Narrazioak funtziona dezan

Alex Gurrutxaga / 2015-02-22 / 415 hitz

  • Izenburua: Arantzak barrurantz
  • Egilea: Xabier Mendiguren Elizegi
  • Argitaletxea: Elkar

Beste genero batzuetako lanen artean, narrazio mordoa argitaratua da Xabier Mendiguren. Azken liburuan bost narrazio luze sartu ditu, bilduma txukuna osatuz. Arantzak barrurantz tituluak Joseba Sarrionandiaren poema ezagunari egiten dio keinu; izan ere, narrazio gehienetako pertsonaiak bakarrik edo galduta daude: bikote harremanean zein familian tokia hartu ezinik, iragan traumatikoari buelta eman ezinda, heriotzari aurre egin beharrean, eta abar. Bildumaren beste ezaugarri orokor bat euskal gatazkaren presentzia da, gehienetan agertzen baita, zuzenean ez izanda ere, hari dagokion aspekturen bat.

Aurreneko narrazioan gogoz kontra bidaiatzen duen protagonista agertzen zaigu. Txentek «penak eta minak» barruan daramatza, eta Erromara egiten duen bidaian aterako zaizkio, modu oso partikularrean. Bi narratzailerekin jolasten du idazleak: bata, Txenteren bidaia kontatzen diguna; bestea, Txente bera, bidaiatzeari buruzko bere usteak ematen dituena. Horrela, narrazioa eta saiakera tonua uztartuz, teknikak nabarmen laguntzen dio istorioari.

Gatazkari dagokionez, bi dira zuzenean hari lotzen zaizkion narrazioak. Bigarrena da bat, Odola eta esperma. Iheslaria da protagonista bat, eta minbizia dauka: potentzialitate handiko bategitea. Emakumezko narratzailea Rafa iheslariaren laguna —eta amodio desiratua— da, eta dakizkienak eta imajinatzen dituenak kontatzen dizkigu. Elkarrizketa batzuen sinesgarritasun urria gorabehera, abenturazko trama eta gatazkari buruzko lerroarteko hausnarketak fin ezkontzen dira.

Gatazkan murgiltzen den beste narrazioa Arantzak barrurantz da, liburuari titulua ematen diona, baina ez horregatik liburuko onena. Torturatua izan den protagonistaren bizipenak kontatzen ditu. Idoiak isildu egin du gertatua eta, puntu horretan, idazleak egiten duen traumaren lanketa ona da. Bi arazo handi daude, ordea: bata, torturatzaile-torturatuaren arteko topaketa topiko eta sinesgaitza; bestea, gertatu baino dezente lehenago usaintzen dela topaketa hori. Horretaz aparte, garaiotan, amaierako planteamendua —mendekua— gutxienez harrigarria gerta daiteke…

Orratzak narrazioak ere merezi du aipatzea. Bi pertsonaia lotzen ditu: drogei engantxatutako Artola, preso ohia, eta Don Domingo medikua, frankista zaharra. Fokalizazioa bien artean txandakatuz egiten du testuak aurrera, eta bi ildoek amaieran egiten dute bat. Beste maila batean, orratzek lotzen dituzte pertsonaiak —penizilina eta heroina—: intrigazko gertakariarekin batera, bizimodu antagonikoen arteko joko interesgarria da.

Xabier Mendigurenek neurria hartua dio narrazio luzeari, eta lortzen du hauek, distiratsuak ez direnetan ere, ongi funtziona dezaten. Ez hori bakarrik, ikusten dira liburua txukuna izan dadin idazleak dauzkan keinu eraginkorrak: narrazioen antolaketa eta horien arteko lotura txikiak, testuartekotasun agerikoa, etab. Beharbada, abildade horrexegatik harrapa dakioke errazkeriaren ondorio bat edo beste ere. Adibidez, aurreneko bi narrazioetan, balizko irakurle bati idazten diote protagonistek, baina justifikaziorik ez dago: nor da irakurle hori? Idazleak al dira ba protagonista guztiak? Irakurleok kateatzeko tranpatxoak dira: beharbada, irakurle ahozuriren bat mikazteko modukoak; ziurrenik barkagarriak, narrazio onak baitira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.