Gatazka anitz, iraultza bakarra

Iraitz Urkulo / 2015-01-18 / 373 hitz

  • Izenburua: Black is beltza
  • Gidoia: Fermin Muguruza eta Harkaitz Cano
  • Marrazkiak: Dr. Alderete
  • Argitaletxeak: Bang-Talka

Iruñeko sanferminetako erraldoien konpartsak New Yorken desfilea egingo du, 1965ean. Baina, arraza-bereizkeria dela eta, erraldoi beltzek ezingo dute parte hartu. Haietako bat dantzatzeko ardura duen Manex Unanue protagonistaren eskutik, 1965 eta 1967 bitarteko giro kultural, sozial eta politikoan murgilduko gara, alor horietako hainbat pertsonaia garrantzitsurekin hasiko duen harremanaren lekuko bihurtuta, garai hartako gertaera nabarmenenetan zeharreko bidaia eginez: New York, Mexiko, Kuba, Kalifornia, Aljeria…

Maitasuna, iraultza, musika, sexua, indarkeria, drogak eta espioitza nahasten diren komiki honetan, Manexek Black Pantherrek eta Kubako zerbitzu sekretuek harilkatutako trama arriskutsu batean korapilatuta ikusiko du bere burua. Argumentuak erritmo bizian egiten du aurrera, fikzioak hartzen duen hiru urte eskaseko epean irakurleok eta protagonista bera leku eta egoera batetik bestera eramanez. Osagai edo ekintzarik ez zaio falta istorioari, eta, nahiz eta ziurrenik protagonista euskaldunaren inguruko zenbait gertaeraren sinesgarritasuna zalantzazkotzat jo litekeen, oro har emaitzak barne-koherentziari eusten dio.

Istorioa 60ko hamarkadarekin lotzen duten erreferentziez josita dago, denetan aipagarrienak musika arlokoak izanik. Halere, komiki honek badu ageriko arrisku bat: irakurleok, erreferentzia-uholdea modu egokian bideratu ezean, egileek jakintzat ematen duten testuinguruari buruzko informazioa galtzekoa, alegia. Generoak, gauza ezaguna denez, ez du azalpenetarako tarterik eskaintzen. Aitzitik, informazio hori kudeatzen asmatuz gero, agian gogoeta sakonik ez dugu topatuko; bai, ordea, istorio entretenigarri batez gozatzeko aukera aparta.

Azkenik, alderdi grafikoaz bi hitz. Dr. Aldereteren lanean, ezin bestela izan, beltza da nagusi, baina beste kolore batzuekiko konbinazioari uko egin gabe. Izan ere, narrazioan zehar, herrialde eta garaia aldatzearekin batera, beltzarekin konbinatzen den kolorea ere aldatuz doa: urdina, gorria, laranja, berdea… Ia bineta bakoitzean topa ditzakegun itzal-jokoek thriller-ari dagokion giro iluna areagotzen laguntzen dute. Era berean, estilo nabarmenki errealistaren barnean, pertsonaien espresio larriak, sarri kezkatuak, garrantzi berezia bereganatzen du.

Black is beltza-ren euskarazko edizioa benetako harribitxia da: azal gogorra, formatu handia, orrialde lodiak, diseinu dotorea, kolorearen erabilera… komiki generoaren zale porrokatu eta zorrotzenak ere asetzeko modukoa. Lastima kontrazalean eta barruko testuetan agertzen diren akats gramatikalak zuzentzeko kontua hartu ez izana. Hala eta guztiz ere, euskaraz halako ekoizpenen eskaintza hain urriak izanik, akatsei ez ikusiarena egin eta, iraganaren nostalgia eta aldarrikapen-oihartzunen artean, beren eskubideak zapalduak izan ez daitezen borrokatu ziren eta oraindik ere borrokan ari diren munduko herritarron elkartasun-adierazpen hau ukitu-usaindu-ikusi-irakurtzea merezi duelakoan nago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.