Arantxa Iraola / 2014-11-23 / 516 hitz
Elebitasunaren inguruko ikerketetan dihardu Clara D. Martin neurozientzialariak, baina ibilia da, baita ere, hizkuntzak nola eta zergatik hunkitzen duten aztertzen saiatzen: literaturari begira.
Inoizko idazle handienetariko bat izan zen William Shakespeare (1564-1616, Stratford-upon-Avon, Ingalaterra). Haren antzezlan eta olerkiek jendea harritzen segitzen dute; hunkitzen. Hark jositako hitzen liluraren zergatia ikertzen saiatu da Clara D. Martin neurozientzialaria (1978, Lyon, Frantzia) ikerlan batean, beste hainbat aditurekin batera, eta asteon aurkeztu du lana Arrazoimena, intuizioa eta irudimena zientzian eta literaturan topaketan —DIPC Donostia International Physics Centerrek antolatu du, Mestizajeak programan—.
«Neurozientzien alor hau guztia hasi berria da oraindik; asko dago ikertzeko». Biologia zelularraren eta molekularraren inguruan egin zituen aurrena ikasketak Martinek, baina urte ugari daramatza kognizioaren inguruko ikerketak egiten: burmuinaren sekretuak aztertzen. Hitzaren bidez komunikatzeko gaitasuna da, zalantza izpirik gabe, giza garunaren gaitasun deigarrienetako bat, eta horren inguruko ikerketetan dihardu; dislexiari buruzko doktore tesia egin zuen, eta, egun, Ikerbasqueren eskutik, BCBL ikerketa zentroan ari da, elebitasunari buruzko ikerketetan.
Shakespeareren obrari buruzko azterlana Liverpooleko Unibertsitateko ikertzaile Phil Davisek bultzatuta abiatu zen. «Shakespeareren obran aditua da. Galdezka etorri zitzaigun: adierazi zigun jakin nahi zuela zer gertatzen zen bere burmuinean idazlearen lanak irakurtzen zituenean, bera halakoetan oso ondo sentitzen zelako». Lanari ekitea erabaki zuten. Izan ere, garunean zer gertatzen den ikusteko teknikak badira gaur egun: erakusten dute organoaren zein zati aktibatzen diren jarduera batean, edo bestean. «Baina, tira, norbait Shakespeareren obra bat irakurtzen ari bada, oso zaila da burmuin horretan deus ere berezia ikustea», ohartarazi du Martinek. «Garuneko hainbat funtzio daude martxan, eta, ondorioz, organoko hainbat zati aktibatuta».
Horregatik, Shakespeareren obraren ezaugarri zehatz bati erreparatzea erabaki zuten: funtzio moldaketa deituei. Idazleak egindako hitz-jokoak dira, asmakizunak; hitzak, esaterako, aditz bihurtzen zituen, edo adjektibo. Adibide gisara, Martinek bere hitzaldian tankera horretako esaldi bat erabili zuen adio esan eta jendearen parte hartzea eskertzeko: «Mila esker belarriratzeagatik!»
N400 eta P600 efektuak
Jakina da garunak erreakzionatu egiten duela hizkuntzaren akatsen aurrean; neurtua dute hori ikertzaileek. Akats semantiko baten aurrean, N400 deituriko efektua gertatzen da. «Hala deitzen zaio garunak entzun eta 400 segundo milarenean duelako erreakzio hori», azaldu du Martinek. Okerra sintaxiarekin lotutakoa denean, aldiz, P600 efektua esaten diote; eta zenbakiaren motiboa, baita ere, lotuta dago erreakzioa izateko behar den astiarekin. Horren jakitun, Shakespearek asmatutako hainbat funtzio moldaketarekin ikusi zuten zer gertatzen zitzaien irakurleei. Eta hara ondorioa: P600 efektua atzeman zuten ikertutako pertsonetan, baina N400 efekturik ez; alegia, nolabaiteko akatsen bat izan arren, ulertzeko modukoak dira.
Hortxe dago egilearen maisutasuna; garunean eragiteko gaitasunean. Izan ere, ikusi dute era horretako perpausekin osoagoa dela garunaren funtzionamendua, arretatsuagoa. «Burmuinaren zati gehiago erabiltzen dira, eta, ondorioz, ez da semantikoki eman nahi den zentzua galtzen». Normalean garunaren ezkerreko hemisferioan kokatzen dira hizkuntzarekin lotutako funtzioak. Baina Shakekespeareren funtzio moldaketak ikertzeko orduan, ikusi dute, horiek entzutean, eskuin hemisferioko hainbat zati ere izaten direla martxan.
«Ezker hemisferioarekin bakarrik, nolabait ere, esaldi soil bat uler genezake: haren egitura», azaldu du Martinek. Aldiz, perpausean metaforen antzeko figura estilistikoak erabili ohi direnean, edo gauzak umorearen edo ironiaren bidez kontatzeko hautua egiten denean, horiek ulertzeko beharrezkoa da eskuin aldearen parte hartzea. Shakespearek, argi dago, neurozientziari buruzko ezagutzarik gabe aurkitu zuen bidea. «Ikerketa hauekin, ordea, ate berriak ireki daitezke». Intuizioaren barrunbeetarako.