Lohitzune Amatria / 2015-02-14 / 740 hitz
Hainbat adituren arabera, aparatu elektronikoen pantailen argiak kalte egiten dio loari. Gauean gailuak itzaltzeko gomendatzen dute; baita logelatik ateratzeko ere.
Logelako argia itzali, ohean sartu, eta sakelakoan azken orduko mezuren bat iritsi den begiratu. Lo egin aurreko ohiko errutina bihurtu da. Edo antzekoren bat, bai, behintzat: liburu elektroniko bat irakurtzea, azken orduko berriak tableta batean irakurtzea… Lo egin aurretik aparatu elektronikoak erabiltzeak loan eragina duela dio, baina, Brigham eta Emakumeen Ospitaleak egindako ikerketa batek. Aztertu dutenez, txarra da aparatu elektronikoak gauean erabiltzea; baita, lo egin bitartean, piztuta daudela, ondoan edukitzea ere.
Argia igortzen duten gailuak dira ekidin beharrekoak, ikerketaren arabera. Lumineszentzia edo igortzen duten argia baita loa nahasten duena. Gizakiak lo egiteko behar duen melatonina hormona murriztu egiten du argiak. «Erritmo zirkardianoa mantentzea da melatonina hormonaren egitekoa; funtsean, garuna lotarako prestatzea», azaldu du Juan Jose Pozak, Donostiako Ospitaleko neurologoak. Argitu duenez, ilunpean sintetizatzen da melatonina: «Tabletek edota sakelakoek igortzen duten moduko argi distiratsu batek zuzenean begietan jotzeak, guztiz geldiaraz dezake melatonina hormonaren sintesia».
PNAS aldizkarian argitaratu dute Evening use of light-emitting eReaders negatively affects sleep, circadian timing, and next-morning alertness txostena (Argia igortzen duten irakurgailuak gauean erabiltzeak eragin negatiboa du loan, erritmo zirkardianoan eta hurrengo goizeko alerta egoeran). Hamabi parte hartzailerekin egin dute ikerketa Brigham eta Emakumeen Ospitaleko Anne-Marie Chang, Daniel Aeschbach, Jeanne F. Duffy eta Charles A. Czeisler ikerlariek. Bost egunez, eta oheratu aurretik, liburu elektronikoak irakurri zituzten parte hartzaileek tableta bat erabilita; ondoren, beste bost egunez, paperean errepikatu zuten esperimentua. Ikerlariek ondorioztatu dutenez, liburua euskarri elektronikoan irakurri zuten egunetan gehiago kostatu zitzaien parte hartzaileei lo hartzea, eta denbora laburragoa eman zuten loaren REM fasean.
Arabako Unibertsitate Ospitaleko neurofisiologoa eta Loaren Espainiako elkarteko kide da Ainhoa Alvarez. Argiak loan duen eragina logikoa da, haren ustez. «Egunean esna eta gauean lo mantentzen gaituen erloju biologikoa dugu gizakiok. Baina ongi funtzionatzeko, kanpoko sinkronizagailuak behar ditu». Argia da erloju biologikoaren sinkronizagailurik garrantzitsuena: «Melatoninan eragin handiena duen argia eguzkiarena da, baina gailuak aurpegiaren aurrean izaten ditugu; zuzenekoa da esposizioa». Gailuen argi artifiziala urdina izan ohi da, uhin laburrekoa; eta begi sarean argi mota horrekiko oso sentibera diren zelulak daude. «Eguna edo gaua den zehazten duten zelulak dira», azaldu du Poza neurologoak. Gauean gailuen argia begietara zuzentzean, eguna dela interpretatzen du burmuinak; eta lo hartzeko unea atzeratu egiten du. «Atzerapenarekin programatzen da garuna lo egiteko, eta, beraz, esnatzeko ere».
Gailua erabiltzean okerrago egiten da lo, eta, zenbait kasutan, insomnioa ere eragin dezake: insomnio teknologikoa. Argia, baina, ez da arazo bakarra. Gailuek loan duten eragina bikoitza da, Alvarezen ustez. «Bi edo hiru orduko deskonexioa behar dugu lo egin aurretik; baina teknologia berriak erabiltzean oso aktibatuta gaude». Lo egiteko erlaxazioa oso garrantzitsua da, haren esanetan.
Erlaxatuak egoteko eta melatonina behar bezala garatzeko, gailuak itzaltzea da idealena, Alvarezen iritziz. «Oheratu baino bi edo hiru ordu lehenago utzi behar diogu argia igortzen duten gailu elektronikoak erabiltzeari». Ezinbestekoa denean, giroko argia erabili beharko litzatekeela dela dio; edo, behintzat, argien kontrastea ahal den eta baxuena izatea. Iritzi berekoa da Poza. Haren ustez, baina, ordubete lehenago utzi behar zaio gailuak erabiltzeari.
Tresna elektronikoak oheratu aurretik erabiltzea kaltegarria izan daiteke. Baina ez orduan bakarrik. Asko dira sakelakoa piztuta gau mahaian uzten dutenak, eta horrek ere eragina du loan. Gailuak gelatik kanpo uztea gomendatzen du Pozak: «Betazalak itxiak eduki arren, antzeman egiten ditugu piztu egiten diren argiak edo aktibatzen diren pantailak; argia irazten dute, baina ez dute guztiz geldiarazten». Loaren zikloak eten egin daitezke argi seinale horiekin; baita soinuarekin ere. «Sakelakoak alboan edukitzean, soinua edo bibrazioa entzutean, errazago esnatzen gara», azaldu du Alvarezek. Alerta egoera handitu egiten dute, gainera, sakelakoek: «Mezuren bat iritsiko zain egotean, esnaldi labur gehiago gerta daitezke».
Ohiturak aldatzeko beharra
Lo egiteko arazoak dituzten pertsonek izan behar dute, Poza eta Alvarezen ustez, arreta berezia gailu elektronikoekin. Arabako Unibertsitate Ospitaleko Lo Unitatean egiten du lan Alvarezek, eta haren pazienteengan sumatu du aparailuen eraginik: «Insomnioa duten paziente askok telebista piztuta egiten dute lo, edo tabletan jolasean aritzen dira aurretik». Ohea soilik lo egiteko erabiltzea gomendatzen die medikuak. «Ohea lo egiteko edota amodioa egiteko da», azaldu du.
Loaren higiene ona izatea da gakoa, Alvarezen ustez. Eta ideia bera nabarmendu du Pozak ere: «Loaren higiene txarra duten pazienteak ikusten ditugu maiz». Donostia Ospitaleko Lo Unitatean egiten du lan hark. Azaldu duenez, helduek dituzte arazo gehien; baina gaztetan neurriak hartzea beharrezkoa dela iritzi dio: «Loa zaindu ezean, arazoak azaldu egiten dira». Ohiturak aldatzea da garrantzitsuena, bien esanetan, eta gomendio hauek eman dituzte: ohera ordutegi erregularrean joatea, logela lo egiteko erabiltzea soilik eta argi artifiziala ekiditea.