Gurasoak bananduta daude

Imanol Mercero / 2015-05-31 / 375 hitz

  • Izenburua: Agur, Agur!
  • Idazlea: Castillo Suarez
  • Ilustratzailea: Morkots
  • Argitaletxea: Erein

Tristura aitortzea izaten da berau gainditzeko urrats baliotsu bat. Samina, gatazka eta antzeko bihotz urragarriak nonahi topatuko ditugu, baita haurren artean ere. Ekidinezinak dira, eta onena eman behar da zulotik irteteko, baina unea iristean altxatzen lagunduko digun eskua zain topatuko dugu.

Hauxe da, asko behartuta, eta are lizentzia gehiago hartuta, Castillo Suarezek orain arte idatzi dituen zazpi obretan behin eta berriz adierazten zaigun mezua.

Suarez idazle iraunkorra da, ez bakarrik mezuetan, baizik eta bere ezaugarri guztietan, Agur, Agur! liburuan aurrekoetan agertzen zituen baliabide eta ezaugarriak topatzen ditugu. Eta agian oinarrizkoen den ezaugarria da irakurtzeko erraza dela.

Hamabost atal laburrez osatutako kontaketa da, idazmolde irakurterraza du, adierazkorki osatuta, eta ongi josia. Ez naiz lausenguen zalea, baina bertute bihurtzen du sinpletasuna, aberastasunarekin hornituta.

Protagonista narratzailea da, eta haren bakarrizketan murgiltzen gara, elkarrizketa gutxi batzuekin. Honek pare bat zalantza sortu dizkit, alderdi teknikoari erreparatuta. Batetik liburuaren mezuaren hartzailearen afera dago: nori komeni zaio jakitea haurren ikuspuntua banaketa baten inguruan? Ez da liburu hau haurren ikuspuntua helduei helarazteko modu bat? Ez da hau helduen haur literaturaren adibide bat?

Bestetik narratzailea dago. Aukeraturik protagonista narratzaile gisara, zortzi bat urteko haur baten ahotsa irudikatu behar dugu, baina kasu honetan hain arrazional eta eraginkor agertzen da ezen mari-jakintsu baten aurrean jartzen gaituen, agian artifizialegi gertatzen dena.

Bi zalantzak lotuta ikusten ditut, narratzaile orojakile batek halako arazoak saihestuko lituzkeela iruditzen zait (hau idaztean Janosch-en Zein polita den Panama!-ko narratzailea dut gogoan), haurrari haur izaten utziko liokeena, eta helduentzako hausnarketak bigarren mailako irakurketetan mozorroturik joango liratekeela…

Narrazioa estatikoa da, ez dago kontaketaren haria daraman ekintza nagusi bat, aitzitik egoera jakin batean dagoen haur baten erretratua eskaintzen zaigu. Nahiz eta, jakina, ekintza txiki batzuen berri izaten dugun. Kontaketa tristea da oro har. Denera dituen hamabost ataletatik, zortzitan triste dago protagonista, beste lau ataletan aldarte gorabeheratsuak bizi ditu, eta, gutxitan, bereziki amaiera aldera, poza ere sentitzen du. Datuak gutxika gehitzen dira, gai nagusia (gurasoen banaketa) eta eguneroko bizitzaren zer-nolakoak tartekatuta. Hala eginez protagonistak gorputza hartzen du, eta egiantza irabazten.

Idazle iraunkorra dela esan dugu arestian, eta asmo onekoa dela ere gehitu daiteke, haurrak gozatu eta lagundu nahi dituen horietakoa. Baina agian Castillo Suarezen baliorik handiena literatura egiteko gogoa da, hain ohikoa ez dena, bestalde, gure artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.