Nora Arbelbide, Lander Muñagorri / 2015-06-13 / 1.348 hitz
Katalunian agertu difteria kasuak txertoaren garrantzia berriz mahaira ekarri du Hego Euskal Herrian; gaiak eztabaida ekarri du Ipar Euskal Herrian ere, baina kasu honetan B hepatitisaren aurkako txertoa haurrei jartzeagatik, eta, oro har, txertoen laguntzaile gisa erabili aluminioagatik.
Difteriak jota egoera larrian dagoen 6 urteko katalanari ez zioten txertorik injektatu, txertoa existitu arren. 32 urte ziren ez zela gisa bereko kasurik agertu Katalunian. Horrek eztabaida ekarri du. Txertatzen ez direnen arduragabekeria aipatu da azken egunotan. Gertakariak oinarrizko elementu batzuk gogoratzera ekarri ditu batzuk. Horien artean, Felix Zubia patologia medikua eta EHUko irakaslea: «Bizi-itxaropena igo bada, hiru ezaugarri daude: garbitasuna, elikadura eta txertoak. Ez dago txertorik 100% funtzionatzen duenik. Baina sortzen du artalde funtzioa. Hau da, populazio baten barruan denak txertatu eta %80ko eraginkortasuna badaukazu, inguruko denak eraginkorrak badira, zugana gaixotasuna ez da iritsiko, besteek moztuko dutelako. Asko txertatzeak denok babesten gaitu».
Horri begira, ez txertatzeko joera horrek kezkak sortzen dizkio Zubiari: «Haur askok babes hori galtzen dute. Eta zer ari gara ikusten? Ez txertatzeko joera dela eta, desagertuta zeuden gaixotasunak sortzen ari direla. Elgorria, esaterako, urte asko dira ez zela hemen ikusten». Frantziatik Ipar Euskal Herrira igaro zen eritasuna, eta hortik Gipuzkoara. Zubiak ikusi arte.
Txertatze eskasa baieztatu du Baionako ospitale publikoko txertatze zentroaz arduratzen den Sophie Farbosek. Han, zenbait herrialdetara joateko behartua den sukar horiaren aurkako txertoa injektatzen dute. Txertatzera doana gainerateko txertoekin zertan den begiratzeko baliatzen du bisita Farbosek. Eta ohartua da azkenaldian anitzek ez dituztela txertoak jartzen. Alta, Farbosentzat ere «ardura kolektiboa» da txertatzea.
Legez behartzea
Ardura kolektiboaren ideia ez da denetan bera, ordea. Hego Euskal Herrian aipatu da legez oinarrizko txertatze batzuk behartu beharko liratekeela, baina legez behartze hori existitzen da jada Ipar Euskal Herrian. Haurra difteria, tetanos eta poliomielitisen aurka txertatzen ez duenak 3.750 euro eta sei hilabeteko presondegi zigorra arriskatzen du. Haurtzaindegi, aisialdi leku edota ikastetxeetan egiten da kontrola. Txertatua ez denak ez du egitura kolektiboetan sartzeko baimenik.
Non ikusten diren arriskuak, horrek ere gogoetak dakartza. «Ni erosoago nago ez txertatzearen arriskuan, txertatu izanaren arriskuan baino», horra ikuspegi bat, Maiderrek dakarrena. Izengoitia du Maider. Bere lekukotasuna ematea onartu du, baina anonimoki. Bi haur ditu. Lehena tuberkulosiaren aurka txertatu zuten, baina gainerateko txertorik ez. Bigarren haurrak ez du txerto bat ere jaso: «Beldurraren gizarte batean bizi gara. Lana galtzearen beldurra. Gaixotzearen beldurra. Eta, azken finean, gizartea manipulatzeko modu bat da. Arrisku hori dagoela? Arriskurik egongo ez balitz, esango didazu. Bizian egiten den urrats bakoitzean dago arriskuren bat», beti Maiderren hitzetan.
Gai beraz beste ikuspegi bat dauka, haatik, Zubiak: «Gaixotasunak garatzeak arrisku handiagoa dauka txertoak dituen arriskuak baino», uste du Zubiak. Zailtasun hauxe aitortu dio: «Medikuntza prebentiboak arazo bat du, gertatu ez dena ez dela azaltzen. Zuk saihestu duzuna frogatzerik ez duzu». Konbikzio bera du Farbosek. Eta argi du txertoaren garaipena:«Milaka, milioika txerto egiten dira egunero munduan. Milaka, milioika eritasun saihestuak dira. Kasu bakar batzuk direlarik txertoen ondorioz eritzen, eta ez delarik frogatua ere txertoengatik dela». Eta horri begira, ororen buru arriskua, baldin balego ere, hartu behar da, Farbosen iritziz.
Arriskuak zein izan daitezkeen badaki Yvette Dubois aihertarrak. Miofaszitis makrofagoduna eritasuna zuela baieztatu zioten 2003an. Urte anitz eman zituen ordu arte zer zuen xerkatzen. Diagnostiko zehatzik ezin aurkituz. Akidura handiak, muskulu eta artikulazio minak eta memoria arazoak jasanarazten dizkio eritasunak. Eguneroko zailtasunek lana uztera behartu zuten. Tetanosaren txertoarengatik, eta partikularki laguntzaile duen aluminioagatik agertu dela eritasuna frogatzea du bere borroketako bat, orain, aihertarrak. Eta ez da horretan ari den bakarra. Borroka bera daramatenak 400 bat dira, E3M elkartearen bidez. Txertoen konposiziotik aluminioa kentzeko eskatzen dute.
Orain arte zailtasun handiak aurkitu dituzte aluminioaren eta eritasunaren arteko lotura horren ezagupena lortzeko: «Baina azken urte hauetan lotura horri begira izan zitezkeen dudak arrunt apaldu dira», itxaropentsu da Dubois. Ikerketa zientifiko bat abian da. Orain arte egitura publikoek ez zutena diruztatu nahi. Baina, elkarteak eraman bi gose greben ondorioz, eta zenbait parlamentariri esker, azkenean onartu dute ikerketa diruztatzea, Frantziako osagarri eta mediku erakundearen (Inserm) partaidetzarekin.
Ikerketak lehen emaitzak heldu den urtean ditu agertzekoak. Eta berek diotenaren alde eginen duela pentsatzen du Duboisek. Denborarekin egia agertuko dela. Aitzinago izanak dira eskandalu batzuk, argira atera direnak denborarekin, gogoratu du aihertarrak. Dela odol kutsatuarena edota Mediator erremedioarena.
Gertakari horiek polemika sakondu dute, hain zuzen, Ipar Euskal Herrian. Iritzi publikoaren konfiantza eskasa berretsi dute. Eritasunak saihestea baino gehiago, beste interes batzuk gordetzen direla txertoen gibelean.
Gertatzen dena da, haurrentzako legeak behartzen duen oinarrizko txerto horren aurkako txerto soila ez dela gehiago eskuragarri merkatuan. Bukatua da. Bukatua da baita hirukoteaz gain —difteria, tetanos eta polioa—, kukutxeztula dakarren txertoa. Lauak elkartzen dituena. Kukutxeztula epidemia izan dela eta, azkarki gomendatua baita hori ere. Eta, preseski, epidemiaren aurka borrokatzeko txerto anitz egin delako da bukatu. Hori da laborategien argumentu nagusia. Salbu, sei infekzioen aurkako txertoaren kasuan. Hori beti eskuragarria da, kukutxeztula barne duela. Gaineratekoak bukatuak direnez, gobernuko mezua seikote honen xiringatzea da, legez behartuak diren hiru txertoak txertatzeko aukera bakar gisa.
Garestiena soilik salgai
Gertatzen dena da sei txerto biltzen dituena txerto garestiena dela. 40 bat euro. Prezioaren %65 bere gain hartzen du Gizarte Segurantzak. Baina gaineratekoa norberaren sakelatik atera behar da. Eta horra, nonbait, nondik tiratzen duen interesen liskarren susmoak bere argumentuetako bat. Nolaz txerto garestiena da segurtatuena? Edo beste gisa batez galdeginik, hain garrantzitsua den gai bat izanik, zergatik ez ote da kontu publiko bat? «Hori ez da niri pausatu behar den galdera», aitortu du Farbosek. «Pertsonalki prebentziozko medikuntza eraginkorrena dela pentsatzen dut, baita kostu aldetik ere. Baina hori ez da frantses politika. Anglosaxoiek bai, hori hobesten dute. Gure kasuan, ez. Adibidez, paludismoaren aurkako artamendua ez da Gizarte Segurantzaren ordaintzapean. Aldiz, paludismo larri baten ondorioak jasaten badituzu, kasu horretan bai, tratamendua ordainduko dizute. Baina hori osasun publiko mailako hautuak dira, ez direnak nire esku».
Galdera berari, beste galdera batzuk zaizkio bururatzen Behorlegin (Baxenabarre) bizi den Gorka Torreri. Anitz gogoetatua dute gaiaz familian. Eta azkenean, bi semeei gutxieneko txertoak egitea erabaki dute. Legea errespetatzen dute, hortaz. Baina, duda «serioekin». Izatekotan tetanosaren aurkako txertoa zaie eraginkorrena iruditzen. Txertorik gabe edo txertoarekin, bi kasuen artean dauden onurak eta arriskuak balantzan jarri eta hala adostu dute. Baina kasu honetan ere, ez dira konbentzituak, eta «gogoz kontra» egin dutela azpimarratu du Torrek. «Zein baliabide jarri da ikusteko zinez kaltegarria den edo ez? Egin dira behar diren ikerketak? Nire ustez ez». Eta ondorioz, ezinezkoa zaie «iritzi bat molde egokian eraikitzea». Txertoei begira, zinezko begirada kritiko bat behar dela zaindu konbentzituak dira familian.
Ardura kolektibo horren ideia bururaino eramanez, adibidez: «Kolektiboa hainbesteren aitzinean ematen bada, zergatik txertoen ekoizpena eta salmenta ez da publikoa? Zergatik pribatua da? Ni hasiko naiz txertoei sinesgarritasun gehiago ematen txertoak, eta oro har, sendagailuak ez direlarik gehiago molde pribatuan ekoitziko, eta ez direlarik interes pribatuentzat zabalduko. Hor, bai, hasiko gara serioski eztabaidatzen. Zentzuzkoa izanen da norbaitek erraitea eskubide kolektiboa norbanakoarena baino lehenago dela. Baina pribatua sartzen delarik, nola jakin interes pribatua eta interes publikoaren arteko muga non den?».
Gertatzen dena da seikote horren barnean B hepatitisaren aurkako txertoa ere badela. Eta honek ere eztabaidak sortzen ditu. Plaka esklerosia eragiten duela susmoak badira.
Hori baieztatzen duen ikerketa zientifikorik ez dagoela dio, bere aldetik, Farbosek. Eta, oro har, susmo horiek asmakuntza hutsak direla: «Iruditzen zait anitzek errazkiegi sinesten dutela Interneten irakurtzen dutena, osoki asmatuak diren kontuak direlarik ere. Zientifikoak agian ez ditugu hainbeste entzuten». Aitzineko osagarri eskandaluak izan direla eta, agian, frogak berantago etorriko direla dio Farbosek; eta bien bitartean prebentzio gisa ez ote den aluminioa saihestu behar galdetuta, Farbosek dio ez daukala gaitasunik jakiteko zer den hobe. Baina aluminioa hobetsi bada, arrazoiak baditezkeela.
Dena dela, txertatu aitzin ere badela zer egin pentsatzen du Torrek. Garrantzitsuena «osagarri kolektiboa hobetzea da. Txertatze kanpaina zabalak egiten dituzte, baina lehen urratsa denak osagarri onean izatea litzateke, elikadura ona izanez, kutsadurarik gabekoa. Bizi sano bat izatea. Horren ondoren ikusiko genuke zein eritasun garatzen den». Eritasunaren parean gorputzaren egoera inportanta dela gogoratu nahi du Torrek, «gorputza sano eta indartsu bada, eritasunen aitzinean ez du berdin jardukiko».
Ororen buru, guztiek guztiaz informatuak izatea, horretan da gakoa, borobildu du Duboisek: «Gauzak argi eta garbi erran behar dira. Gardentasun gehiago behar da. Txertoen arriskuak ere hor direla azaldu behar da. Gero norberak hautatzen ahalko du. Bakoitzak egin dezala sentitzen duena. Atzemana zarelarik ezin baituzu gibelera egin».