Becketten kale itsua

Beñat Sarasola / 2014-12-14 / 342 hitz

Azkeneko modernista izan omen zen Samuel Beckett, horixe dio behinik behin hari buruz idatzitako biografia ezagunenetako batek (ez onenak, baina); Anthony Cronin, Samuel Beckett: The last modernist. Ez da hutsaren hurrengoa; izan ere, azken modernista izatea XX. mendean hegemonikoa izan den goi-literatura motaren azken katebegia izatea esan nahi baitu.

Hori dela eta ikusi dugu sarri askotan zinezko literaturaren azken autore moduan, haren ondotik egin den literatura guztia denbora-pasa merkea edo iraganekoaren pastiche izango balitz bezala. Egiazki, eman ematen du Becketten literaturak halako bertigo moduko bat. Irri eragilea da maiz, baina irri haren gibelean zer dagoen —ahanztura, heriotza, ezereza, munduaren akabera— jabetu bezain laster deseroso bihurtuko zaizu.

Haren obra ezerezeranzko bide moduan ikus daiteke orobat. Gaztetako obra joycedarretatik (Murphy), non esanahien etengabeko eztanda dagoen, bizitzaren amaieran idatzi zituen prosa labur prekarioetara. Bere biografoen arabera, II. Mundu Gerra ostean agerpen erdi mistiko bat izan zuen Beckettek, eta haren ondotik Joyceren (hari lagundu zion besteak beste Finnegan’s Wake idazten) itzal literario handiarengandik libratzea lortu zuen. Agerpen haren deskribapen antzekoa egin zuen urte batzuk ondoren, Krapp’s Last Tape antzerki lan zoragarrian. 1947tik aurrera, bada, haren obraren bizkarrezur izango diren lanak idatziko ditu: Godoten esperoan eta Fin de partie antzerki lanak, nobela trilogia (Molloy, Malone meurt eta L’Innommable)… Balizko agerpen harekin batera aldatu zuen halaber bere hizkuntza literarioa. Batez ere ingelesez idaztetik nagusiki frantsesez idaztera igaroko da, besteak beste, «estilo gabeko idazkera» bilatzen zuelako, hau da, ekidin nahi zituelako Joyceren literaturako oihartzun eta testuartekotasun demasak.

Ezagunak dira Becketten interpretazioen eta teorizazioen kontrako iritziak, nahiz eta bera Prousten lanaren kritiko aparta izan zen. Ulertu baino ezulertu egin behar du irakurleak Becketten obra nagusietan; alferrik izango du hitz eta esaldi guztien gibeleko esanahiaren bila aritzea. Hamaika izan dira, esaterako, Godot famatuaren izenaren jatorriari buruzko teoriak. Becketti obra haren gainean esan zirenetatik gehien gustatu zitzaiona Godot izeneko morroi batek bidali zion eskutitza izan zen ziur aski: «mila esker hainbeste denboran itxaroteagatik».

Bere konplexutasuna araztasunean datzan literatura dugu Beckettena. Hortik eragiten duen larridura, Film lanean Buster Keatonek antzeztutako pertsonaiak antzezten duena. Eta, irri mutuak lagun, kale itsu batera eraman zaituen errezeloa…

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude