Hasier Rekondo / 2015-03-15 / 375 hitz
- Izenburua: Eutsiko diogu?
- Egilea: Fermin Etxegoien
- Argitaletxea: Erein
Edorta Jimenezek behin esan zidan euskal kulturan agerikoa ez dela beti sinetsi nahi dugunaren isla. Euskal sortzaile autonomoak askotan ozta-ozta bizi dira, politikari edo funtzionarioen kastek bizi duten paradisu idealizatutik baztertuta erabat. Euskal literaturan, esaterako, inor gutxi bizi da idaztetik zuzenean, eta idazleek bereak eta bi jasan behar dituzte duintasunez eta independentziaz bizimoduari etekinik atera ahal izateko. Azken urteotako politika neoliberalek bultzatutako diru laguntzen murrizketek areagotu egin dute bere kabuz kulturgintzan dihardutenen segurtasunik gabeko egoera gorabeheratsua. Fermin Etxegoienek (Oñati, 1966) lehen nobelan, Autokarabana (Pamiela, 2009) Kritika eta Euskadi saridun laudatu bezain jipoituan, eta aurreko entseguan, Neurona eta zeurona-n (Pamiela, 2004), jorratu zituen euskalgintzaren, eta euskal gizartearen oro har, alde ezkutuenak eta kontraesanak.
Horregatik, apika, aukeratu du Ereinek, idazlea bera autonomoa ez izan arren, Euskadi Irratiko musika kazetari fina baita ogibidez, enkarguzko lanaren itxura guztiak dituen Eutsiko diogu? elkarrizketa liburu hau (2014). Bertan hamabi elkarrizketa ontzen ditu, emaitza gorabeheratsuekin. Galdera bakarra ardatz, Ander Lipus, Estitxu Eizagirre, Luistxo Fernandez, Mari Añes Gorostiaga, Eñaut Elorrieta, Miren Amuriza, Hedoi Etxarte, Maider Unda, Iban Arantzabal, Maia Eder Kurutxet, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga eta Miren Agur Meaberen erantzunak jasotzen ditu liburuak. Etxegoienek berak argitu nahi du hitzaurrean aukeraketaren nondik norakoa: «…hil bukaeran diru sarrera finkorik aldez aurretik ziurtaturik ez duten sorkuntzaren profesional autonomoak. Utikan, beraz, funtzionario manifestu sinatzaileak…».
Xedea erakargarria izan arren, eta arestiko definizioan oinarritutako aukeraketaren galbahea lar apetazkoa gertatzen bada ere, esango nuke emaitza nahiko irregularra dela. Batez ere galdera bakar horren eta gainerakoen zein erantzunen edizioak (liburuaren barne diseinuak ez nau erabat konbentzitu, murrizketak berriz ere?) anabasaren itxurak agertzen dituelako. Enkarguzko liburua izanik, ematen du gauzak presaka eta korrika egin direla, xedearen erakargarritasunak itsuturik nonbait. Hala ere, Etxegoienek badu gure kontraesanak agerian uzteko trebeziarik, testigu pribilegiatua baita. Elkarrizketatuaren jakinduriak baldintzatuko du emaitza kazetaritza mailari dagokionez. Arras interesgarriak iruditu zaizkit Ander Lipusi, Miren Amurizari eta Jon Garaño-Jose Mari Goenaga bikoari eginiko elkarrizketak. Beharbada, azalean ez geratzeko erakusten duten gaitasunagatik eta kulturgintzaren tripakiak, odolez eta funtzionarioen menpekotasunez blai, agertzeko ausart agertzen direlako. Esanguratsuak dira Lipusen berbak: «Gure artegintzaren ikuspuntuan ere ez gaude hezita, are gutxiago ekonomian. Horregatik, askorentzat, guk egiten duguna pailazoarena egitea da, kitto». Txalotzekoa da liburuak sortzaile autonomoen lana erakustearren egindako ahalegina baina batzuetan xedeak ez dira nahikoa.