Zihara Enbeita / 2015-06-04 / 234 hitz
Loris Malaguzzi Italiako pedagogo ezagunak zioen haurrak ehunekoez eginda zeudela. Ehun hizkuntza dituztela, ehun esku, ehun pentsamendu; pentsatzeko, jolasteko eta hitz egiteko ehun era; entzuteko, harritzeko eta maitatzeko ehun era, abesteko eta ulertzeko ehun poz, deskubritzeko ehun mundu, asmatzeko ehun mundu eta amesteko ehun mundu. Haurrak ehun hizkuntzaren jabe izan arren, laurogeita hemeretzi lapurtu dizkietela zioen. Beharbada horregatik ematen du gure jendartean izateko modu bakarra dela zilegi edo onargarri. Pentsatzeko modu bat, sentitzeko modu bat, bizitzeko modu bat, hitz egiteko modu bat, mundu bakar bat baino ez zaigula gelditu azkenerako.
Beharbada galtzea gustuko ez dugulako, zerbaiten falta sumatzen dugulako edo burugogorrak garelako, bidean galdutako laurogeita hemeretzi horien bila jarduten dugu batzuk etengabe. Ehun existitzen ez dela dioten horiei kontra egiteko. Beste laurogeita hemeretzi era daudela bizitzeko, beste laurogeita hemeretzi era sentitzeko, beste laurogeita hemeretzi era hitz egiteko. Eta baldin ez badaude, hauek eraikitzeko, hauek asmatzeko, hauek amesteko beste laurogeita hemeretzi era ditugula.
Horregatik, futbolzalea eta athleticzalea izan arren, haserretu egin naiz kopako finalaren harira eskoletan ume guztiak athleticzale sutsu bihurtu dituztenean. Alabin alabon-ka, aurpegiak zuri-gorriz margotuta. Beste behin ere izateko ehun era daudela ezkutatu zaielako. Dagoeneko eraikita dagoen mundua deskubritzeko esan dietelako eta laurogeita hemeretzi lapurtu. Zoritxarrez, Malaguzzik zioen legez, burua eta gorputza banatzen dizkiete umeei. Eta entzuteko esaten diegu, baina ez hitz egiteko. Eta guk esaten diegu zer izan behar duten eta nola izan behar duten. Eta eurak hori barneratzea dute lan bakar.