Mikel Arrizabalaga / 2015-02-03 / 422 hitz
Mendeetan gizakiek utzitako aztarnek eta naturak zizelkatutako ondareak estuki elkar besarkatzen dute Aiako Harriaren inguru hauetan.
Aiako Harriaren inguruan ugari dira gizakiak historian zehar utzitako aztarnak, eta ibilaldi honetan horietako batzuk ezagutzeko aukera izango dugu. Orain sei urte ireki zuten Arditurriko interpretazio zentroa abiapuntu gisa hartuta eta errekaren bideari segituz, Aiako Harriko magaletara igoko gara. Mendeetan gizakiek utzitako aztarnek eta naturak zizelkatutako ondareak estuki elkar besarkatzen duten inguru hauetan meatzeen aztarnak eta trenbide zaharraren berri izango dugu.
Arditurriko interpretazio zentrotik gertu dagoen aparkalekuan ibilgailua utzi, eta, bide zabala jarraituz, garai batean meatze laborategiaren eraikin zaharra izan zenaren ondora helduko gara. Eraikin hori birgaitu egin zuten, eta Aiako Harria Parke naturaleko ondarearen, kulturaren eta naturaren aberastasuna modu didaktikoan ezagutarazten dute informazio euskarri modernoen bitartez. Egun, oraindik hainbat garaitako arrastoak ikus daitezke inguruan, hala nola meatze sarrerak, eraikin zaharrak, plano inklinatuak, esterilen zabortegiak, harrobiak, Pasaiako portura minerala eramateko eraiki zen trenbide zaharraren bidea… Lurpean, berriz, kilometro askotako galeria sare handia.
Erromatarrak izan ziren lehenak Aiako Harriko erraiak zulatu eta ustiatzen. Granitozko hiru tontorretatik gertu, Arditurriko meatzeak zulatu eta fruiturik onenak (burdina, zinka, beruna eta kobrea) atera zuten. Hurrengo mendeetan, inguru horietan ustiapen askotarikoak izan ziren, baina, egun, jarduera horien arrasto batzuk geratu dira soilik.
PR-GI 1009 ibilbidearen seinale zuri eta horiei jarraituz, Arditurriko gune nagusia atzean utziko dugu, eta, errekaren ondora heltzean, hori gurutzatu, eta gure aurrean ikusiko dugun plano inklinatu batean ikusgaitz diren meazuloak bilatuko ditugu, eta meazulo horietatik garai batean ateratako hondakin pilatuetan marrazten den xendari jarraituko diogu. Iparraldetik hegoaldera hedatzen diren eta elkarrekin komunikatzen diren zulo handi batzuk ikusiko ditugu, ikusgarriak bezain arriskutsuak, eta kontu handiz ibili beharra dago bertan sartu nahi izanez gero.
Iraganeko lekuko biziak diren meatze horiei bisita egin ostean, etorritako bidera itzuliko gara, eta gertu dagoen basoan murgilduko. Unaileku bordaren ingurura ailegatzean, metro batzuk lehenago aurkituko dugun egurrezko hesolak bide zuzena aukeratzen lagunduko digu. Aiako Harriko magaletan marrazten den bide horretatik astiro egingo dugu gorantz, eta, konturatu orduko, goi tentsioko kable batzuek iragarriko digute gertu dagoela Aritxulegiko tunelera doan errepidea. Sorotxo esaten zaion toki horretan, erraz egingo dugu aurrera errepidearen paraleloan zabaltzen den pistatik. Berehala, gure eskuinera, Arditurri aldera begiratuta, Imanol Marrodan euskal artistaren Erabatekoa eta ezdeusa: sorburua izeneko eskultura ikusi ahal izango dugu.
Orain arte ekarritako bidetik beherantz egingo dugu, eta, laster, bide zabala xenda bihurtuko da. Basoan sartu eta berehala hasiko gara beheraka. Errepidearekin berriro topo egingo dugu, eta, aurrerago, utzi egingo dugu, eta trenbide zaharraren bidea bilatuko. Gaur egun Arditurriko bide berdea esaten zaion horretatik kilometro bat pasatxo bete beharko dugu atzera abiapuntura itzultzeko.