Mende laurdena zerura begira

Jon Rejado / 2015-05-29 / 1.052 hitz

1983. urteko uholdeetan izandako informazio falta errepika ez zedin, 1990. urtean sortu zuten Euskalmet, Euskal Meteorologia Agentzia; 25 urteren buruan, iragarpenaren gainetik, «inpaktu meteorologikoak» aurreikusteko egindako lana nabarmendu du Jose Antonio Arandak.

Euskalmet 25. urteurrena betetzear dago. 1990eko ekainaren 19an, Euskal Meteorologia Agentzia sortzeko dekretua argitaratu zen EAEko Aldizkari Ofizialean. Mende laurden baten ostean, erreferentziazkoa bihurtu da herritar askorentzat, baita administrazio publikoarentzat eta enpresentzat ere. «Egiten dugun lanaren zati txiki bat baino ez da eguraldiaren iragarpena», azaldu du Jose Antonio Arandak, Euskalmeteko arduradunak.

Mende laurdenak askorako eman du Euskalmeten. «1990ean ezinezkoa zen gaur egungo egoera irudikatzea; zientzia fikzioa zen», oroitarazi du Arandak, atzera begirako hausnarketa egitean. Aldaketa asko gertatu badira ere, hiru nabarmendu ditu: batetik, informatikaren aurrerapena, eta horrek datuen kudeaketan ekarri dituen aurrerapenak. Bestetik, datuak biltzeko moduan egondako aldaketak zehaztu ditu: «Garai batean, fitxa batzuk betetzen zituzten egunean behin, eta hor bukatzen zen datu bilketa». Azkenik, komunikazioen hobekuntza aipatu du Arandak, garai batean posta bidez bidaltzen baitziren fitxak.

1983. urteko uholdeetan —«Euskal Herrian gogoratzen diren muturrenekoak»—, agerian geratu ziren aipatu hiru eremuetan zeuden hutsuneak. Alde batetik, ez zegoen informazio sistematizatua eskaintzen zuen estazio automatikorik: «Plubiometroa zuen norbaitek telefonoz deitzen zuen, datuen berri emateko». 1983. urteko abuztuan, ordea, telefono sareak ere erori ziren; alegia, ez zegoen komunikatzerik. «Toki bakoitzean zekiten une horretan bertan gertatzen ari zena, baina ez ibai arroan gorako egoera». Horren guztiaren ondorioz, ezin izan ziren iragarpenak egin, ezta horren araberako erabakiak hartu ere.

Hori errepika ez zedin baliabideak behar zirela erabaki zuten orduko agintariek, eta Euskal Meteorologia Agentziaren hazia erein zuten. Euskalmet sortzeko prozesua langile bakarrarekin hasi zen, ikerketa bat egiten. Langile hura Jose Antonio Aranda izan zen, egungo Euskalmeteko arduraduna. Gaur egun, 35-40 langile inguru daude meteorologia agentziarekin lotuta, bai Euskalmeten eta bai Tecnalian; hala, korporazio horrek ematen dio sostengu operatiboa meteorologia agentziari.

Larrialdiei lotuta

Arandak egindako ikerketan, zenbait behar aurkitu zituen. Alde batetik, enpresa, administrazio eta bestelako eragileekin hitz egin ondoren, datu falta «larria» zegoela ikusi zuen. «Ez genekien noraino sartzen zen haizea, edota une batean non egiten zuen euria edo non ez». Horrez gain, larrialdiekin lotutako gaietan, lastertasun falta sumatu zuen. «Erabakia oso erraza izan zen: estazio sare bat antolatzea».

1988. urtean hasi ziren sarea prestatzen, orduro informazioa bildu ahal izateko. «Gogoratu behar da garai horretan ez zegoela Internet; hortaz, hasierako saialdian, telefono bidezko zerbitzua eskaini genien bezeroei». Dena den, ordu bateko epea gehiegi zela, «batez ere Euskadin», eta sistema aldatu zuten. «Ordu batean, galerna sartu eta atera da, ibai txiki bat igo eta jaitsi da, ekaitz bat alde batetik bestera pasatu da…».

Sare berriaren egitura EAEko Meteorologia Batzordean adostu zuten, erakunde publiko guztien artean, eta Arandaren ikerketaren ondorioei helduz betiere; hau da, larrialdiei aurrea hartzea eta ondo kudeatzeko informazioa lortzea. «Askok Euskalmeten iragarpena baino ez dute ezagutuko, baina askoz gauza gehiago egiten ditugu; zaintza, kasurako».

«Inpaktuaren» neurria

Estazioen sarea osatuz joan ziren urteen joanarekin, baita bestelako azpiegiturak martxan jarriz ere: Kapilduiko radarra, itsasoko sarea… Dena den, 2010. urtean aldaketa bat gertatu zen, informazioa emateko modua «irauli» zuena. Euskalmet Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailean txertatu zuten. «Larrialdien zerbitzua izan zen historikoki gure bezero nagusietako bat», arrazoitu du Arandak. Aldaketaren ondorioz, abisuak ematetik «meteorologiaren inpaktuak» ematera igaro zen.

Eragin hori neurtzeko, gertakari meteorologikoez gain bestelako aldagaiak aztertzen dituztela azaldu du Arandak. Betiere beste zerbitzuekin elkarlanean: Larrialdien Zerbitzuarekin, adibidez. «Galerna batek ez du gizartean inpaktu bera izango lanegun gris batean, edota larunbat eguzkitsu batean, non jendetza bilduko den». Arandak azaldu du lankidetza horri esker informazioa hobeto kudea daitekeela, neurri zehatzagoak abiarazi, baita muturreko gertaera meteorologikoek eragin ditzakeen kalteak gutxitu ere.

Edonola ere, Arandak gogorarazi du probabilitatearekin lan egiten dela meteorologian; hau da, gertatzeko aukera gehien duen aukera da jakinarazten den iragarpena. Ohikotik kanpoko zerbait gertatzen denean lehentasuna horretaz informatzea dela azaldu du. Garai batean, fax edo mezu elektronikoz informatzen zuten; gaur egun, Twitter bidez ere bai. «Tresna horri esker, galernez ohartaraz dezakegu, ibaien gorakadez…».

Arandak nabarmendu du herritarrek inoiz baino zehaztasun handiagoa eskatzen dutela, eta hori «ona» dela. Edonola ere, zehaztu du herritarrak hezi behar direla eguraldiaren iragarpenaz ondo jabetu daitezen. Abisu hori, alarma laranja eta alerta gorrien kasuan, adibidez. «Abisu horia dagoenean, normaltasunaz ari gara; sektore gutxi batzuetan eragiten duen zerbait baino ez da izaten».

————–

Meteorologia sakon ezagutzeko begiak

1990. urtean hasi zen Euskalmet, ia hutsetik, eta hainbat baliabide eskuratu ditu ordutik, bai eguraldi aldaketen berri izateko eta bai Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ezaugarriez jabetzeko ere.

Hutsetik. Euskalmetek bidea hutsetik hasi zuen. Edo ia. Ordea, 25 urtean, informazio jario etengabea ematen duen azpiegitura sarea sortu dute, gaur egun ere osatzen jarraitzen dutena.

HIDROMETEOROLOGIKOAK

1990. urtean hasi ziren estazio hidrometeorologikoen sarea osatzen, eta, egun, 109 estazio ditu Euskalmetek. Atzo bertan inauguratu zuen azkena, Santikurutze Kanpezun (Araba). Sare horretako estazioek hamar minuturo datuak hartu eta igortzen dituzte: haizearen indarra eta norabidea, airearen hezetasuna, tenperatura…

Informazio horrek ematen dio modua Euskalmeti gerta daitezkeen eguraldi aldaketen berri izatea. Jose Antonio Arandak gogorarazi du informazio hori «oso baliagarria» gerta daitekeela uholdeak kudeatzeko, denboraleei buruzko erabakiak hartzeko… Euskalmeteko webgunean ikus daitezke datu guztiak.

AIRE GARBIKO RADARRA

1995. urtean jarri zuten, Galea lurmuturrean (Bizkaia). Radar horrek 6.000 metroko altuerara arteko geruzetan zer haize dagoen neurtzen du. «Goiko geruzetan gertatzen denak eragina du lurrazalean gertatzen den horretan; horregatik, radar horrek oso informazio baliagarria eskaintzen digu azaleko gertakizunak hobeto ulertzeko.

OZEANO-METEOROLOGIKOA

2001. urtean hasi ziren sare hori osatzen, eta, gaur egun, hiru plataforma ditu: Luzuero (Bizkaia) eta Mutrikun (Gipuzkoa), eta Pasaia (Gipuzkoa). Garai batean, sei plataforma ere izan zituen, kostaldeko olatuen izaera, ezaugarriak eta jokabideak ulertzeko. Informazio hori lortuta, «kantitatea kalitateagatik» ordezkatu zuten. Bestalde, bi buia daude ainguratuta Matxitxakotik (Bizkaia) 16 miliara eta Donostiatik 17 miliara, korronteak, uraren tenperatura eta gatza neurtzeko. Horrekin batera, Matxitxako eta Higer lurmuturretan, bi radar dituzte, 10.000 kilometro koadroko eremuko azaleko korronteei buruzko datuak hartzeko.

KAPILDUIKO RADARRA

2005. urtean inauguratu zuten. Euskalmeten azpiegituren harribitxitzat jo zuten. Uhin elektromagnetikoen transmisore bat eta sei metroko diametroko antena paraboliko bat daude 50 metroko dorre batean. 300 kilometroko eremu bat kontrolatzen du, eta eremu horretan dauden prezipitazioen berri ematen du: euria, elurra edo txingorra.

Radarrak hartutako datuak aurretik aipatutako estazioen plubiometroen osagarriak dira. Horrekin, Euskalmetek jakin dezake non dauden ekaitzak, norantz doazen, zenbat botatzen duen…

TXIMISTAK DETEKTATZEA

2008an, tximistak detektatzeko eta non gertatu diren jakiteko sistema bat abiarazi zuen Euskalmetek. Zenbait sentsore dira, eta tximisten seinaleak hartzen dituzte. Sentsore batetik bestera dagoen aldea hartuta —segundo milioikoetan— triangelaketa eginez jakin dezakete non gertatzen ari diren tximistak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.