Igor Susaeta / 2014-12-03 / 235 hitz
‘Eskaintza ekaitzari’ nobelarekin, genero beltzeko Baztango trilogia itxi du idazleak.
Fernando Reyk eta Mikel Vilchesek euskaratu dute.
Baztango trilogia osatzen duten genero beltz eta mitologikoko hiru eleberriei esker, 300.000 ale baino gehiago saldu ditu Dolores Redondo idazleak (Donostia, 1969) azken urte eta erdian. Mundu osoko 32 argitaletxek erosi dituzte hiru liburuak, eta Erein etxeak euskaraz editatu ditu. Eskaintza ekaitzari dauka izena trilogia ixten duen 600 orrialde pasatxoko aleak, eta tramako pertsonaia nagusiak, Amaia Salazar detektibeak, lotuta zeuzkan hariak nola deslotzen diren ikusiko du, bi hilabeteko haurtxo baten krimena gertatu ondoren. Bigarren alearen moduan —Hezurren ondarea izan zen hura, eta Zaindari ikusezina aurrenekoa, Josu Zabaletak itzulitakoa—, Fernando Reyk eta Mikel Vilchesek euskaratu dute.
Aurreko biek bezala, hiru zutarri dauzka. Batetik, detektibeak garatzen duen ikerketa; bestetik, tokian tokiko mitologiak istorioan daukan pisua; eta, azkenik, protagonista nagusiaren barne mundu nahasi eta gorabeheratsua. Oraingoan, gainera, inoiz baino argiago azaleratzen da, Redondok atzo Donostian jakinarazi zuenez.
Duela hogeita hamar urte gertatutako benetako krimen bat dauka oinarrian nobelak. «Orain 30 urte sekta batek hildako haurtxo bat da aitzakia». Redondok gogoratu zuen prentsan kaleratutako albiste hori ikertzen jarraitu zuela, eta deskubritu zuela Lesakako (Nafarroa) baserri batean gertatu zela, eta hildakoa 14 hilabeteko neskatila bat zela: Ainara. «Kasua zabalik dago oraindik».
Millennium sagaren ekoizleak Zaindari ikusezina-ren eskubide zinematografikoak erosi ditu, eta hurrengo urtean Baztanen bertan filmatuko dute. «Gidoia gainbegiratuko dut». Redondok ez dio berriro Baztani buruz idazteari uko egiten, «gozoki bat baita».