Igor Susaeta / 2015-05-27 / 706 hitz
Karlos Linazasorok literatura ikusteko daukan modua laburtu du ‘Literatura hiztegi tekniko laburra’ liburuan. Umoristikoki, filosofikoki eta samurki landu ditu genero nagusiak.
Idazten hasten denean, literatur genero batzuek Karlos Linazasororen (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) alderdirik basatiena azaleratzen dute. «Beste batzuek, aldiz, nire samurtasuna, lirikotasuna». Biak dira inportanteak, bai haren literatur egitekoan —40 bat obra kaleratu ditu azken 25 urteotan: poesia, saiakera, narrazioa, nobela, haur literatura, antzerki lan bat eta aforismo liburu bat…— eta baita haren baitan ere. «Bi aldeek talka egiten dute nigan». Hain zuzen, Linazasorok literatura errealitatearekin talka egiteko teknika edo gailu gisa erabiltzen duela iruditzen zaio Harkaitz Canori. «Talka horren bidez printzak, txispak lortzeko».
Printza horiek argitu dezakete Linazasoro poetikoa, umoristikoa, ironikoa, filosofikoa, zirtolaria, aforistikoa, fantastikoa… «Ez dakit zenbat Linazasoro dauden…», dio egileak berak. Ibon Egaña kritikariaren aburuz, Linazasoro ia guztiak biltzen ditu, behintzat, Literatura hiztegi tekniko berria (Elkar) liburuak. Beraz, literaturako genero guztiak landu ditu horretan. «Literatura ikusteko daukadan moduaren laburpen bat da», argitu zuen Linazasorok berak, atzo, Donostian egindako aurkezpenean.
Tiraderan zeukan «desmadrea» du sorburu haren erreferentzia berriak. «Denetik nuela ikusita, zera pentsatu nuen: ‘Ea lortzen dudan hau guztia liburu bakar batean sartzea’». Eta hiztegiarena ideia egokia izan zitekeela erabaki zuen. Hiztegi baten gisara egituratu du, hortaz; lehen-lehenik kontzeptua definituz (Aforismo, Errealismo, Komedia, Metafora, Musurismo, Soneto, Ukronia…) eta gero adibide praktikoak erabiliz, baina «muturrera eramanda», Canoren arabera. «Definitzeko orduan, gainera, hasieran eusten dio korrekzio akademikoari, bai, baina, hirugarren lerrorako, literaturarekin erasotzen dizu».
Pentsatzen du Linazasorok bere ertz guztiak azaltzen dituela liburuak, eta direla ipuinak, direla poemak, direla mikroipuinak, ironiarekin, umorearekin eta, areago, sarkasmoarekin zorrozten dituela; «baita maitasunarekin ere». Nolabaiteko «amets borgianoa» da Literatura hiztegi tekniko berria argitaratu izana. «Idazle guztiok daukagun ametsa da liburu total, erabateko, guztizkoa noizbait idaztea; zure liburu guztiak bilduko dituen liburu zirkular bat ontzea».
Behin hori osatuta pentsatu izan du beharbada itxi zezakeela ziklo bat, edo literatura «bukatu da» esan zezakeela. «Baina ez da ezer bukatu, kaxoia berriro betea baitaukat, eta ez da, gainera, ziklo baten amaiera», bota zuen, umorez bezala ironiaz, komunikabideen aurrean egindako agerraldian.
Obsesioez ere mintzo da idazlea azkeneko liburuan. Gauzak labur esateko beharra sentitzen du, esaterako, eta, orduan, idazkera «kasik aforistikoa» erabili du. «Potoloa da liburua —300 orrialde pasa—, baina barrukoa esaldi laburrez, printzaz osatuta dago, eta mikroipuinak 200 dira ia. Luzea den bakarra nouvelle-a da —Zapata-lotzailearena izenburua dauka—, 80 bat orrikoa». Finean, nobela baten gidoia dela esango luke egileak.
Garatzea gehien kostatu zaion epigrafea antzerkiarena izan da. «Poesia du gai, eta eskatzen zuen erudizioa, sakontasuna». Oso «beckettianoa» iruditzen zaio. «Bi pertsonaien arteko kalaka etengabea da, baina ia-ia ez dute elkar komunikatzen». Horra, hain justu, haren beste kezketako bat.
Egañaren hitzetan, komunikatzeko ezintasun hori, heriotza, denboraren joana eta «bizitzaren zentzugabekeriak sortutako larridura» daude liburuaren funtsean, erroan, eta horiek ematen diote batasun bat literatur molde askotan idatzitako lan horri. «Perplejidade horren aurrean hartutako bideak dira ezberdinak: batzuetan, lirismoarena; besteetan, gehiegikeriarena, paradoxarena…». Eta umorearena ere bai, noski: «Gauzei logika bat bilatu nahian dabiltza pertsonaiak, jakinda bilaketa hori alferrikakoa dela gehienetan; eta, horren aurrean, umorea da aterabide bakarrenetakoa».
Ordena, desordenarekin
Izenburuak sortzen du lehen talka, «aurreneko tranpa», Canoren esanetan: «Karlos [Linazasoro] espezialista baita adierazten duenaren kontrakoa esaten, eta esaten duenaren kontrakoa adierazten». Desordena da Linazasororen beste teknika bat printzak sortzeko ahaleginean, Twist liburuaren egilearen ustetan: «Ordena lortzeko, desordena erabiltzen baitu».
Talkak aipatuta, elkarrizketen tonua da nabarmentzekoa, Canorentzat: «Pelukeria batekoaren eta greziar tragedia batekoaren arteko nahasketa… Inposiblea! Inposiblea baina eraginkorra». Beste adibide bat talkarako, anakronismoei heltzen dienean: Gregor Samsa El Corte Inglesera joaten denekoa, esaterako. «Esperimentuak ezin du gaizki atera». Umore hiperbolikoa ere bada haren beste tekniketako bat. «Langabeak baino lanpostu gehiago sortzen dituen politikariaren istorioa kontatzen duenean, esaterako». Edo nola kentzen dien hautsa betiko atsotitzei: «Hilberri guztiek zopako bat eramaten dute besapean».
Liburua irakurtzen ari zen bitartean, ironiatik algararainoko espektroa ibili dute Egañaren erreakzioek. «Autoironiak dena hartzen du, hasieratik bukaeraraino». Baita literaturaren gaineko kezkak ere: «Poesiaren funtzioa zein den etengabe galdetzen du». Eta egileak berak erantzuten dio galdera horri, Canok argitu zuenez. «Zertarako literatura eta poesia? ‘Hitza irekia mantentzeko’, erantzuten du». Indar «dena-barne-biltzaile bat» dauka liburuak; «aurreneko eta azkeneko liburuek daukatena, hain zuzen».
Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen irudiko, Linazasororen summa da Literatura hiztegi tekniko berria. «Linazasoro idazlea ondoen erakusten duen liburua da, seguru asko». Egilea ados dago: literatura ikusteko daukan moduaren bilduma bat da, printzaz printza bildua.