Hodei Iruretagoiena / 2015-02-19 / 914 hitz
Kritiko da azken urteetan elebitasunaren inguruan egin den zenbait diskurtsorekin: dioenez, hiztun kopuruak gora egin arren, katalana kutsatzen ari da. Hiztunen kalitatea ere kontuan hartu beharraz ari da.
El bilingüisme mata: Del canvi climà tic al canvi idiomà tic (Elebitasunak hil egiten du: Aldaketa klimatikotik hizkuntza aldaketara) liburua aurkeztu berri du Pau Vidal filologoak (Bartzelona, 1977). Batez ere, katalan hiztunak ohartarazi nahi izan ditu egoeraz.
«Katalana ez da hilko hiztun faltagatik, baizik katalan faltagatik». Azal dezakezu hori?
Paradoxa bat azaltzeko eslogan bat da. Orain arte, hizkuntzak desagertzeko bide tradizionala bat izan da: belaunaldien arteko transmisioa hautsi eta hiztun portzentajea jaistea. Hizkuntza gutxitu gehienak prozesu horretan daude. Gu hain originalak garenez, katalana da ia kasu bakarra belaunaldi arteko transmisioa gora doana. Hiztun kopurua gora doa, eta horrek dakar hizkuntzen arteko ukipen denbora luzatzea. Marruskadura handiagoa dago, kutsadura denbora gehiago, eta hizkuntzarik txikiena ari da bestearen egiturak hartzen. Ezaugarri propio gutxiago ditu. Uste dugu, azkenean, hizkuntza nagusian disolbatuko dela (hibridazioa), ziur ez jakin arren, prozesuan baikaude oraindik.
Euskarak, katalanaren eta gazteleraren aldean, jatorri ezberdina du, eta egiturak ere bai. Horrek eragiten al du kutsaduran?
Bi hizkuntzek hain jatorri ezberdina izateak preserbatibo gisa funtzionatzen du: ezaugarri asko daude inportatu ezin direnak. Baina ez dugu geure burua engainatu behar: hizkuntza menderatzaileen bidez, horra ere iristen dira berrikuntzak.
Hizkuntzen arteko kutsadura gero eta handiagoa da, azkarragoa. Zein faktorek eragiten dute prozesu horiek azkartzea?
Hori da galdera. Hizkuntzalariak hori ari dira galdetzen berritasun filologiko honen inguruan: zein bidek darama azkarrago desagertzera? Ezin jakin, ez baitugu ezagutzen kutsaduragatik amaierara iritsi denik. Iraultza teknologikoaren erruz (batez ere, sare sozialak, YouTube, Internet…) asko azkartu dira aldaketa linguistikoak. Erraz antzemateko bat, euskararen edo katalanaren kasuan: elementu fonetikoak sartzea. Orain, susmoa da are azkarrago gertatuko direla halakoak. Horregatik saldu dut liburu hau tonu erdi alarmistan, irudikatzeko ez dela mila urtera gertatuko den zerbait.
Horregatik alderatu duzu prozesu hori klima aldaketarekin?
Modu didaktikoan egin dut, liburua ez baita espezialistentzat, baizik hiztunentzat. Hiztunei asko kostatzen zaie fenomeno linguistikoak ulertzea, eta klima aldaketak badu paralelismo bat. Hasieran, erreakzio biolento bat sortu zuen: «Apokaliptiko batzuk dira hauek». Urte batzuk behar izan ziren frogak lortu eta erakusteko klima aldaketa martxan zela. Antzekoa da hau. Zeure kabuz, ez zara ohartzen tenperatura igotzen ari dela. Baina zientzialariek frogak ematen dizkizutenean, onartu egiten duzu. Paralelismo oso kuriosoak daude: adibidez, ingelesaren kalkoak ia unibertsalak izatea. Fenomeno berria da hori.
Katalanaren kasuan, ordezkapena eta hibridazioa aipatu duzu. Zein arrasto ikusi dituzu?
Jendeak hitzak ikusten ditu, eta sintoma gisa hartzen ditu soilik castellanismoak eta halakoak. Baina arriskutsuagoak dira egiturazko ezaugarriak hiztegikoak baino: fonetikoak, sintaktikoak eta morfologikoak. Nolabait esateko, hizkuntza bat eusten duten tripodea dira. Halakoetara ohitua ez dagoen bat ohartzeko, hainbat ariketa proposatu ditut. Adibidez, haurrak aitona-amonekin alderatzea, hizketan entzunda. Ez da belarri finegia behar ohartzeko ezberdintasunak daudela. Bat gai bada ezberdintasun horiek lotzeko hizkuntza menperatzailearen ezaugarriekin (gaztelerarekin), uler dezake gertatzen ari dena.
Kutsadura ez al da gertatzen hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten diren leku guztietan?
Gertatzen da hizkuntzen arteko ukipena dagoen leku guztietan, baina iberiar erako elebitasuna, ustezko elebitasun orekatu horrekin, ustezko parekidetasun horrekin, oso fenomeno arraroa da. Elebitasunak, hirueletasunak, lurraldekakoak dira, ez orokorrak. Katalunia, Euskal Herria eta Galizia esperimentua izan gara. Hogeita hamar urte baino gehiago pasatuta, ikuspegi zientifikotik, esan dezakegu esperimentuak ez duela funtzionatu.
Elebitasun orekatua aipatzen du, adibidez, Eusko Jaurlaritzak. Balio al du helburu gisa jartzeak diglosia egoera handiago batean, aurrera egiteko?
Ikuspegi zientifikotik, grazia egiten du etengabeko aurrerapenaren kontzeptuak. Krisiaren aurretik, modan zeuden kartel batzuk udaletxeetan: «Ez dakit zein herri aurrera doa». Ontzat jotzen zen herri bat handiagoa izatea ona dela berez. Baina zeurea aurrera badoa eta ondokoa ere bai, elkar joko dute azkenean. Eta desagertu egingo dira. Beste zerbait izango dira, megapolis bat-edo, baina ez herri. Urteotako progresismo politikoak eragin du kontzeptu batzuk tabu bihurtzea. Adibidez, elebitasuna ona dela berez. Ona da pertsonentzat, baina ez gizarteentzat, kolektibitateentzat. Hizkuntzak lurralde berean lehian ari direnean, batek irabazten duena besteari kentzen zaio. Urteak daramate arrazoi politikoengatik esaten elebitasuna baino hoberik ez dela, eta orain zaila da esatea hori ez zela egia. Ez da munduan gizarte elebidunik. Zerbaitegatik izango da, ez?
Politikak aldatu behar dira?
Bai, eta horrek esan nahi du baldintzak aldatzea. Bestela, lege berberek iraungo dute, indar harreman berberek. Horrela, egoerak bide beretik segituko du. Beste lege batzuk behar ditugu beste errealitate bat marrazteko.
Estatua behar dela esan nahi duzu? Nola dago hizkuntza eta estatuaren eztabaida Katalunian?
Izpiritu zientifikoak behartzen zaitu gauzak objektibotasunez esatera. Baina, hemen eta orain, eztabaida hori badago. Legeak aldatzeaz ari naizenean, noski, pentsatzen ari naiz estatu berri batean. Espainiakoarekin ezinezkoa da akordioa. Ahalegina egin da, eta oso ameslaria edo hipokrita izan behar da pentsatzeko espainiarraren gisako nazionalismo hegemoniko baztertzaile batekin akordioa lor daitekeela indar harremanak aldatzea ahalbidetuko luketen legeak egiteko. Sinpleago esan liteke: Espainiako Estatuak ez du inoiz utziko Katalunian katalanak, Euskal Herrian euskarak edo Galizian galegoak lehentasuna izatea gazteleraren gainetik. Legea soilik aldatu liteke estatu berri batetik. Hizkuntzak, bizirik auteko, beharrezko du estatu bat. Hori ez da unibertsala, baina Espainiako Estatuan hala da.
Eta balizko estatu horretan, nola kudeatu hizkuntzen gaia?
Egia da katalan gizartean ez dagoela haustura sozialik hizkuntzaren eraginez, jendeak ez du elkar jotzen, baina badaude bi komunitate. Hitz egiten ari gara estatu berri bat sortzeaz, beraz, gizarte homogeneo bat, elkarrekin bizi nahi duen jende talde bat. Hor, absurdoa litzateke iberiar erako elebitasuna errepikatzea. Aukeratu behar da batuko gaituen elementua. Euskal Herrian antzeko eztabaida batera iritsiz gero, berdina litzateke prozesua. Ziurrenik, zailtasun gehiago legoke, baina ez dakit, ni ez nago han. Baina prozesuak berdina beharko luke, bestela, gizarte bikoitz bat sortzeko arriskua handia litzateke.