Mikel Lizarralde / 2015-04-23 / 388 hitz
‘Gizon gogorraren sekretua’ nobela beltza ondu dute Martin eta Xabier Etxeberria anaiek.
Poker partidak, whiskia, detektibea… nobela beltz anglosaxoiak generoaren elementu komun bihurtu dituenei buelta eman, eta noir batek Euskal Herrian izan litzakeen ezaugarriez busti dute Martin eta Xabier Etxeberria anaiek elkarrekin idatzi duten laugarren liburua (Gizon gogorraren sekretua, Elkar): musa, txikiteroak, futbola… ez dira nolanahiko aldaketak; izan ere, Etxeberria anaiek zehaztu dutenez, horrek guztiak osatzen du liburuaren ardatza; batetik, giroak, istorioa espazio jakin batean marrazteak —Donostia aldea, Tolosako inauteriak— eta, bestetik, pertsonaien eraikuntzak —Erre, hilketa bat ikertzera behartutako gizon arrunta; Jota, atzerapen psikikoa duen laguntzailea; Karmele ertzaina; Eme prostituta—. «Giroak zeresan handia du liburuan. Ingeniaritza ariketa egin dezakezu, baina, azkenean, giro hori, pertsonaiak, egin behar dira sinesgarri», dio Xabierrek.
Istorioak beltzera jotzen du bete-betean: gizon arrunt bat (Erre) bizi den biltegiaren ondoko lantegian hilotz bat aurkitu dute inauteriak hastearekin batera, urkatuta, kolpatuta eta zaurituta. Biluzik ageri da; belarria eta zakila moztuta. Belarria bere eskuetara iritsiko da, eta horrek bezperako mozkorraldiaren ondorengo ajeak lausotutako ibilerak argitzera eramango du Erre. Hilketa hori ikertzera finean.
Nolanahi ere, Etxeberria anaiek umorerako joera nabarmena dute, eta umore hori atera egiten zaie, genero beltzeko nobela batean bada ere. Eta istorioa girotua dagoen garaiari erreparatuta —2010eko inauteriak—, «nobela mozorrotua, karnabaleskoa» egin dutela azaldu du Martinek: «Bada maskara joko bat, baina ez veneziar erara. Satiratik du liburuak, jokotik. Karnabal girotik».
Urtebete inguru eman zuten bi anaiek liburuaren edukia, istorioa eta pertsonaiak, pentsatzen, marrazten, eta beste urtebete pasa behar izan zuten idazteko. Lau eskutara. Aurreko lanekin alderatuta oraingoan zuzenketa gehiago egin dituztela aitortu dute biek; iradokizun mordoxka bat kontuan izan dituztela. Ertzaina gizonezkoa zen hasieran (Patxi), baina, Xabier Mendiguren Elizegi editorearen aholkuei jarraituz, emakume (Karmele) bihurtu zuten. «Gero, idatzi ahala ere joan da aldatzen argumentua», Martinek.
Sinesgarri izateko borroka
Ostegun gizenez hasi eta hausterre egunez bukatzen da eleberria, eta atal nagusi bakoitza, inauterietako egun bakoitzari dagokiona, Jon Alonsoren Camembert helburu liburuko (Susa, 1998) aipu batekin hasten da. Protagonista irakurtzen ari da nobelatik eta saiakeratik duen liburu hori, eta Etxeberria anaientzat nolabaiteko «bidelagun bat» izan da.
Alonsok berak goraipatu egin du Gizon gogorraren sekretua: «Oso ongi, bikain idatzitako nobela beltza da». Idazle eta itzultzailearen iritziz, Etxeberria anaiek jakin dute espazio sinesgarri bat eraikitzen —Donostia aldea—, eta, horrekin batera, espazioari eta kontatzen den istorioari «oso ondo» egokitzen zaion hizkuntza erabili dute. «Sinesgarritasunaren borroka irabazi dute».