Iraitz Urkulo / 2015-03-15 / 407 hitz
- Izenburua: Soldaduaren itzulera
- Egilea: Rebecca West
- Itzultzailea: Maialen Berasategi
- Argitaletxeak: Erein eta Igela (Literatura Unibertsala)
EIZIEk bultzatutako Literatura Unibertsala bildumaren barnean, Erein eta Igela argitaletxeen lankidetzari eta Maialen Berasategi Catalanen itzulpen ederrari esker, Rebecca Westek 1918an idatzitako Soldaduaren itzulera eleberri laburra euskaraz gozatzeko aukera dugu jadanik.
Lehen Mundu Gerran zauriturik, Christopher Baldry soldadua etxera bidali dute. Baina, azken hamabost urteetako oroitzapen oro galduta, ez da bertan zain duen Kitty emazteaz oroitzen. Haren ordez, Margaret du buruan, gaztetan maite izandako klase apalagoko neska, orain ezkonduta dagoena. Istorioa Chrisen lehengusina Jennyk kontatzen du, gogoa erotasunaren eta egiazko zentzuaren arteko eremu labainkorrean kokaturik.
Kontaketa tradizionala da, xumea bezain dotorea. Ezustean topo egindako aurkako bi bizimoduren arteko kontrastean oinarrituta, zorroztasun osoz bi emakumeren arteko norgehiagoka isilaren berri ematen zaigu. Egoerak eragindako etxe barruko tragedia, errudunik gabekoa.
Gizarte moral estua, botere harreman zurrunak, klase bereizkeria… Pentsamolde zaharkituak, urrun xamar geratzen zaizkigun jokabideak, aspaldi gainditzea lortu genuen gizon- eta, batez ere, emakume-ereduak diruditen arren, gaurko begiekin irakurrita, eleberri honen eskutik gure gizartearen hain antzekoa eta, aldi berean, zeharo ezberdina den garai, leku eta giro batera bidaiatuko dugu. Hala, eritasuna ala erotasuna aitzakia gisa baliaturik, bada bertan ezarritako arauak irauli, hots, ordura arte ezagututako mundua hankaz gora ipini eta lehenago indarrean egondako legeak zalantzan jartzeko aukera. «Gauzen berezko ordenaren ankerkeriaz» ohartzekoa, alegia.
Diskurtsoa lasaitasun bitxi batek hartua da. Amaiera hurbildu ahala, oharkabean ia, apurka-apurka arinduz doan erritmo patxadatsuaren laguntzaz, obra honetan narrazioak ekintza urria gailentzen du. Jennyk, narratzaile gisa, iraganetik ekarritako oroitzapenek —protagonistaren gazte garaiko eta Kittyrekin ezkondu ondoko lehen urteetako horiek, hain zuzen—, haren gogoeta etengabeekin batera, narrazioaren denbora nabarmen luzatzen dute, aipatutako lasaitasun sentsazioa areagotuz.
Paradoxikoki, halako diskurtso batek pertsonaien baitako ekaitza iragartzeko dohaina ere badu. Ildo berean, istorioko protagonisten barne gogoaren eta horiek inguratzen dituen paisaiaren arteko harreman orain harmoniatsua, orain gatazkatsua antzeman daiteke. Izan ere, giza jarrerak ñabardura handiz islatuz, edota lekuak zein etxe barrukoak zorrozki jasoz, agerikoa da Rebecca West xehetasunera jo eta bertan galtzea maite zuen idazle bat zela. Irakurleon gozamenerako, bikain moldatzen da hitz potolo artean, deskribapen luze, korapilatsu eta adiera sakonekoetan atsegin hartuz.
Goraipatzekoa da, eta are mirestekoa ere, Maialen Berasategi Catalan itzultzailearen lana. Euskaratzen duen helduentzako lehen literatura obra izanik, Westen sintaxi bihurria erabateko dotoreziaz egokitu du, lexiko mailako aberastasun itzela gure hizkuntzara ekarriz. Tonu samurra erabilita, Kittyren larritasuna eta, oro har, Baldrytarren etxe barruko giro itogarria ezin hobeto transmititzen asmatu du. Euskal irakurleok berari zor dizkiogu, azken batean, eleberri honetako hamaika esaldi gogoangarri.