Maddi Ane Txoperena /2014-12-13 / 468 hitz
Kultur, jatorri eta hizkuntz aniztasuna eta euskararen normalizazioa nola uztartu. Horixe izan dute hizpide Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako ‘Euskara aniztasunean’ topaketetan. Herri ugaritako proiektuak partekatu eta aitzina begirako lana gidatuko duen dekalogoa aurkeztu dute.
Euskararen herrira datozenak nola hartu; nola hurbildu euskarara? Nola uztartu hizkuntz aniztasuna eta euskararen normalizazioa? Zer egin Euskal Herrira datozenak euskaraz ikasi eta bizi daitezen, baina aldi berean haien hizkuntz eskubideak ere errespetatzeko? Ez dira erronka makalak botatakoak, baina ezta alde batera uztekoak ere. Euskal Herrian kultura, jatorri eta hizkuntz aniztasuna dagoela errealitatea baita; eta euskara bultzatzerakoan aintzat hartu beharrekoa. Galderon inguruan egin zituen Euskaltzaleen Topaguneak Euskara aniztasunean topaketak, atzo, eta, gaiaz eztabaidatzeaz gain, egun Euskal Herrian dauden zenbait esperientzia partekatu ere ahal izan zituzten Andoaingo Martin Ugalde kultur parkera (Gipuzkoa) bildutako dozenaka lagunek.
Zenbait euskara elkartek hartu zuten hitza goizeko aurkezpenetan, eta herrietan aniztasuna nola kudeatzen duten azaldu zuten: etorri berrien harrera orokorra, harrera linguistikoa, hezkuntza eta sentsibilizazioa lantzeko baliabideak izan zituzten solasgai, bertzeak bertze. Eguerdian, berriz, Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Xabier Aierdik aniztasuna euskararen normalizaziorako aukera gisa aztertu zuten. Aurreiritzi ugariri egin zieten aurre bi hizlariek: Aierdik, konparazio baterako, bi mapa erakutsiz ikusarazi zuen euskara berez gutxien mintzatzen den lekuetan dagoela etorkin gehien, eta azaldu zuen egoeraren isla direla bertara datozenak: «Immigrazioak ez du arazoa sortzen, dagoena areagotu baizik». Hizkuntz aniztasuna nahi ala ez badagoen errealitate bat izanik, euskaldunak horri eustera behartuta daudela erran zuen Urangak: «Aukera gisa ikusten ez badugu, arrisku bihur daiteke». Horretarako, gizarte osoaren parte hartzea eskatu zuen: «Pisua ez da haiengan soilik jarri behar». Ildo beretik, etortzen direnen egoera soziala kontuan hartu behar dela nabarmendu zuen, eta aniztasuna eta aukera berdintasuna bermatzeko tresna egokiak proposatu behar direla ohartarazi.
Auzoko eta Lingolang
Eztabaidaturiko teoria praktikara eramateko tresna batzuk badira jada Euskal Herrian, eta horietako bat da atzo aurkezturiko Auzoko proiektua. Miriam Salsamendi eta Irati Urkiaren arabera, Eskoriatzan eta Arrasaten (Gipuzkoa) oso ona da horri esker lortutako esperientzia. Euskaraz bizi diren auzotarrak eta euskarara hurbildu nahi duten auzokideak elkartu, eta astean behin hainbat jarduera egiten dituzte elkarrekin. Jolasak egiten dituzte, edota eguneroko ekintzak: sukaldean aritzea eta erosketak egitea, adibidez. Herritarren arteko harremanak eta euskara bultzatu nahi dituzte horrela, betiere askotariko ezaugarriko jendea lagun.
Hezkuntzaren alorrean ere badira aniztasuna sustatzeko baliabideak; konparazio baterako, Lingolang plataforma. Itsaso Lekuona Topaguneko kideak azaldu duenez, ikastetxeetako aniztasuna ikusi eta positibo bihurtzea da proiektuaren helburua, eta, aldi berean, tresnak eskaintzea. Horretarako, haurrak filmatzen dituzte eskoletan, bakoitza bere jatorriko hizkuntzako oinarrizko hitz eta esaldiak erraten. Ondotik www.lingolang.net webgunean jartzen dituzte bideoak, bertze ikastetxeek erabili ahal izateko. Unitate didaktikoak ere eskura daude webgunean, lanketa sakonagoa egin nahi dutenentzat.
Auzoko eta Lingolang, ordea, bi adibide bertzerik ez dira, bertze hamaika tresna aurkeztu baitzituzten atzo: hiztegiak, dokumentalak eta tailerrak, bertzeak bertze. Hamaika bitarteko, errealitatea aintzat hartu eta, Lekuonak erran bezala, «ez dadin egon aitzakiarik gaia ez lantzeko»