Elixabete Garmendia / 2015-06-03 / 474 hitz
Geroz eta kazetari gehiagok sinatzen du bi abizenekin: begiratu —urrutirago joan gabe— BERRIAn bertan, Argia-n eta ETBko albistegietan. Gehienak emakumezkoak dira; bakar batzuk, gizonezkoak. Eta kontua ez da sortu zortzi apellidu-ena paseatzera atera dutenetik; bigarren deitura erabiltzeak beste motibo bat du atzean: amari gorazarre egitea. Dagoeneko ama diren profesionalek eman diote hasiera joera horri; aurrera begira beren arrastoa galtzen utzi nahi ez dutenak dira, katearen segida agerian jarri nahi dutenak. Amatasuna aldarrikatu nahia erakusten du, funtsean, erabakiak.
Aspaldi —1999an— jokatu zituen Arantxa Iturbek Ai, ama!-ren forma guztiak, gero antzerkira ere eramango zuen saiakeran. Ordurako, hogei urte zeramatzan kalean Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox-ek, gurean artean berria zen ama klase bat azaleratu zuen nobelak. Bi idazle horien bidetik, asko etorri dira jarraian. Gema Lasartek bildu berri ditu, Ultrasounds: Basque Writers on Motherhood ipuin antologian, hamazazpi euskal idazlek —emakumezkoak dira guztiak— amatasunari buruz eskribitutakoak.
Literaturaren alboan, antropologia ere bidea egiten ari da: ikerketak, artikuluak, blogak… Amatasuna eztabaida sozialaren plazara atera da —dute—. Eta ideia-zurrunbilo horretan, kontzeptu eta sentipen bat azaltzen da gehienbat: amaren —amen— erruduntasun sentipena. Onintza Irureta Azkunek Argia-n (2.448 zenbakia) egindako erreportajean honela aurkezten zuen auzia: «Enplegua utzi eta etxean geratu delako; umea haurtzaindegira eraman eta soldata irabazten jarraitu duelako. Bi urte arte bularra ematea erabaki duelako; farmazian erositako esnea biberoian ematen diolako. Ohean jaioberriarekin lo egiten duelako; haurrak alboko gelako sehaskan gaua bakarrik pasatzen duelako. Errudun sentitzen diren amen belaunaldia da hau».
Egunerokotasun prosaikoari lotutako kasuistika hori bizi-bizi dago. Ez da, dena dela, guztiz berria: oraingoaren aurreko belaunaldietakoek ere bizi izan zuten, baina ez hain agerian. Ama izateko pausoa ematen zutenek nahikoa zeukaten etxetik kanpoko lanean jarduteko erabakiari irmo eustearekin, kosta ahala kosta; bizitza soziala parkera ez mugatzen ere saiatuko ziren bakarren batzuk; haurtzaindegiak lortzeko borrokatuko ziren… Hortik aurrera, nork bere etxeko pareten barruan gordeko zituen ezinak, zalantzak, atsekabeak eta… errudun sentipenak, kontu pribatuak zirelakoan. Panorama horren aurrean, lanaren mundura bete-betean sartu zen belaunaldiko emakume askorentzat, superwoman-ak izateko bokaziorik izan ezean (zorionez, ezkutatzen ari da karakterizazio hori, ezta?), erabaki zentzuzkoa zen umerik ez edukitzea, ama izateari uko egitea.
Erabaki horri heltzen dio gaur egun, sakonetik, Beatriz Gimeno pentsalari feministak. Construyendo un discurso antimaternal artikuluan (Pikara Magazine, 2014-02-13), honela dio: «Emakumeak umeak eduki ahal izateak ez du esplikatzen —ezta justifikatzen ere— eduki nahi izatea; eta umeak izatea ona, hobea edo desiragarria denik ere ez».
Muturrean ikusiko dute askok Beatriz Gimenoren diskurtsoa, baina ezin da ukatu auziari errotik heltzen diola. Eta gehiago ere badio: gaur egun amatasunarekiko kultua berpiztu egin dela; «neo-amatasun erromantizatua» deitzen dio berak joera berri horri. Alegia, ustez aurrerakoiak diren giroetan, barrenean atzerakoiak diren jarrerak ari direla planteatzen ama izateari buruz.
Bularra/biberoia; etxea/haurtzaindegia; ama-langile/ama-etxekoandre… ez dira banalizatzeko moduko dilemak. Baina, egia esan, askotan ematen du ama gazteak bikaintasunaren norgehiagokan trabatuta dabiltzala. Eta hor, erne!, ze ama izateko presio sozialari, gainera, inongo amarik —eta gurasorik— perfektoena izatekoa gehitu zaio. Eta hori… xantaia da.