Euskaldun guztiontzako ‘Gero’

Ander Perez / 2015-03-04 / 449 hitz

Axularren lan klasikoaren edizio kritikoa apailatu du Blanca Urgellek.
Euskaltzaindiaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetzaren ondorio da; atzo berretsi zuten akordioa.

Abandonatuegia» dago, Blanca Urgell filologo eta EHUko irakaslearen iritziz, Pedro Agerre Axular-en Gero liburua. «Euskal klasikoetan klasikoena» denak, 1643an argitaratutako horrek, ez du jaso «behar besteko arreta kritikoa», 1976an Luis Villasante euskaltzainburu zenak azkenekoz argitaratu zuenetik. Irakurleaz mintzo da Urgell, baina, batez ere, filologoez eta ikertzaileez. Lanaren ikerketa alde batera utzi izan dela uste du. Horregatik, «berrogei urteko utzikeria filologikoa» konpontzeko, edizio kritiko berria argitaratu du Urgellek, Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren ekimenez. Bi instituzioek sustatutako Mendaur bilduman argitaratu dute lana; bildumaren seigarren alea da.

1643an argitaratu zenetik, Axular hil baino urtebete lehenago, beste bost argitalpen izan ditu euskal letretako klasiko horrek. Villasanterena zen orain arteko azken edizioa, 1976an argitaratua. Hori izan da, hain zuzen ere, «orain arte irakurtzeko zein ikertzeko izandako euskarria». Orain, «goitik behera berrikusitako testua» aurkeztu du Urgellek, «aurreko edizio guztiak zipriztintzen dituzten akatsetatik garbitua».

Villasanteren azken argitalpenak bazituen «alderdi positiboak», Urgellen ustez. Batez ere, «grafia gaurkotzeko egindako ahalegin itzela, gaurko irakurlea ez dadin gal grafia zaharraren sasietan». Villasantek egindako ahalegin horri eutsi «eta are aurrerago eraman» du Urgellek bere edizioan, beste behin ere, irakurlearentzat ulergarria eta erosoa izan dadin. Gainera, «testu klasikoek garaian garaiko filologiaren neurria eman behar» dutela iritzita, arlo horretan egin du lanik handiena Urgellek, testua gaur egungo euskal filologiaren estandarretara ekarriz. Bide horretatik, lan filologikoa da, hain justu, Urgellen lanak orain arteko edizioekiko duen «alderik handiena». Dioenez, «filologiaren armak emankorki baliatu» ditu horretarako.

Azken emaitzaraino iristeko, «testua osoki erkatu da hitzez hitz» lanaren jatorrizko ale batekin, eta «pasarte ilun edo zalantzazkoetan» baita Manuel Lekuonaren eta Villasanteren edizioekin ere. Era berean, «ezer baino lehenago irakurlea erakartzeko esperantza» izan duenez, «ohiko ohar eta edizio erdi paleografikoetan erabili ohi diren markak» alboratu ditu Urgellek, irakurleari «testu garbia» eskaini ahal izateko. Horixe da, hain zuzen ere, helburu nagusia, Axularren lana publiko orokorrari hurbiltzea. Urgellen hitzetan, irakurleak «Axularren idazlan bikaina zabaldu eta bere burua haren sarean harrapatzen uztea», alegia. Bide horretatik, Aita Larramendiren hitzak gogora ekarri zituen Urgellek atzoko aurkezpenean: «Axularren liburua euskaldun askoren eskuetan dabil, baina guztien eskuetan behar luke».

Horrekin batera, «testu fidagarriago bat eskaini» eta «Axularri buruzko ikerketa abandonatuegia berpizteko akuilua» paratzea izan da Urgellen xedea.

Lankidetzaren ondorioa

Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzaren ondorio da atzo aurkeztutako liburua. Hain zuzen ere, 2015erako lankidetza hitzarmena sinatu zuten bi aldeek atzo, Iruñean, Nafarroako Jauregian. Eta Urgellen lana aurkezteko ere baliatu zuten ekitaldi hori. Jose Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariaren presentzian, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Maximino Gomez Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak sinatu zuten lankidetzarako ituna. Hitzarmenaren ondorioz, 80.000 euroko laguntza emango dio aurten Nafarroako Gobernuak akademiari, hainbat lan egin ahal izateko. Bi aldeek nabarmendu zuten akordioaren garrantzia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.