Peña del Mororen edertasuna

Asier Aranzabal / 2014-12-09 / 575 hitz

Ubal mendilerroaren iparraldean kare haitzezko mendi tontor malkartsuak gailentzen dira. ‘Peña del Moro’ izenekoa da haien artean ikusgarriena.

Bizkaiaren eta Euskal Herriaren mendebalde muturrean dagoen Ubal mendilerroa ezezaguna da Euskal Herriko biztanle askorentzat. Karrantza eta Ason (Kantabria) ibaien artean mugatua, mendilerro txikia da: hegoaldean, nekazaritzarako belardien mendiguneak erliebe leuna erakusten du, baina, iparraldean, kare haitzezko mendi tontor malkartsuak gailentzen dira, Bizkai eta Kantabriako muga lerroan. Peña del Moro da ikusgarriena (818 metro).

Ibilaldiaren abiapuntua Euskal Herriaren mendebaldeko muturrean dagoen Lanestosa herria da; Kantabriako muga metro batzuetara baino ez dago. Probintziako herririk txikienetakoa ere bada, 1,2 kilometro karratuko hedadura baino ez baitu. Haran estuan kokaturik, Kalera ibaiak herriaren erdigunetik zeharkatzen du. Antzinako herria ere bada. 1287ko ekainaren 6an Bizkaiko lehenengoetariko hiribildu titulua jaso zuen. Bizkaiko jaunaren asmoa zen Gaztelatik itsasorako merkataritzako bidean herria sortu eta sendotzea. Erdi Aroko hirigunea garai batean zen modukoa mantentzea lortu du gaur egungo Lanestosak. Bost kale baino ez ditu, denak estuak eta harrizkoak. Kaleotan, XVII. eta XVIII. mendeko hainbat jauregi eta eraikin daude.

Lanestosako erdigunean hasi, eta lehen pausoak Kalera ibairantz eman behar dira. Zubia zeharkatu, eta BI-3622 errepidean metro batzuk baino ez dira ibili behar Karrantzarantz, Kobenkobarako kartela aurkitu aurretik. Ezkerreko bideari jarraikiz, zementuzko bidezidorra harrizko eskailera bihurtzen da, Juduen Kobaren lautadatxoraino igo ahal izateko. Koba hori meategia izan zen erromatarren garaitik XX. mendera arte, eta, haren barruan, Kobenkoba izeneko Paleolitoko labar artearen Europako lehenengo interpretazio zentroa ikuskatu daiteke. Ehun edo berrehun metro gorago, bidegurutzean, ezkerrerantz egingo behar da, bide berari jarraikiz. Bide horrek beherantz egiten du sarritan, eta igotako metro asko jaitsi behar dira. Ez urduritu. Pago basoan sartu eta berehala, bidegurutzean, kairn batek eskuinerantz bideratzen du mendizalea, aldapan gora. Mendian sufritzea gustuko dutenek hortxe gozatuko dute, pago basoaren barreneko aldapa pikoan gora. Zuriz margotutako geziak dira gidari bidegurutzeetan. Dezente igo ondoren, ikusmen panoramikoak sekulako gozaldia dakarkio ibiltariari, Kantabria aldera zabaltzen den bailara eta kare haitz paisaiari so, eta baita izua ere, Mororen amilburuak gainean dituelako. Haietara jo behar da, kare haitzeko korridore zorabiagarrian sartzeko. Baina lasai: egurrezko barandari esker, arriskurik ez dago. Azkenik, kanal estu bateko eskaileretatik goi lautadara heltzen da: zinka eta beruna ustiatzeko Coto Txomin meatze gunera.

Moro bizkarrean izanik jarraitu behar da, baina berehala bide zabala utzi eta ezkerrera (ekialdera) egin behar da muinoan gora, Sustapen Ministerioaren estazio sismikoraino. Antzinako meatze bidea hasten da han, ingurune karstiko horretako harriekin eraikia. Moro gailurraren oinetaraino. Bizkaiko biraren GR-123arekin bat egiten duenez, marka zuri eta gorriek bihurguneak adierazten dituzte. Maldan gora bihurka doa. Kartel batek bidea noiz utzi adierazten du. Azken malda gainditzea baino ez da geratzen, belartsua baina aski aldapatsua, Mororen (818 metro) bi gailurren arteko leporaino. Ezkerraldekoa omen da benetakoa. Bizkai eta Kantabria arteko muga lerroan, ikuspegia egundokoa da: Rozas eta Hornijo mendikateak, Ordunte, Castro Valnera eta Santoña.

Meatze bidean atzera egin behar da goi lautada gainditu den lekurantz. Bada beste aukera bat: meatze bidearen ezkerrera (ekialdera) dagoen sakonunearen ekialdetik jaistea, baserri baten belardiraino. Jarraian, hego-mendebalderantz joan behar da aurretik aipatutako pistaraino heltzeko. Gero hego-ekialderantz egin behar da, eta pista hori porlanezko bihurtuko da laster. Beherago, eukalipto batzuen ondoan, porlanezko bidea utzi eta ezkerrera agertzen den belarrezko senda hartu behar da. Erlauntza kaxa batzuen ondotik pasatu ondoren, eukalipto basoa pinu basora aldatzen den lekuan, ezkerretik azaltzen den pistara okertu behar da, ekialderantz alegia. Hurrengo bidegurutzean porlanezko pista utzi eta eskuinera okertu behar da, gaztainondo arteko xendan barrena. Xenda hori edateko uren araztegiraino heltzen da. Ondotik pasatu eta bost bat minutura, Lanestosan bukatzen da mendebaldeko ibilaldi hau.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.