Beltzen bizitzak eta heriotzak

Estibalitz Ezkerra / 2014-12-07 / 815 hitz

Esklabotza indargabetzeak ez zuen amaitu afroamerikarren kontrako indarkeria; horren lekuko da Jim Croweren garaitik hona idatzitako literatura.

Emmett Louis Tillek 14 urte bete berriak zituen modu basatian hil zuten udan. Jatorriz Chicagokoa izanik, Mississippiko Money herrian ari zen oporrak igarotzen, hango senide batzuen etxean. Abuztuko egun batez, Emmett —etxekoek eta lagunek Bobo deitua— 21 urteko Carolyn Bryanti mintzatu zitzaion. Emmett beltza zen; Carolyn, berriz, zuria. Gau batzuk geroago, Carolynen senar Roy, denda txiki baten jabea hura, Emmetten aitonaren anaiaren etxera joan zen gaztearen bila, bere anaiorde J. W. Milamekin batera. Roy arras haserre zegoen Emmett bere emaztearekin ligatzen saiatu zela uste zuelako, eta beltz bati ezin zitzaion halakorik egiten utzi. Ukuilu batera eraman eta gogor jipoitu zuten Emmett —kolpeen ondorioz begi bat begi-zulotik atera zioten—; gero, buruan tiro eman , eta gorpua Tallahatchie ibaira bota, lepoari 32 kiloko haizagailua txarrantxez loturik. Hiru egun geroago aurkitu zuten mutilaren gorpua, eta Chicagora bidali ehortzia izan zedin. Amak, Emmett inoren laguntzarik gabe hazi zuena, hileta-elizkizuna publikoa izatea eta hark iraun bitartean hilkutxa zabalik uztera tematu zen, denek ikus zezaten semearen gorputz mutilatua. Hiletaren ostean, Gwendolyn Brooksek (Topeka, Kansas, AEB, 1917-Chicago, Illinois, 2000) The Last Quatrain of the Ballad of Emmett Till poema idatzi zuen (Emmett Tillen baladaren azken lauko nagusia). «(hilketaren ostean/ehorzketaren ondoren)/ Emmetten ama aurpegi ederreko zera da;/ goxoki mamurtuaren kolorea./ Gela gorri batean eserita dago, / kafe beltza edaten./ Hildako bere umeari muxu ematen dio./ Eta atsekabetuta dago./ Kaosa gris haizetsuetan/ zelai gorri batean zehar».

Esklabotza indargabetuta egonik ere haren espiritua bizirik dirauela argi utzi zuen Emmetten lintxamenduak. Richard Wrightek (Plantation, Mississippi, 1908-Paris, Frantzia, 1960) idatzia zuen horretaz jadanik, bi hamarkada lehenago, Uncle Tom’s Children ipuin bilduman (1930, Osaba Tomen seme-alabak). Ipuinetako batean —Big Boy Leaves Home (Big Boy etxetik doa)—, zuzenean heltzen dio afroamerikar gazteen erailketaren gaiari. Big Boyk eta haren lagun Bobo, Lester eta Buck-ek debekatua duten gune batean igeri egitea erabaki dute egun batean. Hara helduta, arropak erantzi, uretan sartu eta jolasten hasi dira, inguruan zer gertatzen ari den axola izan gabe. Halako batean, emakume zuri bat azalduko da, eta mutikoak biluzik daudela konturatzen denean, nazkaz beterik, Jim delako bati deiadar egingo dio. Mutikoei ezinezkoa zaie ikusiak izan gabe uretatik atera eta arropak janztea, eta zer egin eztabaidatzen ari direla hor azalduko zaie Jim, erriflea eskuan. Begi kliska batean Lester eta Buckekikoak egin du gizon zuriak, baina Big Boy oldartu egingo zaio, eta arma eskuetatik kendurik tiro egingo. Jim ustez hilda dago. Arropak jantzi ostean ihes egin dute Big Boyk eta Bobok. Lehenengoak, etxera iritsi eta berehala, familiakoei gertatutakoaren berri eman die. Jendetza bildu eta mutikoa lintxatua izateko beldur dira denak, eta, ondorioz, kamioneta baten jabe den ezagun bati Big Boy herritik alde egiten laguntzeko eskatzea adostuko dute. Kamionetaren jabea prest egon arte ezkutatuta egon beharko du Big Boyk, etxekoengandik urrun. Babeslekuan dela, inguruan diren gizon zuri batzuei entzungo die elkarri kontatzen Bobo harrapatu eta adar bati lotuta su eman diotela. Bere bila dabiltza orain. Kamioneta bera jasotzera dator handik ordu batzuetara mutikoa, toki seguruago batera eramateko asmoz. Herritik aldendu bitartean lagunen erailketen gainean gogoeta egiten du Big Boyk.

Beltzen kontrako jazarpena, baina, ez da Hegoaldeko fenomenoa bakarrik. Wrightek berak AEBetako hirietan, afroamerikar komunitate handienetako bat duen Chicagon bertan gertatzen den indarkeria sistemikoa aztertzen du Native Son nobelan (1940, Tokiko seme). Kasu horretan, protagonista, Bigger Thomas, neska zuri bat hilez erantzungo dio jaiotzetik bere bizitza eta bizimodua baldintzatu duen sistemari. Nobelak ez du barkamenik eskatzen Biggerren ekintzengatik, haren krimena saihetsezina delako. Protagonistaren abokatuak epaiketa egunean esan bezala, halakoa da bere bezeroaren zein gainerako afroamerikar gazteen patua, eta ezin hari aurre egin, aukerak eta baliabideak falta dituztelako.

Baina hara zein den koska: Bigger Thomas errugabea izan balitz ere, erruduntzat joko zuen epaimahaiak. Beltza eta gaztea izatea krimena delako berez. Ondo baino hobeto daki hori Walkerrek, New Yorkeko polizia saileko agenterik ustelenak. Chester Himesen (Jefferson City, Missouri, AEB, 1909-Moraira, Valentzia, Herrialde Katalanak, 1984) Run Man Run lanean (1960, Korri ezak, gizon, korri ezak) azaltzen denez, neguko gau batez jatetxe batean sartu eta bi langile beltz akabatuko ditu Walkerrek. Haien krimena: bertan egotea agentea heltzean. Gazte beltz bat hilketaren lekuko da, eta Walkerrek zin egingo du ez duela atsedenik hartuko harekikoak egin arte. Gaztea erabat beldurtuta dago, jakin badakielako inork ez diola sinetsiko. Azken batean, polizia zuri baten aurrean beltz baten hitzak ez du deus balio. Eta beltz baten bizia (zein heriotza) kontu hutsala da, 1979 eta 1981 bitartean Atlantan desagertu eta hildako berrogei ume beltzen gainean Toni Cade Bambarak (Harlem, New York, AEB, 1939-Filadelfia, AEB, 1995) Those Bones Are Not My Child lanean azaldu bezala (1999, Hezur horiek ez dira nire haurra).

Emmett hil eta 59 urtera egoerak bere horretan jarraitzen du. Trayvon Martin, Michael Brown, Eric Garner… denak hilak. «Black Lives Matter» (Beltzen bizitzak axola zaizkigu) oihu egiten dute protestalariek Los Angelestik New Yorkera. Ameriketako Estatu Batuetako sistemarentzat, ordea, Lisa Cacho irakasleak esan bezala, gorputz beltzak gorputz kriminalak dira, inoiz ez biktimak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.