Gorka Erostarbe / 2014-12-14 / 896 hitz
Gaztelaniaren eta ingelesaren artean kontrakarrean aritu da euskarazko musikagintza, sortu zenez geroztik; euskararen aldeko aukera kontzientea eta etengabekoa izan da, baita musikari eta kantari euskaldunen artean ere.
Akauzazte taldeko kideek euren kantuak edo musika lanak euskaraz egitea aldarrikatzeak harridura sor dezake oraindik ere, kideak euskaldun petoak eta Euskal Herriko herririk euskaldunenetako batekoak izanik —Azkoitikoak (Gipuzkoa)—. Baina hala egin izan dute, eta baita zer pentsatua eman ere irakurleei eta kazetariari berari. 2002ko urtea zen. Akauzaztek X lana plazaratu berria zuen. «Uste dugu baduela balioa diskoa euskaraz egiteak ere. Aldarrikatu nahi dugu kantuak euskaraz egiten ditugula», adierazi zuen Joxe Larrañaga taldeko kideak. Zer dela-eta azpimarratu behar zuten hain naturala dirudien erabaki bat? Akaso, hain natural ez delako, edo orain artean izan ez delako, hain zuzen ere. Hizkuntz komunitate txiki bateko kideak izateak badituelako bere zangotraba eta ajeak, eta musikaren munduan, rock eta poparenean bereziki, indar eta pisu astunegia izan dutelako hizkuntza hegemonikoek, gaztelaniak eta, zer esanik ez, ingelesak.
Horregatik, euskararen aldeko hautaketa linguistikoa ez da izan beti hain naturala, hain haize aldekoa, hain oharkabekoa. Akauzaztekoen herrikide Anarik aurreko asteburuan Durangoko Azokan Bernardo Atxagarekin emandako hitzaldian azaldutakoak laguntzen du ulertzen euskaraz kantatzeak baduela zerikusirik hautu kontziente batekin. Anari Psych Out taldean hasi zen bateria jotzen, eta ingelesez egiten zituzten kantuak, «imitazioz», 90eko hamarkada hasieran. Ruper Ordorikaren Berandu dabiltza kantua entzutea argigarri izan zitzaion euskarak sormen hizkuntza gisa ere funtziona zezakeela ohartzeko. Euskaraz kantatzeko hautua ez da behin bakarrik egiten, Anariren iritzian: «Hautua askotan egiten da. Beti egiten joan behar den gauza bat da».
Hautu etengabe eta kontziente horrek dimentsio desberdina izan dezake egiten den garai historikoaren arabera, edo aurrez egindakoarekin dakarren haustura mailaren arabera, baina beti da hautu, eta ia beti kontziente. Ez dago jakiterik Kortatuk edo BAP!!-ek bere ibilbidea gaztelaniaz egiten jarraitu balute zein esparru beteko zuten Euskal Herriko musikaren historian, zein jenderengana iritsiko ziren indar handiagoz, zein sentsibilitaterekin bat egingo zuten eta zeinekin ez, zer eta nola esango zuten. Irungo taldeak gaztelaniaz egin zuen aurkezpena, Cicatriz, Jotakie eta Kontuz Hi-rekin, baina Kortatu estreinako lan luzearekin batera (1985) euskarazko lehen bi kantuak plazaratu zituen: Zu atrapatu arte eta Sarri sarri. Geroztik ugalduz joan zen euren euskarazko produkzioa, euskal rockaren mugarri bilakatuz, eta zetorkeenaren aitzindari (Negu Gorriak).
Euskal Rock Erradikala mugimenduaren (RRV) garaian gaztelania zen nagusi, gizartearen isla argi modura, euskaldun zirenetako asko ere gaztelaniaz bizi baitziren kalean. Hertzainak, Zarama eta Jotakie ziren salbuespen urriak, akaso mugimendu/fenomeno hartako talderik poperoenak. Alde horretatik, Kortaturen erabaki eta hautuak bazuen ausardiarik, eta bazekarren ezarria zegoena puskatzea ere, gainerako ia guztia gaztelaniazkoa baitzen (Cicatriz, Eskorbuto, RIP, Vomito, La Polla Records, Barricada, Las Vulpes…). Jotakiek plazaraturiko lehen kantua ere, La Pop, gaztelaniazkoa izan zen (1982), baina hortik aurrerako ibilbidea euskaraz egin zuten 1990ean desagertu artean. RRVren sare edo zirkuituan ez zeudenek, hala nola Itoizek, Ruper Ordorikak eta M-ak-ek, hasieratik hartu zuten euskaraz kantatzeko erabakia. Musikazaleen solasaldietan sarri esan izan da Itoizek ingelesez kantatu izan balu nazioarteko sona izango zuela, baina euskarari leial Juan Carlos Perez eta enparauak. Berriki jaso du Bilboko Udalaren aitorpena Itoizek, euskararen alde egindako lanagatik. Itoiz eta euskara beti elkarrekin lotuak joan zirela oroitu zuen Perezek saria jasotzean: «Zerbait moderno egin nahi genuen, baina euskaraz».
Ingelesaren agertzea
RRVren gainbeherarekin batera, aldatu egin zen Euskal Herriko musika taldeen errealitatea, edo zabaldu, nahi bada. Gero eta gehiago ziren euskaraz hitzak idazteko eta kantatzeko gai ziren kantari eta taldeak, baina jada konpetentzia ez zetorkion horrenbeste euskarazko sorkuntzari gaztelaniatik (baita handik ere), baizik eta ingelesetik. Erreferentzia anglosaxoiak ugalduak ziren, batez ere musika alternatiboaren munduan. Gaztelaniaz bizi zirenek ere ingelesa hautatzen zuten; rockaren, garagearen, glamaren eta indiearen esparrutan aritzen zirenek, esaterako (Los Bichos, Cancer Moon, El Inquilino Comunista, Why Not, The Hot Dogs…), eta joera hori areagotu egin zen 2000ko hamarkadatik aurrera indie musikak Espainian izandako fenomenoa Euskal Herrira geroxeago iritsi balitz bezala (Atom Rhumba, McEnroe, Mermaid, Smile, Ainara Legardon, Manett…).
Ama Sayk irizpide artistiko berritzaile bezain duinez uztartu zituen euskara eta ingelesa bere kantuetan 90eko hamarkada hasieran. Egun Belako taldeak, gaur egun indiearen parametroetara (estilo, zirkuitu…) hobekien lotzen den Euskal Herriko taldeak, euskarazko kantuak eta ingelesezkoak ditu bere errepertorioan. Dezentez gehiago dira ingelesezkoak, eta erronka polita izango da ikustea gero eta handiagoa duten nazioarteko ospearekin euskarazko kantuak egiten jarraituko duten ala ez.
Inguruko herrialdeetako batzuetan, 90etako suhar anglofiloaren ostean itzulera moduko bat gertatu da: nork bere eguneroko hizkuntzan kantatzeko joera berreskuratzen hasi dira. Gertatu da Espainian, Katalunian, Galizian…; Manta Rayn ingelesez aritu ostean, bere bakarkako ibilbiderako espainiera hautatu zuen Nacho Vegas asturiarrak —asturieraz ere aritu da gerora Diariu eta Lucas XV proiektuetan—; Bartzelonako Sidonie hirukoak ingelesetik espainierarako bidea hartu zuen, Love of Lesbian eta Standstillek bezala. Deluxe galegoak (Xoel Lopez) ingelesez plazaratu zituen lehen hiru diskoak 2000koen hasieran; gaztelaniaz kantatzen hasi zen gero, eta galizierazkoak ere egiten ditu orain. Raul Fernandezek ere (Refree) ingelesetik gaztelania eta katalanerako bidea egin du. Mishimak lehen bi lanak ingelesez egin zituen, baina katalanez egin ditu orduz geroztikakoak. Ibilbide guztia katalanez egin zuen Antonia Font Mallorcako taldeak, indie musika egiteko ingelesez abestea ia ezinbestekoa zela zirudienean. Iaz esan zuten amaitu zela taldearen ibilbidea, pop moderno eta underground girokoa katalanez ederki asko egin zitekeela urteetan erakutsi ondoren. BERRIAri emandako elkarrizketan, honela mintzo zen taldeko kantari Pau Debon: «Beti pentsatu izan dugu popa katalanez edo beste edozein hizkuntzatan egin litekeela. Jendea ez da leloa, eta badaki esfortzu txiki bat egin beharko duela ulertzen ez dituen hitz batzuk ulertu nahi baditu. Katalanarekin, euskararekin edo ingelesarekin berdin. Hori da interesatzen zaigun jendea»