Urtzi Urkizu / 2015-03-01 / 289 hitz
CodeSyntaxek sortu du aplikazioa, eta Android eta iOS sistema eragileetan erabil daiteke, doan.
Internautek, gero eta gehiago, sakelako telefonoaren bitartez irakurtzen dituzte albisteak, dela egunkarien edizio digitaletan, dela sare sozialetan. Etorkizun hurbilean, gainera, herritar gehiagok jasoko dituzte albisteak modu horretan. Testuinguru horretan, Eibarko (Gipuzkoa) Codesyntax enpresak Mugikaria aplikazioa sortu du. Eguneko albiste interesgarrienen —euskarazkoen— hautaketa bat eskaintzen du aplikazioak, bi ediziotan: 09:00etan eta 18:00etan. Android eta iOS sistema eragileentzat prestatu du Codesyntaxek aplikazioa, HTML5ean; doan har daiteke. Euskarazko albistegi digitaltzat jo daiteke tresna.
Euskarazko hainbat komunikabidetako berriak irakur daitezke Mugikariak bidaltzen duen zerrendan; besteak beste, BERRIAren eta BERRIA Taldeko tokiko argitalpenen albisteak. Berri interesgarrienen hautaketa horretan, hain zuzen, albiste bakoitzaren izenburu, argazki, laburpen eta jatorrizko esteka ditu eskura erabiltzaileak. Umap tresna erabiliz, gainera —txiolari euskaldunen jarduna jaso eta iragazten du—, Twitterreko txio hautatuekin osatzen da albiste bakoitza.
Sarreran albiste nabarmendu bat dago. Gainerakoak, hiru eta dozena bat albiste artean izan daitezke hautatuak. Albisteak iturri ezberdinetatik ateratzen direnez, soilik testu labur bat eskaintzen da bakoitzarekin; osorik irakurri ahal izateko, esteka ireki eta jatorrizko webgunera iritsiko da erabiltzailea.
Aste honetan estreinatu dute Mugikariaren lehen bertsioa. «Harreraren arabera, agian eduki landuagoak ere izango dituela uste dugu. Partaidetzarako ere irekia dago atea», azaldu dute aplikazioaren sortzaileek. «Hautaketa testu landuagoekin lotu nahi genuke. Baina, zergatik ez, luzeagoekin». Tresnaren sortzaileek uste dute irakurketa luzea bateragarria dela sakelakoaren esperientziarekin.
Mugikaria sortzeko, nazioarteko beste aplikazio batzuetan inspiratu dira: Yahoo News Digest, Circa eta The Economist Espresso. Azken horrek eguneko dozena erdi albiste eskaintzen ditu, baina doako bertsioan albiste bakarra irakur daiteke.
Berrikuntzak Umapen
Codesyntaxek zenbait berrikuntza gehitu ditu Umap tresnan. Umap Iturriak atala indartu dute, euskaldunek Twitterren partekatzen dituzten lotura eta iturri informatiboen inguruko estatistikekin. Twitterren dabiltzan euskaldunentzat erreferentziazko iturriak zein diren jakiteko aukera ematen du.