Garbiñe Ubeda / 2014-02-11 / 168 hitz
Hendaian bizi diren senar-emazte gipuzkoarrek eta haien seme-alaba sortzez lapurtarrek autoa hartu eta hamabost bat kilometro egin dituzte mendebalderantz, igandero bezala andrearen familia ikusteko helburuz. Ohiko bisita izanagatik ere, ezohiko berriketa sortu da senideen etxean, haurrek, aldioro egiten zaien galderaren aurrean —zer moduz ikastolan—, badaukatelako behingoagatik zer konta.
Mutilak, beti isilkor baina harrigarriki hiztun oraingoan, ikaskideekin aste osoa eskian eman duela azaldu die arrapataka. Eta irakasle-begiraleek, lotarako orduan isiltzen ez zirelako, matematika azterketa egin nahi izan zietela. Eta gelako baldarrenak, pistetara heldu baino lehenagotik ere egundoko irristadak egin zituela, ipurtzuloz gora erortzerainokoak. Eta neska melengak, inoiz baino mainatiago. Eta…
Amona, gutxitan entzuten baitizkio bi esaldi baino gehiago segidan, txundituta utzi du haren etorriak, eta jarioan, egin berri duen lagun nafarraren eraginez, dena esanda, tartekatu dituen perla exotikoek: «futitu zen», «jostetan ari ginelarik», «hagitz ongi»…
«Ui ene aizu —oldartu zaio amona mutiko hiztunari, eta bide batez amari— kontuz, e, frantsesten ari da, e, qué cosa, oye, hitz egiten du pixka bat un poco como los del otro lau…».