eta Belauntzako errepidera aterako gara. Lehen bihurgunera iritsi orduko, errepide nagusia utzi, eta eskuinetik ateratzen den bideari eutsiko diogu. Berehala ikusiko ditugu PR-Gi 12 ibilbideari dagozkion seinale zuri eta horiak. Bide balizatuari jarraituz, pista zabalean barrena maldan gora jarri, eta berehala igoko gara Mugertzako mendi-bizkarrera, eta, segidan, Leamendiko muinoko magal berdeak zeharkatuko ditugu. Gertu ikusiko dugu Erroizpeko gailurra, baina hara igotzeko harlanduz eraikitako Gabirondoko txabola aldera zuzentzen den xenda utzi, eta ezkerraldetik marrazten den bide-zidorretik gorantz joko dugu bide seinale zuri eta horiak utziz.

Bide nabarmenak berehala eramango gaitu Erroizpeko tontor harritsura. Hantxe dago erpin geodesikoa, eta, haren ondoan, Euskaraz Bizi-ren Argitxo iratxoa eta gutunontzia. Tolosaldearen ikuspegi ederra. Gertu ikusiko dugu Lagarteko gaina, eta harantz zuzenduko ditugu gure urratsak, elorri zuri eta intsusa batzuen artean Berrotako gaƱe lepora jaitsiz. Erroizpe baino metro batzuk garaiagoa izan arren, ez dugu han ez gurutzerik, ez erpin geodesikorik, ez eta tontorrean gaudela erakusten duen gutunontzirik ere, Arkeolan fundazioko kideek egin dituzten indusketa batzuen aztarnak soilik.

Antzina, Lagarte edo Erroizpeko tontorrean gaztelu bat izan zelako ustea zegoen Gazteluko herritarren artean, herriaren armarrian halaxe jasotzen baita. Usteak uste, susmo horiek egia bihurtu dira orain dela hilabete gutxi egin diren indusketen ondorioz, hainbat arkeologo eta adituk frogatu ahal izan baitute Burdin Aroko gotorleku bat altxatzen zela han. 2012. urtean gotorlekuaren arrastoak izan zitezkeen lagin batzuk aurkitu zituzten, baina ez zuten datatzerik izan 2013ra arte; urte horretan, auzolanean zundaketak egin zituzten, eta jatorri antropikoa zuten sedimentuak aurkitu zituzten (ikatza, zeramika eta hezur zatiak, besteak beste). Lagarten aurkitutako ikatza duela 2.476 urtekoa zela jakin zuten; beraz, datu horrek baieztatu zuen inguru horretan bazela Burdin Aroko gotorleku bat.

Gazteluko herritarren historiaren lekuko diren lur horiek atzean utzi, eta Uli aldera dagoen den mendilerrorantz joko dugu. Egurrezko ataka gainditu, harresiaren ondora jaitsi, hori igaro, eta belardian barrena egingo dugu aurrera harresiaren paraleloan. Pagadira jaitsi, han murgildu, eta orbelak ezkutatzen duen xendan barrena egingo ditugu hurrengo urratsak. Gazteluaitzeko tontor karstikoa albo batera utzita, pinu eta pago artean ibiliko gara. 1747ko data jarrita duen mugarri bat atzean utzi eta Berastegi aldera amiltzen den Arburuko gain harritsura helduko gara. Metro batzuk beherago gurutze bat.

Bidera itzuli, eta Uli aldera doan bidearekin bat egingo dugu. Bidegurutze horretan, GR-9aren bide seinale zuri-gorriak ikusiko ditugu; Probintzietako Errege Abelbidearen markak, hain zuzen ere. Zezenen Abelbidea ere esaten zioten bide horri; Nafarroatik Urola aldera zezenak ekartzeko XVI. mendean egiten zuten bidea ekartzen du gogora. Ibilbidearen azkeneko zatiak, berriz, Gaztelu eta Leaburu lotzen ditu, PR-Gi 12aren seinale zurz eta horiz lagundurik. Bide asfaltatuak Gabirondo baserriraino eramango gaitu, eta, segidan, lurrezko bidetik Bazterrekako erreka gurutzatu, eta pinudian barrena Leaburu gertu ikusiko dugu. Belauntzara doan errepidera atera, eta etxe artean igoko gara elizaren ondoan dagoen plazara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.