Ander Perez / 2015-03-01 / 1.174 hitz
Askatasun irrikaz erantzuten dio presoak askatasun gabeziari. Erantzun naturala da ihes egin nahi izatea. Eta horretarako bide, pareta zulatu eta alde egiteko bitartekoa da sorkuntza. Bataila bat, azken finean, aske izan nahi duen presoaren eta itzalpean mantendu nahi duen espetxearen artekoa.
Etengabeko galdera da: zergatik idazten du idazleak? Zergatik margotu margolariak? Zergatik pazientziaz harria zizelkatu, azken eskultura lortzeraino? Barrenetik sortzen den zerbait izanda, erantzun propioz erantzuten dio artista bakoitzak galderari, ia erantzunik merezi ez lukeen galdera balitz bezala, norberak bere sormenari paratu nahi izan dion arrazoia salbu. Badira, ordea, denok berdintzen gaituzten egoerak, ñabardurak gorabehera. Askatasunaren galera esperientzia bortitzegia da edonorentzat, eta sentipen komunak sortzen ditu. Eta hortik datoz, halabeharrez, erantzun komunak ere. Askatasun irrikaz erantzuten dio edonork askatasun gabeziari.
Ia gizateriarena bezain luzea da presondegien historia. Eta kartzela bezain zaharra da handik ihes egiteko desira ere. Amets horrek bultzatzen du, eta elikatu, preso dagoenaren sorkuntza. Izan ere, Josu Martinezek Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak liburuan galdetzen duen bezalaxe, «munduan egoteko modurik zatarrena baldin bada preso egotea, zer egon liteke politagorik eskapatzea baino?».
Galdera horren arrazoiketa bere eginez, murruetan zirrikituak egin eta askatasunerako bidea zabaltzeko baliatu dute sorkuntza preso egondako askok. Luzea da hesi artean ekoitzitako lan artistikoen zerrenda, lan horiek egin diren denbora bezain luzea. Pentsa: euskal literaturako lehen lan inprimatuko olerki bat (Mosen Bernat Etxepareren kantuia) ziega batean idatzia izan zen.
«Ihesa da presoaren ametsa. Hemen gaudenontzat, sinonimo dira itxaropena eta ihesa. Eta idazten duen presoaren itxaropena ere ihesa da». Jokin Urainen hitzak dira, Ez dago etxean liburukoak. 27 urte preso egin dituen idazle horrek kartzelako murruen artean sortutako euskarazko testuak bildu eta aztertu zituen liburuan. Eta, aldeak alde, bulkada bat ikusi zuen paperean zerbait betikotzera ausartu ziren guztiengan: ihesa. Askatasunaren irudikapen gisara, ihesa, plano sinbolikoan. Baina baita errealean ere: sorkuntza emaitza perfektua ez al da koilararen pazientziaz hormigoian zulatutako tuneletik egindako ihesaldi arrakastatsua?
«Urruntzeko bitartekoa» da sorkuntza Oier Gonzalezentzat ere. Preso egondakoa da, eta Ataramiñe euskal presoen lanak zabaltzeko argitaletxeko kide da egun. 1983an Puerto de Santamariako (Cadiz, Espainia) espetxean zeuden euskal presoek kaleratutako Intxaur azal baten barruan lana du gogoan. Shakespeareri erreferentzia egiten zaio liburuan —hortik datorkio izenburua—, Hamleten pasarte bat gogoraraziz: «Intxaur azal baten barruan bizi ninteke, eta unibertsoaren errege sentitu». Metafora bat dakar pasarteak, Gonzalezen hitzetan: «Intxaur oskol horretan mundutxo bat eraikitzea bada, aldi berean , intxaur oskol horretatik ihes egiteko bide bat». Sorkuntza da mundu hori; kartzela, intxaur oskola.
Iker Morenok «deskonektatzeko» baliatu zuen sorkuntza espetxean izandako tartean. Bereak dira erreportaje honen irudiak, Oier Goitiaren Fakin Xokona libururako egindakoak. «Sortze prozesuak gidatzen harrapatzen nau, eta, beraz, nire burua horretan zentratzen da. Giro horretatik deskonektatzeko modua da». Eta presoa inguratzen duen girotik alde egitean, «bideak du garrantzia» Morenoren ustez, «prozesua bera delako gozatu nahi izaten dena». Horregatik, beretzat, azken emaitzak berak bigarren mailako balioa du kartzelan. Are gehiago: harresi artean sortutako «lan sakonenak eta osatuenak»beretzat gorde izan dituela dio preso ohiak, «inorekin konpartitu gabe».
Sorkuntza, egunerokoan
Kartzela arrotza da han egon ez denarentzat. Erreferentzia kulturalak espetxeen irudiz beteta egonagatik, presoak baino ez daki zer den bertan egotea. Gauetik egunera aldatzen da pertsonaren bizimodua, burdinazko ateetatik sartu orduko. Eta ohiko bizitza, gauzarik txikiena ere, oztopo bilaka daiteke. Egoera horretan, paperean, oihalean edo pentagraman jasotzen denaz harago, sorkuntzak badu beste baliorik: iraupen hutsarena. Gonzalezek dioenez, «egunerokotasuna errazteko tresna» da sorkuntza kartzelan. Adibide praktikoetara eramanda: Frantziako espetxeetan, non «banatzen den janari eskasarekin ozta-ozta iraun» daiteken, presoak bere kasa kozinatu behar izaten duela dio. Irudimena astintzearen ondorio da presoek tomate kontzentratuen aluminiozko hodiekin, kontserba poto hutsekin eta olioarekin egiten dituzten sukaldetxoak. «Espetxe teknologia» deitzen dio Gonzalezek horri.
Inguru arrotz hori «norberarena egin eta norberaren modura birsortzeko» beharra ikusten du Morenok presoarengan. «Edertasuna sortzeko beharra, edertasunik ez dagoen toki batean». Buruari eragin behar dio presoak, itxituratik zerbait atera nahi badu. Olatz Caminos presoak honela idatzi zuen Bakarlekuko bakarrizketa lanean: «Ikusleak galdetu behar dio bere buruari nola egiten duen emakumeak [presoak] hogei orduz alaitasuna, itxaropena, interesa bizirik mantentzeko, maitasuna ereiteko, edertasuna sortzeko». Oztopoei aurre egin behar baitie presoak, etengabe. Sorkuntza ez da erraza giltzaperatua dagoenarentzat; «dena dago kontra», Morenok dioenez. Baina irudimenak aurre egiten dio gabeziari: «Gogoan dut postal batzuk egiteko txorroskiloaren aiztoa atera behar izaten genuela, eta boligrafo baten plastikozko tutura itsatsi». Baina horrek badu alderdi positiborik ere: «Hainbeste erronka izateak soluzioak bilatzera derrigortzen zaitu. Sorkuntza, azken batean, hori da: soluzioak bilatzea».
Oztopoez mintzo da Dario Malventi antropologoa ere. Urte luzeak daramatza kartzelaren eta sorkuntzaren arteko harremanak aztertzen. Lau urte eman zituen Asturiasko (Espainia) Villabonako kartzelan, bertako hezkuntza unitate terapeutikoa ikertzen, barru-barrutik. Azkenean, proiektutik —eta kartzelatik— kanporatuak izan ziren bera eta Alvaro Garro bere ikerketa kidea, kartzelako programa harekin kritiko izateagatik. Geroztik, Renatio Curcio eta Nicola Valentino italiar preso politiko ohiekin ibili da lanean. Kartzelatik aterata, Sensibili Alle Foglie argitaletxea sortu zuten aurreko biek, presoen ametsak eta sormena aztertzeko. Eta haritik tiraka heldu dira hainbat ondoriotara. Malventik honela laburbiltzen ditu: «Pertsona bati askatasuna kentzen zaionean, erresistentziarako mekanismoak sortzen ditu. Gizakiak, ustez gainditu ez daitezkeen oztopoen aurrean ikusten duenean bere burua, beste produkzio sinboliko bat sortzeko beharra izaten du. Sorkuntza ekintza hori erabat beharrezkoa da itxialdiak dakarren sufrimendua gainditzeko».
Malventik dioenez, kartzelako sorkuntzak «bizirik eusten die» presoei, «identitate eta askatasun espazio propioa eratzen dutelako. Eta, hain zuzen ere, identitatea eta askatasuna dira instituzioak desagerrarazi nahi dituen elementuak».
Ezin erabat urrundu
Lau paretek mugatzen dute preso dagoenaren unibertso fisikoa. Metro koadro gutxi batzuk. Barrote tarteek uzten duteneraino heda daiteke gehienez begirada. Baina presoak badu, itxaropena elikatu nahi badu, hortik harago begiratzeko beharra. Irudimena piztu behar du, sortu, sinbolikoki bakarrik bada ere, lau hormek giltzaperatzen duten hori mundu bakarra ez dela sinesten jarraitu ahal izateko. Esperientzia berdintzailea da hori, jatorriz eta izaeraz ulertzerik ez duena. Bost axola nondik zatozen, bost axola zergatik zauden preso. «Erantzun unibertsala» da, Malventik dioenez. «Naturala», Gonzalezentzat. «Ikaragarria da nola berdintzen duen espetxeak sormenerako bulkada. Elementu hegemonikoak topa ditzakegu, itxiturarenak, bai Euskal Herrian, bai AEBetatik Leonard Peltierrek edo Mumia Abu Jamalek kaleratutako lanetan. Espetxeko esperientzia hainbesteraino da berdintzailea, presoaren subkontzientean eragiteraino».
Paretak zulatzea da presoaren desira, eta horretarako erreminta da sorkuntza, mundu hori albo batera utzi eta ihes egiteko. Baina presoa preso da ateak irekitzen ez diren bitartean. Eta nahia hori bada ere, ez da erraza urruntze erabatekoa eskuratzea. Horregatik, genero batez hitz egiterik balego, elementu autobiografikoak presenteen dituen generoaz ariko ginateke espetxe literaturaz hitz egitean. Agerikoa da sortzailearen isla kartzelan sortzen duen horretan. Badira kartzelako esperientziaz idazten dutenak, zehatz, deskribapen kronika gisara. Eta badira, kontrara, kontakizuna zeharo espetxetik kanpo kokatzen dutenak, «hain zuzen ere, beren burua espetxetik kanpo kokatzeko», Gonzalezen ustez. Baina «beti, inplizituki bada ere, beti» dago kartzelaren itzala. Sortzean, hain zuzen , «beti agertzen da sortzailea nondik ari den sortzen», Morenoren iritziz.
«Ihesa amets, baina gehienetan ametsek egiten dute ihes, goizean esnatzean presoak kartzelan utzita», idatzi zuen Urainek. Sortu den hori bukatu bezain laster desagertuko balitz bezala. Berriro hasi behar da sortzen, berriro ihesaldia prestatzen. Baina Gonzalezek dioenez, kartzelaren gudu zelaian «bataila» da sorkuntza, presoaren eta askatasun faltaren arteko bataila. Eta sortzea, une batez bada ere, gutxika-gutxika guda hori irabazteko pausoak ematea da. Astiro-astiro, aske bizi nahi duen presoaren alde orekatzea balantza, hura itxi nahi duen kartzelaren kaltetan.