Absentziak josi, barrukoa askatzeko

Ainhoa Sarasola / 2014-11-09 / 542 hitz

‘FALTA (ez) diren gauzak’ liburua ondu du Ainara Lasa Perezek, izen bereko erakusketa oinarri hartuta.
Haurtzaroko hutsuneez mintzatu da, horien «zama arindu» nahian.

Haurtzaroko garai jakin bateko paisaiak. Muga. Etxea. Frontoia. Hondartza. Garai hartako neskatoak janzten zituen soineko koloretsuak. Eta absentziak, hutsuneak; ez diren gauzak, finean, Joseba Sarrionandiaren poema batek dioen moduan, «bizitza, ez diren gauzez ere osatzen delako». Elementu horiekin, haurtzaroko garai bat ekarri du gogora Ainara Lasa Perezek (Oiartzun, 1975), FALTA (ez) diren gauzak proiektuan. Hutsuneez hitz egiteko beharra zuelako, «absentziak izateko asko okupatzen zuten sentsazioa» zuelako. Iaz zabaldutako erakusketa izen bereko artista liburu bihurtu du orain, eta Edo argitaletxearekin plazaratu.

«Etxean, haurtzaroan, Euskal Herriko gatazkari lotuta bizi izandakoaren kontakizun bat egitea» izan da Lasaren asmoa. «Banuen behar bat gai honekin zerbait egitekoa: zama handi bat sentitzen nuen haurtzaroko esperientzia harena, eta oraindik haren arrastoa ere bai». Baina plastikoki nola adierazi ez zekiela-eta, idazteari ekin zion aurrena. «Testuak idaztean konturatu nintzen gaia hor zegoela, eta esperientzia horretako lau garai ere ordezkatuta zeudela testuetan: ama atxilotu eta aitak ihes egin aurreko garaia, azkenean klandestinoa zena niretzat, etxeko haurrentzat ere; ama atxilotu eta kartzelan emandako lau hilabeteak ere hor zeuden, garai hura; aitaren ihesa eta erbestealdia ere bai; eta gero, aita atxilotu eta kartzelan egon zen garaia».

Haurtzaroko bizipen horietako lekuetara itzultzea izan zen Lasarentzat hurrengo pausoa. Kartzeletara ezin, eta aitaren erbestealdiak eskaintzen zion bideari heldu zion: «Iparraldera joatea zen, beti esaten dugun beste aldera, eta kontzeptu aldetik ere nire beste aldera bidaia bat egitea zen». Haurtzaroko leku horietara itzultzean jabetu zen artista oso gutxi zirela: muga, etxea, hondartza eta frontoia. «Hori zen gure mundua asteburuetan joaten ginenean». Lau leku horietan argazkiak atera zituen, eta bere presentzia haietara eramateko, txikitan hain gustuko zituen soinekoak baliatu ditu. Baina soineko hegalariak dira, arinak, gorputzik gabeak, eta horrek ere badu bere arrazoia: «Banuen sentsazioa garai hartan gorputza galdu nuela; sentsazioa dut, biziraupen egoera batean, ni kokatu nintzela ‘indartsua izan behar naiz, aurrera egin behar dut’ esanaz bezala, buruarekin, baina nire gorputzaz, nire emozioez nolabait ahaztu egin nintzela».

Hutsuneak, absentziak ordezkatzeko, zuloak daude irudietan. «Ez dut nik asmatu; zuloa hutsune bat da, eta elementu sinple batekin ordezkatu nahi nituen absentziak». Lana Lasarentzat katartikoa izan denez, zuloak hariz josi ditu, «zauri horiek sinbolikoki ixteko». Hamabi lan osatu zituen artistak, baina baita hamahirugarren bat ere, zuloak egitean kendutako zati borobilekin. Bukaeran jarri du hori, eta presentziak gogora ekarriz ixten du erakusketa. «Beti esaten dut absentziak handiak izan baziren, lehenago presentziak asko eta indartsuak izan zirelako dela».

Pilotaren metafora

Nafarroako Asterain herrira joan eta pilotalekuan «FALTA handi-handi bat» begien aurrean ikustean etorri zitzaion izenburua Lasari. Dena lotu baitzitzaion une hartan: jolastokia zuena, falta… eta dena azaltzen duen pilotaren metafora, barruan haria eta muina dituena: «Ohartu nintzen hori egiten ari nintzela: larrua ireki, geruzaz geruza pilota askatzen joan eta muin horretara iritsi».

Erauzketa lan bat egin du Lasak libururako; lanetan bata bestearen gainean dauden geruzak askatu ditu. Zulatutako orrialdeetan, leku bakoitzeko argazkia, zehar lerro gisa jokatzen duen frontoiaren gardenkia, soinekoak erakusten dituen orrialde arinagoa, eta, azkenik, konposizio osoa; hala osatu du liburuko lau zatietako bakoitza, testu labur batek lagunduta. Zama pisutsu batez mintzo bada ere, «plastikoki oso arina» zen zerbait egin nahi izan zuen.

Liburuaren azken orrialdean, jostorratza eta haria topatuko ditu irakurleak, eta haiekin batera, zulo bat josteko gonbidapena.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.