Oroimena argazkilari

Juan Luis Zabala / 2014-11-26 / 565 hitz

Haurtzaroko oroitzapenen bidez, Arantxa Urretabizkaiak 1947 eta 1960 arteko Donostiako giroa islatu du ‘Zuri-beltzeko argazkiak’ liburuan.

Kontakizunaren osagai nagusia nire haurtzaroa da, baina ez da hori kontatu nahi dudana», azaldu du Arantxa Urretabizkaiak, Zuri-beltzeko argazkiak (Pamiela) kronika liburua aurkeztean. «Hauxe da nire asmoa: nire haurtzaroan kokatutako tresnaz, argazkiak hartu dizkiot iraganari, eta argazki horiekin kontatu nahi dut nola izan zen hezia gaur zahartzaroaren atarian dagoen belaunaldia, nolakoa zen bizitza, sasoi hartan, urte haietan, Donostiako bazterreko auzo apal batean bizi zen familia euskaldun, euskaltzale, antifrankista, kristau eta langile baten inguruan». Donostiako Txomin Enea auzoan jaio zen Urretabizkaia, aita —Patxi Urretabizkaia Kortajarena, 36ko gerran gudari izana— kartzelan zela. Urte batzuk geroago, familia hiriko beste auzo batera aldatu zen, Egiara. Idazlearen lehen 13 urteetako oroitzapenak ditu oinarri liburuak, 1960 bitartekoak.

«Zuri-beltzeko argazkiak ez da memoria liburu bat, nahiz eta memoria liburu bat ere baden», Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko editorearen iritziz. «Egunerokotasuneko kontu guztiz xumeen» kontaketaren bitartez, «pretentsiorik gabe» idatziz eta kontatutakoaren inguruko ondoriorik plazaratu gabe, Urretabizkaiak «garai bateko gorabeheren berri» ematen du, zehaztasun, sinesgarritasun eta indar handiz, Irigarairen ustez, «Donostiako familia langile, euskaldun, euskaltzale, abertzale, errepresaliatu baten baitatik ikusita». Liburua irakurtzean, gaur egungo Arantxa Urretabizkaiak «garai hartako Arantxa Urretabizkaia nerabeari luma utzi diola dirudi», Irigaraik dioenez. «Ez ditu gaur egungo idazleak atera ditzakeen ondorioak ateratzen osagarri gisa». Diskrezio horrek, testua «askoz eraginkorragoa» bihurtzen duela deritzo.

Pertsonaiak eta argazkiak

Bi atal nagusitan banatuta dago liburua: Notario batek egiaztatuko lukeena eta Argazkiak. Lehenengoa «ingurua» aurkezteko baliatu du egileak, eta, horrekin batera, baita «pertsonaia nagusiak» nahiz «bigarren mailakoak» ere: aita, ama, amona, Izeba Pakita… Bigarren atalean, oroimena gidari duela, idatzizko «argazkiak» egin ditu, bere haurtzaroaren garaiko kontu ugariren berri emateko: Eliza, Gorputza, Arropa, Ikatza, Franco, Dirua, Euskara, Jolasak, Mutilak eta neskak, Baserria, Jatekoak eta Ikasketak dira bigarren ataleko azpi-atal edo «argazki» horiek.

Arantxa Urretabizkaia 3 Mariak eleberria idazten ari zela hil zen Carmen Bejarano Luluaga, Arantxa Urretabizkaiaren ama, 2005ean. Hari buruzko kontu batzuk idatziz kontatzeko beharra sentitu zuen orduan Urretabizkaiak, eta hainbat ohar idatzi zituen Amari buruz kontatu nahi dudana izenburuaren azpian bilduak. 3 Mariak eleberria amaitu ondoren berrirakurri zituen ohar haiek, «proiektu berri baten bila» zebilela. «Ohar haiek berrirakurtzerakoan, sumatu nuen gauza bat kontatu nahi nuela batez ere amaren inguruan: zer-nolako haustura mingarria gertatu zen garai hartako gazteentzat, eta emakumeentzat bereziki, Errepublikaren eta gerra ondoaren artean. Era berean, askotan entzuten nuen, eta orain ere entzuten dut, krisia dela eta, gure ondorengoak gu baino okerrago biziko direla. Eta hori entzun dudan bakoitzean pentsatu izan dut: ni baino okerrago ez. Nik ez dut paradisurik ezagutu orain hainbeste loriatzen den iragan horretan».

Bernardo Atxagak egindako eskariari erantzunez Erlea aldizkarirako kontakizun autobiografiko labur bat idatzi zuenean, «oroitzapenak mozorrorik gabe adierazten, zuzenean» eroso sentitzen zela jabetu zen Urretabizkaia. Horrek gaia lantzen jarraitzera adoretu zuen. «Osagai guztiak jarri nituen mahai gainean eta hasi nintzen errezetaren bila, ikusteko ea nola sukaldatu kontu haiek guztiak. Fikzioa eta errealitatea nola uztartu bilatzen jardun nuen, eta azkenean erabaki nuen sukaldatu gabeko oroitzapenak izango zirela liburu honen mamia. Biluziak. Oroitzapen soilak». Horrekin, 1947 eta 1960 urteen arteko garaiaren «kronika» bat egin nahi izan du. «Fikziozkoa, noski, ez baitago memoria baino fikzio hoberik. Fikziogile ona da memoria».

«Emozioak kontatzen ditut, baina ez intimitateak», ohartarazi du egileak. Ez du horren premiarik sentitu, baina ez da hori arrazoi bakarra: «Nire intimitateak ez dira nire intimitateak; dira gure intimitateak, pluralean. Eta nik ez dut inoren bizitza inbaditu nahi, ezta neronen bizitza ere»

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.