Zihara Enbeita / 2014-11-13 / 238 hitz
Neurgarria den hori gustatzen zaigu orokorrean, eta, dena ez bada, ia dena neurtzeko joera dugu. Emakumeeoi inposatu gura dizkiguten gorputz neurriek ikaratzen gaituzte asko eta asko, eta ez da gutxi horrenbeste emakume gaixo sortu dituztenean neurriok. Umerik txikienek ere altuena-txikiena, lodiena-argalena eskemetan sartzen dituzte inguruko denak. Loditasuna ez dago modan, eta argaltzeko metodoak milaka dira. Pilula miragarri, zuku arraro, gimnasio ordu, dieta eta enparau. Arropa dendetako tailajea mingarri da askorentzat, eta biolentziatik ere badu taila handiak terminoa sortu duten momentutik bertatik. Irudi eta mezuen bonbardaketa ere etengabea da.
Baina kontuz! Argalegi egotea ere ez da komeni, antza denez. Etengabe jaten duzula, ondo jaten duzula gogorarazi beharra izaten diozu jendeari. Ez, ez nago jan gabe. Ez, ez nago gaixorik. Nire gorputza horrelakoa da. Urduria naiz, eta urduritasunak daramatza berez irabazi beharko nituzkeen kiloak. Bai, beti izan naiz argala. Ez da gutxi, argaltasuna justifikatzeko moduko azalpena izanez gero, azalpen sinesgarria. Aurpegi arraroz begiratzen jarraituko dute, hala ere. Inbutuz jatekoa sartzeko gogoz imajinatzeraino bat baino gehiago. Ume garaian osasuntsu egotearen, ume ederra izatearen neurgailu erroskillak izaten diren moduan, eta ume argalari penaz begiratzen zaion moduan, berdin-berdin helduaroan ere. Eta behin eta berriro era horretako azalpenak eman behar dituena benetan gaixotzeko ez da askorik behar, egia esan.
Komeni litzateke lantzean behin erregelak eta pisu makinak armairuan gordetzea, aurrean duzuna bestelako eskemen arabera neurtu ahal izateko. Neurtu beharraren neurtu beharraz ezin geldituko baikara aurrekoa neurtu barik. Beldurra ematen baitigu neurtezinak, eskemetan sartu ezinak