Juan Luis Zabala / 2014-12-16 / 274 hitz
Balendin Enbeita, Basilio Pujana, Faustino Etxebarria, Juan Ormaetxe Taket, Pedro Kastrejana eta beste hainbatekin batera, 36ko gerraren osteko garai zailetan Bizkaian bertsolaritzari bizirik eutsi ziotenetako bat izan zen Jose Agustin Alberdi Txo bertsolaria, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista izatera iritsi zen bi bider. Herenegun hil zen, eta gaur egingo dituzte haren aldeko hileta elizkizunak, 19:00etan, Iurretan.
Iurretako Ertzilurruti baserrian jaio zen Jose Agustin Alberdi Astarloa Txo, 1922ko abuztuaren 2an. San Jose egunez egin zuen aurreneko plaza bertsolari gisa, 36ko gerraren osteko zehaztu gabeko urte batean. Eibarren txapelketa bat jokatzen zela eta, Felix Bikandirekin joan zen, parte hartzera. Gai- jartzaileak Basarri eta Uztapide ziren, eta txapela Joxe Lizasok irabazi zuen.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketan zazpi bider hartu zuen parte Txok, eta aurreneko bi parte hartzeetan, 1958an eta 1959an, finalista izatera iritsi zen. Balendin Enbeita izan zen txapelduna 1958an, Juan Ormaetxe Taket, Asentsio Bidaurrazaga, Eusebio Zubiaga, Pedro Kastrejana eta Florentzio Zarraga gaindituta, Jose Agustin Alberdi Txo-z gain. Bigarren aldian ere, 1959an, finalista izan zen Txo, aurretik Urkiolan jokatutako kanporaketan nagusitu ostean, eta final hartan ere Balendin Enbeita izan zen garailea, 1958koan bezala. Ondoren, 1960, 1961, 1962, 1964 eta 1964ko txapelketetan ere parte hartu zuen Txok. Juan Mugartegi, Jon Azpillaga eta Jon Lopategi izan ziren Bizkaiko txapeldunak urte horietan.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako saioez gain, bestelakoetan ere aritu zen urte haietan. Adibidez, Inazio Eizmendi Basarri-rekin bi bider kantatu zuen, Iurretako plazan, 1949an eta 1951n. Horrez gain, lagunarte giroko bertsolari estimatua zen.
Basilio Pujanarekin batera, Txo ere omendu zuten Bertsolari Egunean 1990ean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako ekitaldian. Txok bere bizitzari buruz emandako askotariko zertzelada ugari irakur daitezke omenaldi haren aurretik argitaratu zen liburuan: Bertsolari Eguna 1990 (Bertsozale Elkartea, 1989).
Nik bertsolari hau ez nuen ezagutzen. bertsolaritzarekin hasi nintzenetik,lehendik, Patxi Iraola eta Zeberio 1 gustatu zaizkit. Patxi Iraolarekin ez dut koinziditu baina Zeberio 1 ekin bai. Nik asko miresten dut Zeberio 1, idolotzat dut eta Imanol Lazkano ere asko miresten dut, Lazkanoren euskalkia eta hizkuntza paregabeak dira.