Estibalitz Ezkerra / 2015-02-22 / 640 hitz
Assia Djebar hil berriaren ‘Vaste est la prison’ lanak independentzia gerraren ostean Aljeriako emakumeek jasaniko zapalkuntza azaltzen du.
Amazigera hizkuntzan Tagrawla Tadzayrit esaten diote. Arabieraz, berriz, Al-thawra Al-Jazaa’iriyya. Frantsesez, Guerre d’Algérie edo Révolution algérienne. 1954an hasi eta 1962an bukatu zen gatazka hark ordena berria ekarri behar zuen Aljeriara, kolonialismoaren atzaparretatik aske. Gerra, baina, ez zen zapalduaren eta zapaltzailearen artekoa izan bakarrik; aljeriarrak aljeriarren kontra ere aritu ziren, independentziarako borroka anai-arreben arteko borroka bihurtuz; botere borroka, azken batean. Assia Djebarren arabera (Fatma-Zohra Imalayene jatorrizko izenez, Cherchell, Aljeria, 1936-Paris, 2015), Albert Camus izan zen gertakariek hartuko zuten norabideari igarri zion bakarra, askapen nazionalaren aldekoak ez zirelako talde homogeneoa eta interes kontrajarriak zituztelako, gerra ostean ikusiko zen bezala. Alde horretatik, Frantz Fanonek iraultzari eginiko laudoriozko hitzak, indarkeria «indar-garbitzaile» moduan deskribatu izana, betiere kolonialismoaren testuinguruan, oker galanta izan zela uste zuen. Akaso Fanonek ez zuen asmatu kronologian, Hegelekiko morrontza handiegia zuelako eta historia zein denbora modu linealean ulertzea oso Mendebaldekoa delako, baina bazekien, eta idatzi ere idatzi zuen, askapen borrokaren ostean ez zela benetako askatasunik izango, kolonialismoaren eragina sisteman hain barneratuta egonik denbora beharko zelako hura erabat desagerrarazteko. Muturreko nazionalismoa aurreikusi zuen berak, Mendebaldean ezagutzen denaren ez oso bestelakoa. Eta hor bai, okertu egin zen, islamaren munduak bere kodeak dituelako. Aljerian nagusitu zen islamaren bertsioa —ez dadila nahastu islamarekin berarekin— arras atzerakoia eta sexista zen. Goizetik gauera herrialdea presondegi zabala bihurtu zen emakumeentzat. Hala azaltzen digu Djebarrek orduko gertakariak gogoan idatzitako nobelak: Vaste est la prison (1995, Zabala da kartzela).
Emakumeen borroka
Gerra bukatu ostean, beste gerra bat hasi zen Aljeriako emakumeentzat: beren eskubideen aitortzarako gerra, emakumeak babestea xede izan baina egiazki ito egiten dituen tradizioaren kontrakoa. Babesgarri eman dezaketen hesiak denborarekin ixten joan daitezke, kartzelak sortuz. Vaste est la prison nobelaren hasieran, narratzaileak amaginarreba entzuten du adin ertaineko lagun batekin hitz egiten. Laguna senarrari buruz ari zaio amaginarrebari, baina izenez deitu beharrean etsaia esaten dio, l’e’dou arabieraz. Etsaia etxean zain dauka; horregatik ezin da denbora luzez geratu, eta hammam-eko gainerako emakumeekin hitz egin. Askatasunik ezaren kontrako sinboloa da hammam-a: bainugelaren intimotasunean, emakumeak aske dira. Kanpoan den gizarteak kartzela zabal baten itxura du, senarrak etsai bihurtu dituen patriarkalismoak zuzendua.
«L’e’dou» entzun eta berehala, bihozkada bat du narratzaileak, bere ezkontzari buruzkoa. Senarra uzteko garaia dela erabakitzen du, dibortzioa arras zaila eta traumatikoa izango dela aurreikusten badu ere. Emazte rolean sentitzen duen askatasunik ezarekin apurtzeko lehen urrats moduan ikusten du: senarra uzteko erabakia bere burua indartzeko ekintza da; emakumeak isilik, menpeko eta baztertuta egotea helburu duen gizarte aurreikuspenei zuzendutako erronka.
Gerora, Douggako hondakinetara egindako bisitan, gaur egungo Tunisian den antzinako herrixka berbere batean, askatasunaren ideia inoiz baino argiago ikusten du. Narratzaileak, hondarrei begira, galdu denari errepaso egiten dio. Garai batean ospe handiko norbaiti eskainitako monumentu bateko inskripzioa ezabatuz joan da urteen poderioz. Esploratzaile europarrek beren ekarpena egin diote gainbeherari, estela zatiak hartu eta Europako museoetara eramanez. Aurkikuntza moduan aurkezten dute han berez lapurreta hutsa dena. Inskripzioen ezabaketak eta estelen indarkeriazko zatiketak zaila egiten du bidaiariarentzat hondakinen esanahia ulertzea. Mendebaldeko inperialismoaren izaera parasitoa nabarmentzeaz aparte, pusketa horiek irakurtzeko ezintasunak bere ondarearen desjabetze kulturala sentiarazi dio narratzaileari. Galdu diren izenen artean, arbaso tuareg baten desagerpena zaio bereziki mingarri: Tin Hinan, patriarkalismo islamiar modernoarentzat emakumezkotasuna denari erabat kontrajarriak zaizkion edertasuna eta indarra erakutsi zituen emakumea. Sormenak askatasun pertsonala eta sustrai kulturalak beharrezko baditu, Douggan gehien galdu dutenak emakumeak dira. Tin Hinani Magrebeko ondare kulturalaren barruan dagokion tokia ematea ezinbesteko da Mendebaldeko inperialismoaren eraginpean garatu den islam modernoaren barruko patriarkalismoa kartzela zabal gisa ikusten duten horientzat.
Emakumeen askatasunik gabe, ezin herrialde askerik lortu. Horra Vaste est la prison-ek helarazi nahi dituen mezuetako bat. Bigarrena, kolonia izandakoetan islamak hartu duen forman Mendebaldeak erantzukizun handia duela, baina hori gutxitan hartzen da kontuan. Mendebaldeko agintariek, Djebar hil berriari laudoriozko hitzak egin dizkion François Hollandek bezala, nahiago dute pentsatu islama bera dela arazoa eta sekularismoa erantzuna. Sekularismoa sexismotik aske balego bezala. Edo joera inperialistetatik.