Edu Lartzaguren / 2015-06-03 / 1.170 hitz
Euskarazko grabazio zaharrak agertzen jarraitzen dute Europako hainbat fonotekatan, baina, gehienetan, ezinezkoa da baimena lortzea horien edukiak zabaltzeko, nahiz eta protagonista guztiak aspaldi hilik egon. Badira, ordea, grabazio batzuk erreskatatu dituzten zale ausartak.
Berlindik hunkituta itzuli zen abenduan Maider Bedaxagar kantari eta filologo zuberotarra. Lehen Mundu Gerrako preso euskaldunei Hermann Urtel filologoak 1916-1917 urte artean eginiko grabazioak entzun zituen Berlingo Museo Etnologikoak. «Armen mehatxupean nola kanta daitekeen jakin nahi nuen», esan du. Denera 75 euskal kanta dituzte han. Pare bat entzuteko asmoz joan zen Bedaxagar, baina, liluratuta, guztiak entzun zituen. «Pozik, eta kontent, indar osoz abesten dituzte presoek». Bere bizitzako grabaziorik «ederrenak» direla esan du abeslariak, «urrundik, gainera». Bedaxagarrek, edonola ere, gogoan gordetako soinuekin itzuli behar izan zuen etxera. Izan ere, euskarazko lehen kantu eta hitzen lehen grabazioetako beste asko bezala, Berlingoak bahituta daude. Argitaratuta ere ez daude. Kopia batzuk dituzte hainbat ikertzailek, baina bakarrik pribatuan entzuteko baimenarekin. Presoek behartuta eginiko grabazioak dira. Egile guztiak hilda daude dagoeneko, copyrighta aspaldi dute iraungia, eta, halere, artxibategi baten gatibu dira. Eta ez dira bakarrak.
Euskal Herriko soinu arkeologiaren historiako abenturarik bitxienetako baten protagonista Inaxio Lopez de Arana itzultzaile eta terminologoa izan zen. Arabako Batzar Nagusietan itzultzaile lanetan ari zela, alemanezko artikulu bat eman zioten. Testu horren bidez jakin zuen Leon Azoulay izeneko bat euskaldunen ahotsak grabatzen ibili zela 1900. urteko Parisko Erakusketa Unibertsalerako. Jakin-minak bultzatuta, euskarazko soinu zahar haiek berreskuratzea eta zabaltzea erabaki zuen Leon de Aranak.
Hilabeteak pasatu zituen grabazio haien kopia eskatzen Parisko Musee de L’homme erakundeari. Alferrik. «Jaurlaritzako Josune Ariztondori esan nion non zeuden grabazioak, eta horiek lortzen laguntzeko eskatu nion. Baina ezetz esan zuen», kexu da Lopez de Arana. «Ez zidalako eskubidea eman nahi gero grabazioak ikertzeko».
Bidaia agentzia batera jo zuen itzultzaileak. «Pariserako bidaia kontratatu nuen urriko zubi batean». Euskaltzaindiaren eta Eresbil musikaren euskal artxiboaren gutun bana zituen Lopez de Aranak. Horrez gain, beste abal bat asmatu zion bere buruari. 1999ko urriaren 11n, museora abiatu ziren Lopez de Arana eta adiskide bat.
«Lagunak eta biok elkarri trukatu genion arropa, hura ni baino dotoreago zihoalako. Gorbata ere utzi zidan. Itxura ahal eta gehien zaintzea zen kontua. Museo barruan nire morroiaren rola ere egin zuen lagunak, han hartu gintuen gizona (Tran Quang Hai doktore vietnamdarra) inpresionatuta uzteko».
Lopez de Arana eta adiskidearen antzerkia sinesgarria egin zitzaion, antza, museoko arduradunari. Azoulay doktorearen grabazioen kopiarekin atera ziren handik, kasete batean. Horretan, grabaturiko lehen euskal ahotsetako batzuk. Kantuak: Donostiako hiru damatxo, Maitia nun zira, Pello Joxepe… Bibliako pasarte batzuk… Klik eta krak ozenen artean, hilobiz harago datozen ahots ahul batzuk. Aspaldi hildako euskaldun batzuen argizarizko psikofoniak.
Grabazio galduak
Thomas Alba Edisonek 1889. urteko Parisko Erakusketa Unibertsalean aurkeztu zuen fonografoa. Argizarizko zilindro bat biraka jartzen zen ardatz baten inguruan. Haren gaineko mintz bati hitz egin edo abestu, eta hari loturiko orratz batek soinuaren bibrazioa markatuta uzten zuen argizarian. Grabatutakoa entzuteko, alderantziz egin behar zen: orratza berriz pasarazi ildoetatik.
Azoulay doktorearenak ez dira euskarak urraturiko lehen zilindroak, edonola ere. Enrique A. Hugensek 1893. urtean Chicagotik (AEB) ekarritako fonografo batekin Donostiako Miramar kaleko lokal batean grabaturikoak galduta daude. Baita Francisco Pertierrak eta Lorenzo Colisek urtebete geroago Bilbon eginikoak ere.
Zorte hobea izan dute Bilboko Viuda de Ablanedo eta Enrique Garcia etxeek 1897. eta 1898. urteen artean grabaturiko zilindroek. Besteak beste, musika piezak eta euskarazko zenbait kanta jasotzen dituzte, eta, galdutakoak agertzen ez diren bitartean, entzuteko moduan dauden euskarazko lehen grabazioak dira. Eresbil musikaren euskal artxiboan daude, Errenterian (Gipuzkoa), Jaione Landaberearen zaintzapean. «Ibarra familiarenak ziren arrabolak, industrialari handiarenak». Zilindro haiek izugarri garestiak ziren: 7 pesetas irakur daiteke oraindik kutxetan. Beti maite, Boga boga, Goizeko izarra, Agur nere bihotzeko… kantak daude. Klimatizaturiko gela berezi batean gordetzen dituzte. Baina arrabol batzuetako argizaria oso hondatuta heldu zitzaien, eta ezin izan dituzte digitalizatu. «Balio handikoak dira grabazio hauek», esan du Landabereak. «Une bateko lekukoak dira, eta orduko hit parade listan zelako kantak zeuden erakusten digute». Viuda de Ablanedo etxeko 140 arrabol zilindro inguru dituzte eta Garcia etxeko sei bat.
Negozio bat zen. Orduko opera abeslariak jartzen zituzten grabatzen, ariak eta, gero arrabolak saltzeko. Eta, bestalde, baziren banitatez-edo euren buruak abesten grabatu nahi zutenak. «Feriako bitxikeria gisa zuten ahotsa grabatzea». Grabazioak digitalizatu, informazioarekin hornitu eta Interneten argitaratzen ditu Eresbilek, edonork entzuteko.
Grabazio gatibuak
Rudolf Trebitsch antropologo austriarrak Euskal Herrira bidaiatu zuen 1923. urtean, eta kantu, ipuin zein pasadizoak grabatu zituen. Besteak beste, Resurreccion Maria Azkueren ahotsa grabatu zuen, eta Gernikako arbola kantuaren lehen grabazioa egin zuen. Vienako Phonogrammarchivek ditu arrabolak, eta CD batean argitaratu zituen soinuak 2003. urtean, baina ez ditu Interneten jartzen uzten. «Dena prest dugu argitaratzeko sarean, baina ez digute baimenik ematen», esan du Lopez de Aranak.
Trikimailu bat erabiltzen dute grabazioak atxikitzeko. Europako legearen arabera, domeinu publikoan daude, grabatu zirenetik 70 urte pasatu direlako. «Vienan atzerritik interesa sumatu zutenean, argitaratu egin zituzten. Oso edizio txikia, baina horrek jabetza eskubideak ematen dizkie beste 25 urterako», esan du Xabier Erkizia musikari eta ikertzaileak. Gaiaren inguruko Soinu grabatuen politikak instalazioa jarri zuen iaz Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean.
Erkiziaren arabera «absurdoa» litzateke auzitara eramatea afera. Grabazio horiek ez dutelako baliorik merkatuan. «Balio sinbolikoa dute, baina inor ez dago prest horiengatik dirua ordaintzeko». Vienakoek argudiatzen dute beraiek ordaindu zituztela grabazio horiek, eta 100 urtez zaindu dituztela.
Grabazio historikoak «azterketa akademiko batekin» argitaratzea da Berlingo Museo Etnologikoko etnologia departamentuaren politika, Ricarda Kopal hango ikertzaileak esan duenez. «Izan ere, grabazioen testuinguru historikoa ezinbestekoa da haiek ulertzeko». Lan horretarako, «jatorriko komunitateekin elkarlanean» dabiltzala esan du. Soinu artxiboak digitalizatzea «epe luzeko egitasmoa» dela gaineratu du. «Lanean ari gara etengabe, grabazioak geroko belaunaldientzako gordetzeko eta interesa dutenei eskuragarri jartzeko».
Berlingoen kasuan, preso zeuden pertsona batzuek jarri zuten ahotsa. Kolonialismo kulturala da: lehengaia kendu gatibu diren batzuei eta gero landutako produktua saldu haien ondorengoei. Berlingo eta Vienako artxibozainek grabatzailea egile bihurtu dute, eta legearen nahasketaz baliatzen dira. «Baina zergatik ezin dugu geuk ere nahasmen hori geure alde irakurri?», galdetu du Erkiziak. «Hau da, egile guztiak hilda daudela, creative commons lizentziapean argitaratu. Legeak bi aukerak bermatzen ditu».
Azoulayren grabazioak sarean jarri egin zituen Lopez de Aranak, «inori baimenik eskatu gabe». Inor ez dela kexatu esan du. Vienako eta Berlingoak ere jartzeko «tentazio handia» izan duela gaineratu du. «Erraza litzateke. Kontua da nork hartzen duen bere gain salaketa jasotzeko arriskua». Harentzat, «konponbiderik onena litzateke Jaurlaritzak esatea: euskal grabazio zahar guztiak eskuratu eta jende guztiaren eskura jarri nahi ditut. Baina horrek dirua, dedikazioa eta ardura eskatuko luke».
Erkiziaren aburuz, erakunde publikoek gaia «serio» hartuz gero, eta «eskutitz pare bat» bidaliz gero, zer edo zer lortuko litzateke. Erkiziak Koldo Mitxelenako datu basera pasatu ditu instalazioan erabilitako grabazio zaharrak, kontsultarako egon daitezen. «Adostuta egin daiteke, copyrighta urratu gabe. Giza alorrera eraman behar da gaia, ez artxiboen arteko borroka bihurtu».
Bedaxagarrek gauzak «adiskidetasunez, bide zuzenetik eta legearen arabera» egin nahi lituzke. Frantziako Administrazioak Iparraldeari eta euskarari inongo aitorpenik ematen ez dienez, grabazioak Berlinen egotea berme gisa ikusten du. «Han ehun urte egin dute. Ez dakigu etxean non bukatuko zuten».
Azken egunotan, Berlingo presoen grabazioen kopia bat lortu du Jakinez elkarteak, eta Urdiñarbeko (Zuberoa) plazan jarri zituen entzungai Musikaren Egunaren jaian, maiatzaren 24an. «Jendea hunkiturik zegoen entzuten», esan du Bedaxagarrek. «Zelako kantariak. Badugu zer ikasi haiengandik!».