Bidearen erdian, bide berri bat

Hasier Rekondo / 2015-03-29 / 405 hitz

  • Izenburua: Munduko poesia kaierak.Carlos Drummond de Andrade
  • Egilea: Carlos Drummond de Andrade
  • Itzultzailea: Koldo Izagirre
  • Argitaletxea: Susa

Munduko Poesia Kaierak, iragan urtean Susa argitaletxeak abian jarritako bildumak, dohaintza eskertu ezina egin digu bosgarren entregan, Koldo Izagirreren itzulpen ezin poetikoago baten eskutik: antzinako poesia zaharkituaren harriak erauzi nahian, modernismoren «bidearen erdian» bide berri bat eraiki zuen Carlos Drummond de Andrade poeta brasildarraren (1902-1987) unibertso poetikoa euskaraz ematea, hain zuzen ere.

Minas Gerais estatuko Iratiban familia aberats batean jaiotako poetak, Farmazia ikasketak egin ondoren, funtzionario lanetan eman zuen ia bizitza osoa. Poesia brasildar garaikidearen «sortze-agiria» idatzi zuen 1928ko uztailean Revista de Antropofagia aldizkariaren 3. zenbakian No meio do camino (Bidearen erdian) poema argitaratzean. «Ez zait inoiz atzenduko gertatu hori / betazal nekatuon bizitzan. / Ez zait inoiz atzenduko bidearen erdian / harria /harria bidearen erdian /bidearen erdian harria». Orduan ez zuen mespretxuzko hitzik jaso, ezta larregizko laudoriorik ere, modernismoaren eta aurreko poesia tradizionalaren gaineko eztabaida sutsuenak igaroak baitziren harrezkero, baina dudarik ez dago bide berri bati ekin ziola, poeta iraultzaile, mistiko, politiko eta ironikoaren ezaugarri guztiak dituen Drummond de Andradek.

Bere poesia modernistatzat jo izan den arren, bigarren belaunaldi berantiar batean kokatua nonbait, modernismoa gainditu eta poeta fundatzaile oparoa dugu Drummond, inongo zalantzarik gabe. Argitalpen honetan, esaterako, argiro agertzen du gaien zein formaren aldetik aniztasun ikaragarria. Hala nola, erritmo jakin bati jarraiki eta formak errepikatuz aipatu Bidearen erdian poema edo Manuel Bandeira poetari eskainitako Literatur poetika poema ironikoa, edo Bonba poemarik modernistena eta errepikakorrena. Gondim de Fonseca arerio poetikoak Drummondi leporatzen zizkion «akatsen» artean, errimaren falta eta papagai baten antzera gauzak errepikatzeko joera zeuden. Poesia politikoenak ere, edo sozialenak, badu pisurik apetazko antologia poetiko honetan. Gogoangarriak dira, esaterako, prosa-poetiko narratibo eta aldi berean esperimental baten jabe, Brasilgo Aratusteei (Festa II) edo Mexikon jokatutako Munduko Kopari (1970), jokatu den mitikoena ezbairik gabe, eskainitako poemak. Vinicius de Moraes musikari eta kantari handiaren itzalak ere aurkitu ditzake zenbait bertsotan irakurleak. Ez da erraza poema batean, demagogia populistan erori gabe esan nahi da, Tostao, Rivelino, Jair edo Pele protagonista dituen poesia gorenena ehuntzea. Drummonden bihotzean, Mexiko idealizatu hartako zelai erreetan futbolaz gaindiko beste zerbait zegoen jokoan. Eta beste zerbait horretaz ari da poesia, kanonizazio guztien gainetik, ezertaz ari bada. «Botek birrindutako Jaliscoko estadioa, / belar nekatua, / bola burlatu eta burlosoa naiz. / Ikusten? Ez naiz ikusle. Jokatzen ari naiz». Carlos Drummond de Andraderen poesiari esker, ez gara gehiago irakurle soilak, poetak gara une batez, edo poesiak dirauen bitartean bederen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.