Iñigo Astiz / 2015-03-04 / 598 hitz
Abesti bilakatutako Joseba Sarrionandiaren hamar poematan oinarritutako hamar testu propio sortu dituzte Maialen Lujanbio bertsolariak eta Harkaitz Cano idazleak. Bilbo Zaharra euskaltegiak Euskaltzaindiaren egoitzan iurretarrari buruz antolatutako hitzaldi ziklorako prestatu dute saioa.
Joseba Sarrionandiaren poema musikatu bat hartu eta hostoz hosto erantzi, eta hark ere biluz ditzan utzi. Mikel Laboak kantatutako Lili bat poematik hartutakoa da kasik atzo Maialen Lujanbio bertsolariak eta Harkaitz Cano idazleak Bilbo Zaharra euskaltegiak Sarrionandiaren omenez antolatutako hitzaldi ziklorako proposatutako ariketa. Idazlearen hitzekin sortutako bost kanta hautatu zituen Lujanbiok Canok konta zitzan, eta beste bost Canok Lujanbiorentzat. Bertsolariak eman zuen azalpena hasieran: «Lizentzia hartu dugu kanta horiek hartu eta oso modu librean haiek abiapuntu hartuta gure gogoeta, iritzi eta testuak plazaratzeko». Eta bertsolariak jarri zuen azken puntua ere, bariazio batekin: «Testu bat sortu, eta lerroz lerro erauzi, eta harek halere esan, eta harek ideiari eutsi, eta orduan hitzez hitz hartu testua, eta berbaz berba biluzi, eta hura halere izan, eta harek mamiari eutsi, eta letraz letra hartu testua, eta hizkiz hizkiz kimatu, eta harek zu ere hustu, eta harek zu ere inausi, testua hartu, eta komaz koma erantzi, eta harek ahalik eta gutxienarekin ahalik eta gehien esaten duen arte, testua hartu, eta berbagorritu dena esan dezan, gehiago kenduz gero desagertu egingo litzatekeen arte».
Kantako hitzei lotuago batzuetan, kantaren mamiari so besteetan bi sortzaileak. Galtzetan gordetzeko koblak oinarri hartuta idazletzaz gogoetan, esaterako, Cano. Abestia lehenik: «Hemen gautza ezin irten errautsen gaztelutik/ gaua sare erraldoia gugana abaildurik/ azpian nau gatibatzen tristurari loturik/ hemen natza hau zer denentz adierazi ezinik gogoetan». Eta gogoeta ondoren. «’Hemen gautza ezin irten’, pluralean dio hori. Baina gero singularrean dio bestea: ‘hemen natza hau zer den adierazi ezinik’. Irtenezina denona da: ‘hemen gautza’. Irtenezin hori adierazi ezina, aldiz, poetarena, Sarrirena».
Epikaren itzala
Ederrari zenbaitetan, arantzei besteetan. Urruntasun poetikoaren arantzez Lujanbiok gogoeta, adibidez, Marinel batzuk kanta oinarri hartuta. Itsaso urrunetara doazen marinelen epikari, gertuko etxeetan geratzen diren emakumeen egunerokoa kontrastatzen. «Marinelaren epika gure iruditeria denarekin, nola esan senarrak baga erraldoien artean arriskuan dabiltzala, nola esan gau eta egun lanean ari diren bitartean, nola esan senar horiek etxera datozenean ohiturak bere formak hartuta dauzkala, eta bizirik itzuli direlako pozaren ondoren, justu ondoren, istantegarrenean, senarrek etxean traba egiten dietela. Horiek ez dira kantuetan eta bertsoetan azaltzen normalean, urruntasuna beti da poetikoagoa arruntasuna baino. Eta nik uste ariketa eta borroka ederra dela arruntasun horri ere bilatzea poetikotasuna, nahiz eta akaso arruntasuna gehiagotan den arrunkeria».
Erruak kanta entzun, eta ezinbestean erruaz Canoren gogoeta. Abestiaren lagina lehenik: «Dena ez kendu: ez kendu niri errua. Niri errua besterik ez zaidalako geratzen./ Leporatzen zaidan errua eta, batez ere, gauzak aldatzen jakin ez izanarena». Eta Canoren gogoetaren azken puntua ondoren, eleberri beltzetako pertsonaiei keinu eginez. «Nobela beltzak irakurri zale den edonork daki errugabeek ez dutela ia inoiz koartadarik izaten, errugabeak ez direlako inoiz kezkatzen koartada bat izateaz, ez dutelako imajinatu ere egiten inoiz koartada bat beharko dutenik. Kontzientzia txarra duten errudunak dira koartadak egiten trebeak. Batzuetan, ordea, kontzientzia txarreko errudun izatea baino kontzientziadun errudun izaten saiatu behar genuke. Errudun bai, baina batez ere kontzientziadun».
Txiste puntu bat badu Linguae Vasconum Primitiae poemak: juntatzen dira mahai beraren bueltan Etxepare eta Sarrionandia, eta ETB-ri buruz hizketan nahasten zaie solasaldia. «Axularren zain geratu ginen», borobiltzen du poema Sarrionandiak. Eta iraganeko sortzaileen liburu eta bertsoetara heltzeko izan diren zailtasun eta nekeak gogora ekarriz, etorkizunaz osatu zuen Lujanbiok bere hostoa. «Hesi lasterketa itzela izan du gure bertsoen eta hitzen transmisioak, estropozuka bezala iritsi zaigu. Gaur egun, berriz, gure hitzek esan liteke badutela euskarria; badituzte grabagailuak, badituzte USBak, lainoa… Gure gaur egungo hitzek ez dute aitzakiarik etorkizunera iristeko, kontua da ea han, etorkizunean, norbait izango duten zain».