Gorka Lopez / 2015-01-20 / 368 hitz
Ibilbide zelaia da, eta ingurumariaren ikuspegi ederra eskainiko digu, hala nola Okabeko mendiak, Iraututurru eta Mendibeltz, eta Errobiko arroaren inguruan pilatutako haranak.
Iratiko Etxolako aparkalekutik abiaturik, errepidea gurutzatu, eta hurbileko borda batzuetarantz doan asfaltozko bidetik joko dugu; zutoin batean aurkituko dugun idazkunak seinalatzen du Surzai alderantz. Bordak inguratu, atzeko alderaino, eta handik aurrera doan bidexkari lotuko gatzaizkio. Bidexka horretatik, ibaiaren ezkerreko bazterretik ibiliko gara, ur emariaren kontrako alderantz.
Surzaiko sakana zeharkatuko dugu, eta ibaiak ureztaturiko pagadi zoragarri batean barneratuko gara; han, bitan banatuko da bidexka, eta eskuinaldetik joko dugu, uraren bidetik urrunduz eta gidari ditugun baliza horiei jarraikiz. Behin basotik kanpo, bizkar-hegal bat zeharkatuko dugu, harik eta Surzai errekaren goreneraino iritsi arte; handik begiztatzen dira izen bereko mendi lepoa eta etxola. Aurrera segituz gero, bidezidor batekin topo egingo dugu; ez diogu jaramonik egingo balizek erakutsitako noranzkoari, eta gorantz jiratuko dugu, eta Beirako belardirantz igoko gara, zeina Saroberri gailurraren azpian baitago.
Goranzko ibili horretan, behin biderik gabe geratzen garelarik, gorantz egingo dugu, beste bidexka bateraino; handik ezkerrerantz segika, zohikaztegi bat igaroko dugu. Hurrena, erreka baten ubidea zeharkatu eta eskuinerantz joko dugu, gorantz, Surzaitik datorren eta Burdinkurutzetako mendi leporantz doan bidearekin bat egiteraino.
Hala, Saroberriko ezkerreko aldearen ertzetik joko dugu, gailurraren gain-gaineraino iritsi beharrean; beste ahalegintxo bat eginez gero, ordea, eskuinaldeko mazelatik igo liteke hara. Saroberri azpiko terraza batera iritsiko gara, ur depositu eta guztizko batera, eta haren hurrengo dagoen igarobide harkaiztsua zeharkatuko dugu, eta ezkerralderantz jiratuko; ez dugu zertan jaitsi Burdinkurutzetaraino, Peredikahegiko hegirantz joango baikara.
Garaiera handieneko bidezidorretik joko dugu, gehien nabarmentzen diren tontor harkaiztsu biren artetik, eta ezkerrerantz jiratuko, mendi tontor berdeetan behera ekiteko; ibilbide gorabeheratsua da, desberdina, goragune harkaiztsuz zipriztindurikoa, eta, handik behealdera begiraturik, Gasnategi sakanaren ikuspegi ederra izango dugu.
Iparraldeko magalean lasai gabiltzala, pagadi baten ondotik igaroko gara, eta, bidexka zabal batetiko belardian barrena, eremu bateraino jaitsiko; gero, eraikin baten geldikinen albotik pasatu, eta eskuinaldetik jaitsiko gara errepidera. Hura gurutzatu, eta pistatik segituko dugu Xalbador ermita ederreraino; ezkerrean, borda bat ikusiko dugu, bere artegi eta guzti, eta eskuinaldeko erlaitzetik igoko gara muino txiki batera; noranahi begiratuta, ikusmira erakargarria izango dugu aurrez aurre. Ibilbide beretik itzuliko gara gero, jakinik Peredikahegiko hegi latzean gora egin beharko dugula atzera, zeinak joanekoan baino desnibel handiagoa baitu Xalbador aldetik ekinez gero.