Alex Gurrutxaga / 2014-11-30 / 455 hitz
- Izenburua: ‘Basarri. Gerraurrean kazetari (1931-1935)’ /’Basarri. Gerratean kazetari (1936-1943)’
- Idazlea: Iñaki Eizmendi ‘Basarri
- Apailatzailea: Joxemari Iriondo
- Argitaratzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia (Auspoa bilduma)
Azken urteotan kasu gutxi egin diogun argitalpen lerro sendorik baldin bada, Auspoa liburutegia da hori. Bidertzeko ildoa jarraitu du, bai, baina ezin dugu altxor hori baztertzeko txatxukeria egin. Hortxe daude Iñaki Eizmendi Basarri-ren lanak ere.
22 urterekin bertsolari txapeldun izango zena, generoaren modernizazioan pertsona garrantzitsua Balendin Enbeitarekin batera, 1918an hasi zen prentsan idazten. Ezin esan kazetari petoa zenik, haren lanak askoz gertuago baitaude iritzitik eta zutabetik, baina lan ugaria da: 230 artikulu baino gehiago. Horiek bildu ditu Joxemari Iriondok bi liburukiotan.
Hasierako lanetan, abertzaletasunaz, euskalgintzaz eta kristautasunaz idazten du batez ere Basarrik. Gerora, gehiago lantzen ditu gertaera politiko eta nazioarteko gaiak. Leku aipagarria dute beste nazio txikiek ere —Txekiak, Kataluniak, Poloniak, etab.—, haietara begiratzen baitute, identifikazioz, abertzaleek.
Gaia edozein duelarik ere, Basarri ez da inoiz neutrala. Oroz gain euskaltzalea da, katolikoa eta aranazalea, eta posizio horretatik idazten du: irakurlea konbentzitzen saiatzen da, eta ez da kokiltzen aurkako postura gogor hartu nahi duenean. Hizkera zuzena eta tonu indartsua baliatzen ditu, mezua argi adieraziz, erritmo fresko eta bizian.
Bi liburuok 1931 eta 1943 arteko zutabe guztiak biltzen dituzte, Basarriren hitz lauzko lana berreraikiz. Alabaina, gerraurreko lanen kasuan, eraginkorragoa izango zen, beharbada, balioespen eta aukeraketa kritiko bat egitea. Izan ere, zutabe asko oso interesgarriak dira —hamaika gai aipa daitezke: Emakume Abertzale Batza, bertsolaritza kontuak, bestelako pasadizoak, etab.—, baina beste artikulu batzuek ezer gutxi eskaintzen dute.
Bigarren liburukia laburragoa da dimentsioz, baina gaurko irakurlearentzat mami gehiago dauka. Beste gaien artean, gerraz idazten du Basarrik. Gerraz, eta baita gerratik ere: Loiolatik aurrena, gero Lekeitiotik, Bilbotik… eta azkenean, trabajadoreetan dabilela, erbestetik. Gauzak horrela, testuok lekukotasun gisa duten balioa ukaezina da: gerrako haurrak agertzen dira, gudarien ekintzak, frontean daukaten baliabide falta, Elai-Alai taldea, Amaya opera, eta abar eta abar. Gerraren dimentsio internazionala ere islatzen du Basarrik, hala nola aliatuen laguntza (falta) edo faxismoaren indarra: «Faszismoaren apan eta agerkai guzia guda da», dio 36ko apirilean. «Arrazoiz eta zuzentasunez ezin duenak, indarrera ta zabarkerira jotzen du, ta paxista laterriak [estatu faxistak] asmo ortan dirala dirudi», 1937ko martxoan.
Gerra garaian gudariak animatzen ditu Basarrik, tonu epiko indartsuz, eta itxaropenak itsututa ere bai ia. Baina, gehienetan, haiek nola eusten dioten goraipatzearekin konformatu behar: «Burrukan ari geran bezela ari, itxuragabeko desberdintasun au ikusi, ta geure gallurretan tinko jarraitzeak zer esanik asko sortzen du bazterretan». 1937ko ekainean, bere herriko festetako giroa gogoan, Basarri Frantziara doa ihesi: «Agur, nire erri maitea! (…) Zeure semeak biurtuko zaitue zeure onetara. Atzerri otsoak iñoiz ez». Handik urtebetera, bertsotan idatziko zuen: «Geure lur onak utzi genitun/ guztiz era mingarrian,/ geroztik, ene!, oroitu utsez/ negarra degu begian».
Hauxe da Basarriren lekukotza estimagarria. Auspoako altxorraren parte, urrezko txanpona duzu Gerratean kazetari