Gorka Julio / 2015-03-19 / 289 hitz
Oraindik gogoratzen dut lehen Internet Explorer instalatu nuen eguna. Aitortu behar dut Netscape Navigator eta bere faroaren jarraitzaile nintzela, behintzat AOLek erosi arte. Baina Internet Explorer ere erabiltzen nuela batzuetan, batez ere trantsizio garai hauetan.
Dena aldatu zen, aldiz, Microsoftek funtzionalitate ez estandarrak gehitzen hasi eta ondoren Windows sistema eragilean lehenetsi bezala sartu zuenean. Jende askorentzat Internet Explorer, nahi edo ez, Internet bera bihurtu zen, beste aukerarik ez zuen ikusten jendeak.
Nola azaldu orduan jendeari beste nabigatzaile bat instalatu behar zuela, ordenagailuan bertan ezer egin gabe bazuen eta. Ikonoak, gainera, mundu konektatua ikustarazten zuen, eta hori zen denerako atea.
Garai zailak beste nabigatzaileentzat, Mozilla Firefox Netscape-ren kodea berrerabiliz agertu zen arte. Momentu horretan, berriro estandarretan oinarritutako web ireki baten bideari ateak ireki zizkion. Gaur ere, horrela da, Firefox eta Mozilla fundazioa dira gaur egun web ireki baten alde gehien egiten dutenetakoak.
Albiste ona da Internet Explorer —behintzat marka— desagertzea, baldin eta estandarretan oinarritutako nabigatzaile baten sorrera suposatzen badu. Microsoftek, marka bai, baina estandarrak egoki kudeatuko dituen nabigatzaile berri bat proposatuko du; Spartan du behin-behineko izena.
Sinpleagoa dela dio, gailu guztietan antzeko itxura izango du. Ahots bidezko elkarrekintza izango du indargune nagusietako bat, eta argazkiak egin eta lagunekin erraz partekatzeko bidea ere bai. Beste nabigatzaileek bezala, hedapenen bidez, bere funtzionalitateak zabaltzeko aukera ere emango du horrek. Momentu batean Tim Berners Leeren ametsak estandarretan oinarritutako web irekiaren ametsa okerreko bidea hartu zuen, bereziki aipatutako Internet Explorer nabigatzailearen eta Microsoften jarreren ondorioz. Gaur HTML5 eta estandar irekiei esker, gero eta hobea da egoera, baina arazoak ez dira falta. App-ek sortu duten kulturak, adibidez, bide honetan arazo larriak ekarri ditu. Etorkizuna aldiz, Tim Berners Leek amestutako horren garapenean dago, estandarretan oinarritutako web irekia bai, baina orain web semantikoa eta datuak oinarri izango dituena.