Mikel Zalbide / 2015-03-05 / 685 hitz
Joshua A. Fishman hil da New York-en, laurogeita zortzi urte zituela. Nahigabe bizia sentitu dugu hainbatek: «A beloved teacher and influential scholar» deitu dio Ofelia Garcia irakasleak Joshua Fishman-i, bere hil-berri argian. Erdiz erdi asmatu du gure ustez. Irakasle hil berriaren jakituria zabal eta sakonak zeharo txunditu izan gaitu maiz. Hain berea izan duen gizabide zabala, orbanik gabea, hori bezainbat miretsi izan dugu bestetik, eta bihotzez eskertu.
Jatorriz judu genuen Joshua A. Fishman. Europatik Estatu Batuetara joandako familia judu batean jaio zen Filadelfian, 1926an, eta Jiddish hizkuntza Kontinente Berrian bizirik gordetzen gogor saiatzen zen familiartean eta ingurumen hurbilean hazi. Unibertsitateko irakasle, ikertzaile, aholkulari eta argitaratzaile nekaezin izan da gero, urte luzez. Hizkuntza-soziologiaren bide-urratzaile nagusitzat hartzen da. Bere ekarpen famatuenen artean hor dago International Journal of the Sociology of Language (IJSL) aldizkari famatua, berak zuzendurik berrogei bat urtez etengabe kaleratu dena. Autore edo bilduma-prestatzaile gisa paratu dituen ehun bat libururen artean hor daude, bestalde, ondoko hauek: Language Loyalty in the United States (1966), Bilingualism in the Barrio (1968/1971), The Sociology of Language: an interdisciplinary social sciency approach to language in society (1772), Language & Nationalism: two integrative essays (1972), The Rise and Fall of the Ethnic Revival (1985), Reversing Language Shift: Theory and Practice of Assistance to Threatened Languages (1991), In Praise of the Beloved Language; The Content of Positive Ethnolinguistic Consciousness (1997) eta Do Not Leave Your Language Alone: The Hidden Status Agendas Within Corpus Planning in Language Policy (2006).
Hiztun-elkarte txiki bateko kide izanik, ahuldutako hizkuntzen gainbehera eta bizirik irauteko nekea argiro ulertzen saiatu izan da bizialdi osoan. Mundu zabaleko hiztun-elkarte ahul edo txiki askoren egoera sakon aztertzen saiatu da horretarako. Euskal herria eta euskara ere berariaz aztertu izan ditu. Hainbat harreman izan zuen, hori dela medio, euskaldunokin. Iker-bisitaldi gehienak 1980ko hamarkadan egin zituen, Eusko Jaurlaritzaren eskari ofizialez. Hizkuntza-plangintzazko jardunaldian (1986), Euskal Mundu Biltzarrean (1987) eta Euskal Eskola Publikoaren Lehen Kongresuan (1989) jardundakoa da, bereziki. Aparteko lan-mintegi zabalean ere buru-belarri jardun zuen Donostian.
Ohorezko euskaltzain genuen Joshua Fishman, 2010etik. Bistan da zergatik: aparteko ekarpenak eginik zituen euskararen oraingo egoeraz eta aurrerabide posibleez. Ahuldutako hizkuntza indarberritzeko saioa perspektiba teorikotik lantzen saiatu zen bere ekarpen horietan. Jakintza-esparru horretan aurrera egin nahi genuenoi bere onginahia, maisu-laguntza eta atxikimendua erakutsia ohi zigun maiz, horrezaz gainera. Bazen beraz motibo sendorik, Euskaltzaindiak ohorezko kide izendatzeko. Euskaltzain-diploma bere etxean, New York-eko Bronx-en, eskuratu genion orain dela lau urte t’erdi. Familiaz eta unibertsitate alorreko adituez inguraturik egin zigun harrera, bere emazte Gella Schweid Fishman eta seme-ilobak alboan zituela. Edadean aurrera eginik zen ordurako, baina buru-argi agertu zitzaigun: esker onez eta, ohiko moduan, begitarte arraiz. Lagunarte jantzi-maitakorrean jardun genuen arratsalde hartan, huntaz eta hartaz, ilunabarrera arte. Asko estimatu zuen Euskaltzaindiaren ohorezko izendapen hura.
Ez da gaurko hau, inondik inora, etsipenezko lantu-jotzerik egiteko tenorea. Bai, aldiz, esker onez eta miresmen zabalez bere esan-eginak goraipatzeko unea. Hor gelditzen da maisuaren uzta, bere emaitza erraldoia. Erraldoia kopuruz, lehenik eta behin: ehun liburu inguru eta mila artikulutik gora kontabilizatu dizkiote berrikitan. Erraldoia, bestalde, landu dituen esparruen ugariagatik eta, oso bereziki, esparru bakoitzean utzi duen arrasto sakonagatik. Hizkuntza-soziologiaren oinarri teorikoak eta, aplikazio-alorrean, ele biko hezkuntza, hizkuntza-plangintza, hizkuntza eta abertzaletasuna, hizkuntza eta erlijioa edota beste hainbat alor ezin landu litezke gaur bere azalpen zehatzak, paradigma nagusiak eta aurkikuntza jakingarriak alde batera utziz. Ezinbesteko erreferentzia dira, mundu zabalean, bere ekarpen asko: ezinbesteko erreferentzia dira eta, iragarle-lanak huts egiten ez badu, luzaroan ere halatsu izango direla esango genuke.
Gurea bezalako hiztun-herri txikiek, hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena nahi baino ahulduago daukatenek, badute maisu handiari zer eskertu. Milaka gara mundu zabalean, ez hiruzpalau edo bospasei, egoera horretan gauden konstelazio etnokulturalak. Egoera horren analisi intelektualari aurrez aurre heltzen asmatu izana ez da, bere merezimendu zabalen artean, gure ustez meharrena. Hori egiterakoan ez du, gainera, «han-hemengo bitxikerien» datu-bilketa izan helburu. Hilzorian dagoen «gaixo galdu»-aren kontua ez, berri-berria den eta berri-berria izaten jarraituko duen fenomeno global zabala baizik, ikertu du maisukiro. Fenomeno zabal, alde anitzeko eta multikausal hori egoki ulertzen, eta bere arazoak zentzuz onbideratzen, lagundu nahi izan digu Joshua Fishman-ek. Objektibotasuna gidari izanik beti, eta ahularenganako estimu-errespetua oinarri hartuz, inork baino neurri zabalagoan eraiki du jakintza-eremu berria. Intelektual gutxigatik esan liteke horrenbeste. Eskerrik asko, maisu.