Paisaia iheskorra

Ibon Aranberri / 2014-12-07 / 661 hitz

Ehunka kometaren ezaugarriak aztertu ondoren, bat aukeratu zuen ahalegin berrirako Europar Espazio Agentziak, behinola 67P/Churyumov-Gerasimenko izenez bataiatua, lehenengoz ikuskatu zuten astronomoen omenez. Asteak eman zituen Rosetta espaziontziak bueltaka, lur hartzeko azalera egokiaren bila. Bertan instalatu zenetik etengabe ari da irudi berriak igortzen Philae robota. Kometen misterioak argitzea ei du xede misioak, antzinako materialen osagaiek eguzki sistemaren jaiotze zantzuak eduki omen ditzaketela eta.

Txunditzeko modukoa da gertuko bista. Paisaia dramatikoa deskribatzen du aurreneko irudi sortak, lurraren antzekoa bere horretan, amildegi eta hobiz betea, harkaitz eta krater. Malapartatua argazki lanetarako. Argi-itzalak, sakonera eta tontorrak, figura eta hondoa, geometria konplexua, eremu zailak zapuztu egin ditu saio automatikoak. Horrela, erabat manuala bilakatu da kometaren argazki erreportajea. Eskuz maneiatu behar da robota; paisaiak ihes egiten die aurrez kalkulatutako algoritmoei.

Interesgarria litzateke algoritmo bidez atzemangarriak diren paisaia moten sailkapen bat egitea. Hartara, frogatuko genuke zenbateraino diren interpretazio orografikoak konputagailu programatzaileen sinplifikazio estetikoen ondorio, itzulpen subjektibo. Adibidez, zer esan nahi du lurrak kometaren gorputzean? Hain alien eta arrotza den eiteari gure planetatik jasotako metafora ezartzen diogu halabeharrez. Beste eredurik ezean, harritzar baten formalismoa erabilgarri zaigu kozkorraren nolakoa imajinatzeko, informazio eta ulermenean aurrera egiteko. Misioa abiatzerakoan ikertzaileek patata itxurakotzat zuten kometa. Alabaina, egitura konplexuagoa agertu zuen, hortik gomazko-ahate gisa izendatua, egitura lepodun biformea aitzakia.

Zuri-beltzezkoak izan dira orain arte bistaratu dizkiguten 67Pren ikuspegiak; ikatz tontor baten antza dute; izan ere, zientzialariek errezeloz gorde dituzte kolorezko bertsioak, aurkikuntzak argitaratzen joan diren bitartean. Informala da zuri-beltza, antza, balio periodistikoa du oraindik; kolorezkoak gordetzen du, ordea, egia; behin mamia xedatzean heda daitezke, baina ez lehenago. Tantaka iritsiko zaigu, hortaz, kolorezko errealismoa, gero eta kalitate biziagoz. Neurtutako astiak sakon arakatzeko aukera eskainiko die zientzialariei, eta bitartean egonezinari eutsi beharko diote irrikaz zientziaren fanatikoek.

Antzeko albuma darabilkigu aditu zein herritarrok; teknologiaren kodea popularra eta irisgarria da dagoeneko, denborazkoa da diferentzia. Uneko baliagarritasunaren arabera joan ohi dira artxiboak desklasifikatzen. Atzerapen hori gero eta laburragoa da, balio zientifikoa eta mediatikoa nahasten ditugun heinean. Halako gertakizun esanguratsuaren errepresentazioak kontsumo azkarra eskatzen du, eta zientziaren bedeinkazioa behar du aurretik, aurkikuntza berria balio erantsiz gizarteratzeko, zientzia fikzio normalizatua. Dibulgazioa da merkatua.

Ilusio optiko soila baino gehiago da irudia. Beharrezko du metafora edo parekotasun oinarria zentzua eraikitzeko, forma eta hizkuntza bateratzeko. 67P kometaz ari garela, distantziazko bistaren objetualitatea paisaia bilakatuko da behin kamerak lur hartutakoan. Hemen bestelako analogiak baliatuko dira, kometaren jelazko gorputzetik abiatuta; hortik datoz izotzezko basamortua edota glaziar paisaia. Gertatzen da nekeza dela teknikoki eta kognitiboki lurrean bertan ere glaziar paisaia eta bere eremua definitzea. Etxetik urruneko parajeak, tenperatura aldaketez doituak; argazki kameraren zuri eskala erretzerainoko argia; pertzepzioak ingura ezineko siluetak; irudipen ala benetako bereizi ezineko forma konplikatuak, eratu gabeko postala. Poloetan haizeak zizelkatutako izotz konkorrak hurbilago daude Salvador Daliren tankerako artelanetik; espiritu surrealista edota forma modernistak dakarzkigute gogora. Zorrotza da izotzezko paisaia; ez dator bat zirriborrozko aurreikuspenarekin. Artefaktu kulturalekin behar dugu konparatu, gure pertzepzioaren mugak gaindituz. Eskultura, arkitektura edo zinema bezalako dispositiboak, naturaren baino imajinazioaren ondorio.

Zerk garamatza, baina, 67P kometaren paisaia fisikoa, halako fenomeno iragankorra, urruneko distantzian, zeruan zehar behatzera? Irudi lausoa garden jartzen digu teknologiak; zeharkako filtroen bitartez potsprodukzioak emango dio errealismoa. Ba ote eite arrotzaren deskribapen jatorrik? Laborategiko erreportaje edota kontakizun subjektiboa, ez dago jakiterik zein den sinesgarriena. Bestela esanda, txosten zientifikoa bezain egokia ote den begirada poetikoa halako aldartean. Horrelakoak nahikoa ez balira eta deskribapen klasikotik harago berrikuntzara jo beharko bagenu, genero propioa genuke halako topaketa espazialaren ondorio.

Berez da aldakorra naturaren errepresentazioa, pintore erromantikoetatik hasita enpirismo ilustratura, eta orain Rosettaren irudikapen tektonikoak, zuzenki lerroka genezake gorabeherazko bilakaera. Gizakia gai denean tramankulu optiko automatikoa kometa izoztu iragankorrean kokatu eta bueltan paisajismo enigmatikoa transmititzeko, nola eguneratzen da irudi-errepresentazio tradizioa?

Sortzaileok geure autofikzioaren tramak tolestuz okupatuta gabiltzan bitartean makinak eta robotak enkargatzen dira irudi berriak sortzeaz, algoritmozko paisaia berriak irudikatzen. Laranja kolorezko aintzira eta amildegi sakonak urruneko planetan, kasurako. Edonola ere, oraindik paisaia ez den paisaiari egiten diogu so 67P kometaren trikimailuz. Antzinatik datorren eraketaren adierazgarri izan daiteke bere horretan, edota osoki gaur egungoa, morfologia etengabe eraldatzen zaion heinean. Izendatzeke dagoen tipologia berri bat, agian.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.