Juan Luis Zabala / 2015-03-12 / 619 hitz
Disartriak eta depresioak eragindako sufrimendua poemak idazteko gai bihurtu ditu Joan Mari Irigoienek ‘Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014)’ liburuan.
Izurri baten aurrean, edo oinazearen aurrean, oro har, bi bide har ditzake literaturak, bi aukera ditu idazleak: oinazeari bizkarra eman edo, oinazeari aurre eginez, haren berri eman. Joan Mari Irigoienek (Altza, Donostia, 1948) bigarren aukera horren alde egin du Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014) poema liburuan (Elkar), Anjel Lertxundik atzo, liburuaren aurkezpenean azaldu zuenez. Irigoienek poemagai bihurtu baititu azken urteetan oinaze iturri izan dituen bi gaitz larriak, hots, disartria eta depresioa. Disartriaren ondorioz, hizketarako motelduta dago Irigoien. Atzo ez zuen ia-ia hitzik ere egin liburuaren aurkezpenean, baina idazten jarraitzeko ez du inongo arazorik.
Hiru atal ditu liburuak: Lehenengo gau-kolpea, Bigarren gau-kolpea eta Bizitzak aurrera darrai. Lehena 2012an idatzi zuen Irigoienek, Xabier Mendiguren Elizegi editoreak aurkezpenean azaldu zuenez, disartria diagnostikatu ziotenean, eta albiste horixe eta haren harrera du ardatz nagusi; bigarren zatiak egileak igarotako depresioa du gaitzat, baina ez da depresioa izan zuen garaian idatzia, hura gainditu ostekoa baizik; hirugarren zatian, bizi izandakoaren inguruko ondorioen berri ematen du poetak. Argiaren eta itxaropenaren aldeko hautua egiten du ondorio horietan. Liburuaren azalean ageri den irudiak ere islatzen du hautu hori: Imanol Irigoienek —idazlearen anaiak— egindako margolan bat da, eta Argirantz du izenburu.
«Ni-aren alderdia ageri da Irigoienen liburu honetan, baina lehen pertsona plural bat ere bai», Mendiguren Elizegik azaldutakoaren arabera. «Gaixo dagoen idazlea bat eginda sentitzen da gaixotasun hori pasatu dutenekin zein gaixotasun horren menpe daudenekin. Elkartasun bat eta ezinbesteko batasun bat dago». Irigoienek liburuaren hasieran egiten duen eskaintzak ere islatzen du elkartasun sentimendu hori: «Esklerosiak edo depresioak jota daudenei, gaixotasun horien aurka borrokan ari diren mediku eta erizainei, ikertzaileei… guztiei ere, elkartasun handiz».
Liburua laburra da —66 orrialde—, eta «di-da batean irakurtzen da», Lertxundik aurkezpenean esan zuenez. «Poesia da, baina narrazio bat balitz bezala funtzionatzen du denbora askoan. Badaude elementu lirikoagoak eta poetikoagoak ere, poema liburu bat da; baina badu kronikatik eta narraziotik ere, aitortza on batek behar duen bezala».
Aitortza baten kronika
Funtsean «aitortza bat» da, izan ere, Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014) liburua, Lertxundiren ustez. «Bere poesian ere gutxi erabili duen tonua hartzen du Irigoienek liburu honetako poemetan: aitortzarena. Aitortzen du zer bide egin duen, eta baita bide horretan zer tentaldi izan dituen ere, batzuk oso gogorrak, bere baitako amildegitik sortutako pentsamenduak eta egonezinak. Aitortza horien kronika da liburua».
Euskal literaturan gutxitan landu da aitortza, eta adibide urrien artean Bitoriano Gandiagaren Denbora galdu alde (Erein, 1985) da libururik interesgarrienetako bat, Lertxundiren ustez. Gandiagak liburu hartan bezala, Irigoienek ere «zergatik niri?» galdera planteatzen du liburuan, larriminez; «Jaungoikoa deitzen ez dion baina ‘misterio bizi-sortzailea’ deitzen dion ente horri» egiten dio galdera hori. «Ataka horretatik ateratzeko bide bakarra ‘zergatik ez niri?’ ulertzen saiatzea dela jabetuko da Irigoien», liburuan aurrera egindakoan, «eta Oier Guillanen esaldi batekin bat egingo du oinarrian: ‘Minarena naiz zorionarena beste’».
«Bi galdera horien artean denbora asko dago», azaldu zuen Lertxundik, «denbora asko igarotzen baita gaixoak gaixotasuna asumitzen duen arte, gaixotasuna onartu edo eramaten ikasi arte. Ez da egunetako prozesua; prozesu luzea izaten da gehienetan. Irigoienen kronika bi galdera horien artean dagoen prozesuaren kontaketa da. Eta baita bi galdera horien artean bere baitako sufrimendu horretatik egindako oihu bat ere —aitortza beti da oihu bat—, bigarren galderara —ataka horretatik aterako duen galderara— iristeko bidaia bat».
Umorearen erabileran ere islatzen da poetak, liburuan aurrera egin ahala, egiten duen aldaketa: «Irigoieni beti esan izan diogu kontuz ibiltzeko hitz jolas eta txisteekin, baina berak, egoskor, ez digu inoiz kasurik egin. Liburua irakurtzen hasi eta ‘hona hemen betiko Joan Mari’ pentsatu nuen, hitz jolas eta txisteak irakurtzean. Gero, ordea, hasten denean gairik saminenez hitz egiten, tonua aldatzen du. Baina hara non azken atalean berriro agertzen diren txisteak: orain bilobak aitonari eginak… eta hobeak, jakina!».