Urtzi Urkizu / 2015-01-31 / 708 hitz
Bideo jokoetan aritzen direnentzat SocialNat sare soziala eta Game Erauntsia komunitate birtuala sortu dituzte. Komunitate horretan euskara hutsean aritzen dira.
Bideo jokoen mundua nabarmen aldatu da azkeneko hamarkadan. Aldatzen ari da etengabe. Garai batean, jokalaria indibidualki aritzen zen, beste inorekin komunikatu gabe eta lehiatu gabe. Gaur egun, ordea, taldean lehiatzea da joera. Partidak besteekin komentatzea, emaitzak partekatzea, zaletasun berak dituztenen artean komunikatzea. «Gaur egun, bizitza gehiago egiten da etxe barnean, eta, testuinguru horretan, pertsonen arteko interakzioak zentzu handiagoa hartzen du», esan du SocialNAT sare sozialeko zuzendari kudeatzaile Emilio Grandek. Bilbon sortu zuten sare sozial hori duela urtebete eskas, eta, ordutik, nazioartean zabaldu da. 55.000 erabiltzaile aktibo baino gehiago ditu —horietako asko Amerikakoak—, eta espero dute kopuruak luze gabe handituko dituztela. Soilik gaztelaniaz aritzen dira SocialNATeko jokalariak. Enpresako arduradunek, dena den, iragarri dute laster euskarara eta ingelesera itzuli nahi dutela plataforma. «Gure ahalegin ekonomikoan lehentasuna izango dute itzulpenek», promestu du Grandek. Kiroletako bideo jokoetan espezializatutako sare soziala da SocialNAT, bakarra sektorean.
Bideo jokoetan euskaraz aritzeko, komunitate birtual bat sortu zuten duela gutxi: Game Erauntsia (gamerauntsia.eus). Garikoitz Larrañaga euskal jokalariaren ideia izan zen. Sarean barreiatuta dauden beste jokalari euskaldunekin harremantzeko beharra sentitu zuen. Bideo iruzkinduak jartzen zituen Youtuben, eta pentsatu zuen euskaraz iruzkindutako bideoek ikusgarritasun handiagoa izan zezaten webgune bat gara zitekeela. Urtzi Odriozolarekin eta Joseba Galarragarekin jarri zen harremanetan, eta partida iruzkinduak igotzeko webgune bat sortu zuten iaz. «Baina plataforma txiki geratu zela konturatu ginen segituan, eta komunitate oso bat sortzeko beharraz ere konturatu ginen», azaldu du Odriozolak. «Hau da, euskara hutsean bideo jokoei buruz jardungo zuen leku zentral bat garatu genuen. Horrela, sarean sakabanatuta dauden jokalari eta zale euskaldunek leku bat izango dute erreferentzia moduan».
Game Erauntsia komunitateko kide izateko baldintzak oso sinpleak dira: «Jolasteko gogoa izatea eta euskaraz jardutea». Kudeatzaileek beste jokalariekiko errespetuz jokatzea eskatzen dute.
Adingabeen kasuetan, webgunean izena emateko gurasoen baimena behar da. «Ez dugu uste eduki mingarririk daukagunik», ohartarazi du Odriozolak. Eduki guztiak, bestalde, Creative Commons lizentzia askepean parteka daitezke.
Laster batean, 120 jokalari euskaldun baino gehiago erregistratu dira komunitatean. Minecraft zerbitzaria martxan jarri zutenetik, egunean bat edo bi erregistratzen dira. Minecraft eraikuntza jokoa —lego birtualaren antzekoa— martxan jartzeko nahiko finantzabide lortzeko Karena plataformarekin elkarlanean aritu zen Game Erauntsia. «Jende askok eman du hor izena, eta Euskal Herria birtual bat eraikitze lanetan ari dira», nabarmendu du Game Erauntsiaren sortzaileak. «Diru ekarpena egiten dutenek, bestalde, hainbat abantaila dituzte jokoan bertan: VIP izaera hartzen dute».
Txapelketekin ere hasiak dira Game Erauntsian. Atala Beta fasean badago ere, joko eta modalitate askotan jokatu ahal izateko plataforma prestatzeko lanean ari dira. Orain arte egindako saialdiekin gustura gelditu dira sustatzaileak. Partidak zuzenean Youtube bidez komentatu dituzte, eta, esate baterako, Smart TV telebista bat dutenek futbol partidak balira bezala ikus ditzakete kanporaketak.
Oro har, jokoetan komunikazio kanalak erdarazko tresnak izan arren, euskal jokalarien talde txikiak euskaraz jolasteko osatu dira. «Badakigu kasu batzuetan txiripaz munduan barrena sortutako partidetan euskaldunek elkar topo egin izan dutela. Harritu egin gara zenbat lekutatik bisitatzen gaituzten ikusita». Bost kontinenteetatik jaso dituzte bisitak. Euskal Herria eta Espainia alde batera utzita, Errusia da bisita gehien ematen dituen herrialdea.
Odriozolak nabarmendu du Game Erauntsia «irabazi asmorik gabe» eginiko proiektua dela. «Gure asmoa da euskaldun jokozaleen eta joko garatzaileen arteko sare trinko bat osatzea. Ahalmen hori erabiliz, proiektu berri eta interesgarri gehiago ere sortzea». Jokalariak fisikoki biltzeko ekitaldiren bat egingo dutela iragarri du.
SocialNAT, bizkor zabaltzen
SocialNAT sare sozialak e-sports bideo jokoen zaleak biltzen ditu. Erabiltzaileen arteko interakzioari eta ahoz ahoko komunikazioari esker, milaka jokalari erregistratu dira. Bilboko Fun&Serious jaialdian, iazko azaroan, asteburu batean 1,5 milioi interakzio jaso zituen sareak. Tresna bat ere sortu dute, jokalariek Twitterren eta Facebooken emaitzak argitaratzeko —Twitterren batez beste 100.000 interakzio dituzte egunean—.
Hiru liga daude SocialNATen, jokalarien mailen araberakoak. Sare sozialean erregistratzen den jokalaria bera da datu pertsonalen jabe bakarra, baita sarera igotzen dituen edukien jabea ere. Grandek adierazi du segurtasunari ematen diotela lehentasuna: «Horrek beste sare sozial batzuetatik beren gaitu, guk ez baititugu erabiltzaileen datuak salduko». Gainera, erregistratu gabe ere sarea ezagutzeko aukera dute erabiltzaileek. «Tresnarekin gustura dutenek erregistratzeko aukera irekia dute».
Sektorean lehiakiderik apenas duen SocialNATek. Horri esker asko ari da zabaltzen nazioartean. Etorkizunari begira, erronken artean modu «bizkor» eta «orekatuan» zabaldu nahi dutela esan du Grandek. «Mugak pentsaezinak izan daitezke, eta mundu osoko sare sozial ireki bihurtzea izan daiteke ametsa».