Pozoien bidetik, sendabide bila

Arkaitz Almortza Muro / 2014-11-30 / 575 hitz

Hainbat animaliaren pozoiek nerbio sistema zentralera iristeko ahalmena dute, garuneko hesi hematoentzefalikoa zeharkatuz. Burmuinean jatorria duten gaitzak tratatzen lagun dezakete.

Sorginen edabeak dirudite. Erleen eta armiarmen pozoiak erabiltzen dituzte nerbio sistema zentralera iristeko. Nahiko bitxia dirudi, baina naturak ezkutatzen dituen milaka sekretuetako bat baino ez da. Nerbio sistemarekin lotura duten hainbat gaixotasuni aurre egiteko burmuineraino heldu behar da, eta sendagaien %98k ez dute hori lortzen; izan ere, ezin dute zeharkatu hesi hematoentzefalikoa —garuna babesteko eginkizuna du—. Aldiz, zenbait animaliaren pozoietako peptidoek —proteina txikiak dira— aukera hori ematen dute, eta, horiek horrela, sendagaia zuzenean nerbio sistemara eramateko aukera berma dezakete. Era horretan, alzheimerra, parkinsona edota eskizofreniaren antzeko gaixotasunen kontrako borrokan pauso bat emanen litzatekeela pentsatzen dute hainbat zientzialarik.

Adituen arabera, pertsonen %20-25ek beren bizitzan nerbio sisteman tratatu beharreko gaixotasunen bat izanen dute. Egoera ez da batere samurra, gaur egun ez baitago modurik horrelakoei taxuz aurre egiteko. Hori dela eta, Bartzelonako Institut de Recerca Biomedica ikerketa zentroko lantalde batek hamar urte daramatza buru-belarri garuneko atea zabalduko duten giltzen bila. Meritxell Teixido doktorea Peptidoen eta Proteinen Diseinu, Egitura eta Sintesi alorreko lantaldeko kidea da, eta beren xedea zein den azaldu du: «Gure helburua da hesi hematoentzefalikoa zeharkatuko duten eroaleak sortzea. Horrela, aldi berean, burmuineraino eraman nahi ditugun nanopartikula, antigorputz terapeutiko edo proteinak garraiatuko lituzkete; hots, autoa izanen lirateke, eta atoia, berriz, burmuinera eraman nahi dugun hori».

Horretarako, eroale egokien bila ari dira. Laborategian hainbat ikerketa lerro dituzte martxan, eta horietako bat pozoietan oinarritzen da. Teixidok esplikatu duenez, ikerketari esker jakin dute pozoietako peptidoen egituraren zati bat toxikoa dela, eta bestea garraioaz arduratzen dela; beraz, azken zati hori erabili nahi dute beren lanarekin aurrera egiteko. Une honetan, nerbio sisteman eragin eta hesia hautsi gabe zeharkatzeko gai direnekin ari dira lanean; erleen pozoiarekin, besteak beste. «Ez dugu nahi toxikoak izatea; beraz, gure lana da, erleen pozoiaren egituran oinarrituz, hesia gurutzatuko duen peptido sintetikoa diseinatzea, toxikoa ez dena, hain zuzen ere», azaldu du Teixidok.

Eroale unibertsala

Hasieran, edozein gauza gurutzatzeko gai den eroale unibertsala diseinatzearen aldeko hautua egin zuten ikertzaileek. Denboraren joan-etorriarekin, ordea, jabetu dira zaila dela antigorputzak nerbio sistemaraino eramatea. Horregatik, garunera garraiatu nahi denaren araberako eroaleak diseinatu dituzte orain. Horietako bat, adibidez, garuna babesten duen hesia transferrina hartzailetik gurutzatzeko gai da. Proteina hori, hain zuzen ere, hesi horretan dago, eta burmuinak burdina behar duenean bertatik igarotzen da odolera. «Gure eroalea hartzailetik igarotzeko gai da, eta berarekin batera atoia — antigorputza, esaterako— eramaten du», esplikatu du Teixidok, eginiko aurrera urratsen berri emateko gogoz.

Izan ere, lan luze baten ostean, hitzetatik ekintzetara egiteko ordua heldu zaie zientzialariei. Bartzelonan, esaterako, Vall d’Hebron erietxeko Onkologia Institutuarekin elkarlanean ari dira, Joan Seoan adituarekin batera. Glioblastoma ikertzen dihardute —garuneko tumore baten antzekoa da— , eta esan dietenaren arabera, gaixotasunei aurre egiteko behar dena da antigorputza burmuinera eramatea. Haatik, hesi hematoentzefalikoa gurutzatzeko zailtasunak dituztenez, eroaleak antigorputzekin atontzen dituzte, helmugaraino heltzeko. Ikerketa hori Kataluniako Generalitatenaren Prava’t proiektuaren barrukoa da.

Martxan duten beste ikerketetako batek ataxia friedich deituriko eritasuna ikertzen du. Gaitza duten haurrek frataxiaren —proteina mota bat— gabezia dute gorputz osoan; haatik, beren ikerketaren xedea da garunera iristea, gaixotasunak neuronen endekapena sortzen baitu. Horiek horrela, ikerketaren jomuga da jaurtigailuak frataxinarekin atontzea, helmugara ongi iristeko. Ikerketa Madrilgo Biologia Molekularreko Guneko Javier Diaz Nido adituarekin ari dira egiten.

Nerbio sistema zentralera iristea erronka da zientzialarientzat. Bartzelonako laborategiaz gain, kanadiar jatorria duen Angiochem enpresak ere peptido eroaleekin lanean dihardu, baina Kataluniakoekin alderatuta, odolean denbora gutxiago irauten dute horiek. Guztia ongi ateratzen bada, Teixidoren lantaldearen ikerketek ondorio positiboak ekarriko ditu medikuntzara

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.