Oihan Vitoria / 2015-03-29 / 1.579 hitz
Esfortzua, denbora eta gogoa edukitzetik harago doan hautua da helduaroan euskara ikastearena. Inguruaren eragina bistakoa da, eta gero eta ozenagoak dira hiztunen sareak indartu eta integrazio guneak sortzearen aldeko hotsak.
Ikasgeletan euskara txertatzearekin aski zela, eskolak bere kabuz euskara biziberritu zezakeela, uste horiek egon dira luzaroan euskal gizartean. Agerian geratu da, halere, txikitasunaren ajeak baino ez zirela; uste ustelak, finean. Datuek argi diote ezetz, ez dela nahikoa: euskarari bestelako arreta osoagoa zor zaiola, helduen euskalduntzea premiazko adarra dela. «Belaunaldi galdua ez: euskara normalizatzeko, funtsezkoa da helduen espazioak euskalduntzea, adindunak ere euskaraz aritzeko gai izatea, oztoporik gabe».
Helduaroan euskaraz trebatzeko motibazioetan arakatzen jarduten da HABEko teknikari Josu Perales, eta behin eta berriro nabarmendu du euskara berpizteko bidean helduen euskalduntzeak nahiz alfabetatzeak duen garrantzia. Iñaki Martinez de Luna soziolinguista ere iritzi berekoa da: «Euskaldun aktibo bakoitzak sekulako ekarpena egiten dio euskal komunitateari». Zer dela eta? Efektu biderkatzaileak dituelako, domino efektuaren gisakoak: ordura arte erdarara jotzea beste biderik ez zuten horiek hartu-emanak euskaraz egiten has daitezke. «Ateak zabaltzen dizkio euskarari», EHUko irakaslearen arabera.
Motibazioa, euskaraz ikasteko gogoa sorraraztea giltzarritzat jo du Nekane Arratibel Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak. Tesia egina dauka helduen euskalduntzean eragiten duten prozesu psikosozialez, eta zehaztu du askok eta askok euskal kulturan integratzeagatik egiten dutela urratsa: «Euskaldunago sentitzeko, euskal gizarteko kide izateko eta kultura partekatzeko nahia oso handia da ikasleengan». HABEko teknikariaren irudiko, gainera, arrazoi hori da epe luzera emaitza oparoenak dakartzana. Ahalduntzear diren horiek atzera ez egitea eta lortutakoa alferrik ez galtzea ezinbestekotzat dauka Peralesek.
Lehen, helduek euskara ikasteko zuten motibazio nagusia identitarioa zen; euskararekiko atxikimenduak zuen pisua, bereziki. Baina euskara ikasleen soslaia nabarmen aldatu da urteek aurrera egin ahala. Helduleku horri beste bat erants dakioke orain: euskaraz mintzatzeak ekar diezaiekeen abantaila sozialak aintzat hartuta, egun askok ekiten diote trebatzeari. «Arrazoi identitario hutsetatik harago doa hautua», Martinez de Luna soziolinguistaren ustean. Euskarari esker, mundu ikuskera «osoago bat» lor daitekeelakoan da Arratibel: «Euskal Herria beste modu batean ikusteko eta jendea hobeto ulertzeko aukera da».
Bada, haatik, lana aurkitzeko, azterketaren bat gainditzeko edo seme-alabei etxeko lanak egiten laguntzeko ikasten duenik. «Ez horrenbeste gizarteratzeagatik». Baina motibazioa ez da kontu estatikoa. Peralesek argitu duenez, uztargarriak dira motibazio den-denak. «Ez dute elkar baztertzen: oso litekeena da lan kontuak direla-eta ikasten hasten direnak beste motibazioetara gerturatzea eta pentsamendua aldatzera iristea».
Euskahaldun izan du leloa aurtengo Korrikak, euskal hiztunen ahalmenez jabetuz eta indartuz, euskararen mundura hurreratu ez direnak erakarri eta animatzeko. Martinez de Lunaren hitzetan, euskara bultzatzeko urratsik arinena euskaldun pasiboak aktibatzea da. «Euskarak denon premia du, inor ere ez dago sobera: haur zein gazte, gazte zein heldu…».
Gunerik eza, frustrazio iturri
Arratibelek, dena dela, testuinguruak eskaintzen dituen abaguneekin lotu du ahalduntzea, erabilerarekin hertsiki katigatuta dagoela uste baitu; alegia, ahalduntzeko borondatea eta gaitasuna izatea ez dela soilik norberaren kontua. «Gizarteak, instituzioek eta ingurukoek ez baldin badituzte neurriak hartzen hori hala izan dadin, benetako ahalduntzea lortzea oso zaila da. Inguruneak zuzenean laguntzen ez badu, frustrazio iturri izan daiteke jende askorentzat».
Hala, pertsonak soilik ez, espazioak ere euskaldundu beharraz mintzo da Mondragon Unibertsitateko ikertzailea, ikastetik erabiltzera jauzi handiegia dagoelakoan. «Ezagutzan aurrera egiten gabiltzan heinean, erabileran ez atzera ez aurrera jarraitzen dugu oraindik». Hiriak euskaldunduz, hiztun berrientzat gune estrategiko zein eraginkorrak abiaraziz eta sareak sendotuz egoera iraul daitekeela iritzi dio Martinez de Lunak. Perales ere bat dator. Euskaltegien jarduna motzegi geratu ote den sentsazioa du: «Euskaltegien lanaz gain, kaleko erabilerarako saio lagunduak indartu beharko lirateke euskaldun berrientzat».
Autoeskolekin parekatu du Peralesek euskaltegien egitekoa, eta hiztunengan izan dezakeen eragina. «Gidabaimena gidari eskoletatik pasatuta lortzen dugu, baina errepidean ikasten dugu benetan». HABEko kideak ohartarazi du gizarte elebidun batean bizita, euskaldun berriek bistako zailtasunak dituztela «haien neurriko errepideak» aurkitzeko. «Gaztelania nagusi den gizarte batean ez dute horren erraz sare euskaldunak topatzea euskaraz aritzeko».
Ahalduntzeak, hain justu, badu horretatik ere: nola eman tresnak hiztunei, nola sortu inguruak babes horiek jorratzeko… Hori posible izan dadin, gizartean, botere gune eta erakundeetan «adostasun zabala» erdiestea beharrezko dauka Martinez de Lunak, ahalegina hutsala izan ez dadin. Halakorik ezean, edozein urrats berri ika-mikarako motibo bihur daitekeela eta «giro ustelak» erdaldunak atzera bota ditzakeela ohar egin du. «Euskarara erakarri ordez, urrundu egingo lirateke».
Ahalegin denak dira baleko
Ezagutzaz aparte, EHUko irakasleak argitu du bestelako osagaiak behar direla hizkuntz komunitate bateko kide izateko. «Balioak, portaerak, jokamoldeak, atxikimendua edota identifikazioa barneratuta edukitzea, adibidez». Denboraren poderioz, alabaina, norberaren hizkuntza beharrak eta lortutako hizkuntza gaitasunak ere molda daitezke. Perales: «Eta familia giroan edo helduaroan ikasgelan lortutako gaitasuna kamustu eta galtzeko arriskua dago, hizkuntza erabili ezean».
Indarrak hezkuntzaren arlora eta erabilerara bideratzeak helduen euskalduntzea bazter uztea ekarri du; uste hori ez da berria. «Lasaitze moduko bat» gertatu den susmoa du Arratibelek. Kezkaz mintzo da: «Espektatiba denak seme-alabengan jarri izan ditugu, pentsatuz euskara berez indartuko zela. Erabilera da kezka handiena, ezagutzarik gabe erabilerarik ez badago ere». Ikasteak, berriz, ez du bermatzen erabilera, Mondragon Unibertsitateko ikerlariaren esanetan. Bestela ikusten du Martinez de Luna soziolinguistak: «Hezkuntzan jarritako arreta sekula ez da gehiegi izango. Bultzada berriak beti dira beharrezkoak». Ildo beretik, Peralesek dio helduaroan ahalduntzeko egiten den ahalegin oro dela baleko. «Torloju guztiak dira inportanteak, zein bere neurrian».
Kontzientzia aski ala gutxi?
Zama handia ekar dezake euskara ikasteak: esfortzua, kostu ekonomikoa, denbora… Zailtasunei aurre egiteko ezintasuna ere bai, lantzean behin. Euskaldun zaharrek ahalegin horiez kontzientzia falta dutela sumatzen du Arratibelek. Aski badutela iritzi dio Peralek, nolanahi ere: «Euskaldun zaharrok oso ongi dakizkigu euskaldun berrien ahaleginak. Besterik da ea behar besteko pazientziarik ote dugun trakets moldatzen denarekin solasari eusteko».
Lagundu eta eskua luzatu beharrean, euskaldun zaharrek sarri «zuzentzaile rola» hartzen dutela gaitzetsi du Arratibelek: «Esaldiak amaitzen ez lagatzea, ahoskera eta berbei behar baino gehiago erreparatzea… Askok frustraturik amaitzen dute». Horrelakoak errotik ezabatu beharko liratekeela gaineratu du Martinez de Luna soziolinguistak. «Ez direlako batere mesedegarriak».
Euskarak, oro har, badauka zaila delako fama; alegia, kosta egiten dela ikastea. Galtzak bete lan ditu, aurreiritzi eta topikoekin hausteko, eta horrek erakargarritasunari kalte egiten dio, beldurra haizatuz. Kexuka ibiltzeak ere ez dio mesederik egiten. Hori hala, euskal komunitateak hiztun berrien premia izugarria duela azpimarratu du Peralesek: «Ezinbestekoak dira euskararen iraupenerako eta elkarbizitzarako. Energia berria dakarte; gogotsu datoz». Bat egin du Arratibelek, eta kontatu du hiztun zaharren indarrak apaltzean, sekulakoak jasotzen dituztela hiztun berriengandik.
«Konplexuei astindua ematea eta konfiantza izatea gainerakoei transmititzeko». Hori da, Martinez de Lunaren hitzetan, euskara erakargarri egiteko gakoa. Jarrera asertiboa edukitzea nahitaezko jo du, jakin arren hizkuntza ezagutzen ez dutenen arreta piztea ez dela zeregin erraza. «Kontua da ideologikoki arbuiatuta ere, sarri gu garela konplexuz josita dihardugunok, hizkuntza nagusia gaztelania dela barneratuta, eta euskara, noizbehinkakoa baino ez».
——————-
Prozesu paraleloak dauzkate euskaldun berriek eta zaharrek: bietan izaten da jabetze une bat. Ahaldundu eta mataza askatzeko bidea, berriz, bestelakoa da.
Armairutik gutxienez bi alditan irten naiz: gay gisa aurrena, eta euskaldun gisa gero». Hizkuntza teknikaria da Imanol Miner (Errenteria, Gipuzkoa, 1974), eta Euskaltzaleon Topaguneko zuzendaritzan ere badihardu. Gogoeta egin du, besteak beste, hiztunen ahalduntzeaz, eta iruditzen zaio gizarteak oraindik «mesfidati samar» begiratzen diola hizkuntzen kudeaketari. «Batzuk amesten, besteak beldurrez. Asmatu ezinda gabiltza».
Linguistikoki giltzarriak eta baliabideak falta zaizkiela, uste hori du Minerrek euskaldun zaharrez, eta irmo sinesten du haien «jabetze prozesuan», hark ere hala bizi izan duelako. «Etxean ikasi nuen euskaraz, baina gerora, konturatu nintzen jaso nuen euskalduntasunaren ikuspegia, eredua edota praktikak ez ziola bete-betean erantzuten bizi nuenari; zurrunegia zela eta malguagoa behar nuela». Pausoa ematea erabaki zuen orduantxe, eta zukatik hikara jo: «Biak uztartzen ditut: zuka aritzean euskaldun zaharra naiz, eta hika hitz egitean, euskaldun berria; euskaltegitik ateratzen direnen maila dut, asko jota». Berariaz, arreta ipiniz eta ikastaroetan barneratuz ikasi duela dio, ez baitu etxeko transmisioan eskuratu.
Feministek, homosexualek eta bestek baliatu ohi duten jabetzearen kontzeptua euskarara dakar Minerrek: «Euskaldunok bigarren mailako herritartzat gaituzte, emakumeak, gayak eta lesbianak bezalaxe. Ukazioa jasaten dugu maila guztietan. Balantza ez dago orekatuta: sufrimenduaren motxilaren zama daramagu arrastaka, jazarpen gogorrak bizi ondoren. Feminismoak ere beti erakutsi du begirada diferenteak integratzeko eta birbideratzeko ahalmena». Bide horretan, alderaketa egin du, euskarak mugimenduotatik edateko duelakoan. «Heteroarauan hezten gaituzte, baina iristen da momentu bat desio sexuala ez datorrela bat erakutsi dizutenarekin. Ezkutuan segitzea ala jendarteratzea; horra erabakia. Euskararekin ere, berdin».
Gizarte mugimenduek euskaldun zaharren eskura tresnarik jarri ez izana txarretsi du Minerrek. «Bikoitza delako zigorra: euskaraz mintzatzen ez bazara, egurra; gaztelaniaz egiten baduzu, deseroso». Garbi du joera horren jatorria: «Euskaraz eta kito, euskara ikasi behar duzu… Txikitatik hezi gaituzte kultura horretan. Geure gurasoak zigortuak izan dira, gu ere modu sibilinoago batean euskaraz jardutearren: lehen, legez; orain, legez ere ez. Barneratuak ditugu zigorrak, eta horiek errepikatzeko joera dugu». Bide hori bazter lagatzeaz mintzatu da Miner: «Euskalduntasuna ez da bizi osorako titulua, pedigria ematen duen estatusa. Hala uste duenik bada, baina eredua amaituta dago jada». Euskara ikasten ari denari gainetik behatzeaz, etengabe zuzentzeaz eta komunikazioa bizkortzeagatik erdaraz aritzeaz kritiko da. «Etxeko teilatura harriak botatzen segitzea bezala da».
Norbere ahalmenez jabetzea
Armairutik irteteko, hizkuntz esperientziei buruz gogoetatzea eta apaltasun ariketa bat egitea ezinbestekotzat du Minerrek, norbere ahalmenez eta bizipenez ohartzeko. «Bilatzaile jarrera edukitzea, esperientziak partekatzea, arauetatik aldentzea, gaiaz aritzea…». Horiek aipatu dituen bide batzuk. «Begirada hori geureganatzen ez dugun bitartean, nekez ulertuko dugu gure barruan eta albokoarenean zehazki gertatzen ari dena».
Hiztuna, hizkuntza komunitatea eta hizkuntza bera. Hiru maila horiek bereizi ditu Minerrek, uste baitu euskararen normalizazioa eta hizkuntza komunitatearen aitortza euskara elkarteen lanketaren esku geratu dela maiz. «Baina hiztuna non geratzen da mailaketa horretan?». Zerbaiten falta igartzen du: «Ez dugu asmatu euskal hiztunak nola jantzi, eskolatik irtetean egoki moldatzeko».
Hiztunen egunerokoa normalizatzeko txipa aldatu behar dela dio, jabetuz elebakarrek gehiegikeriak eta jarrera hegemonikoak dituztela. «Elebakartasuna eskubide bat ez, muga bat da, eskubide bat balitz moduan kudeatu arren. Elebakartasuna ezin da ezeren erdian jarri, ezin da saritu, ez eta politiken jaun eta jabe bihurtu ere».