Igor Susaeta / 2015-06-03 /hitz
Geratzen zaiona baino denbora gehiagoz bizi izan denez, Gerardo Markuleta haurtzaroaz, nerabezaroaz eta iragan kolektiboaz mintzo da ‘Denbora bere lekura’ poesia liburuan.
Luisa Villalta poeta eta musikari galiziarra zenak zera esan zion behin Gerardo Markuletari (Oñati, Gipuzkoa, 1963): «Bere iragana ahazten duena putakume bat da». Markuletak pentsatzen du Villaltak, agian, arrazoi zuela. Dena den, Denbora bere lekura (Erein) poesia liburuaren asmoa ez da gogorapenak ezabatzea, ezkutatzea, ezta lurperatzea ere, egilearen esanetan. «Ez naiz ahazteaz ari, edo bizi izandakoa bazter batean uzteaz». Ez. Markuletak bere pisu doia eman nahi izan dio gogoratutako horri. Izan ere, iragana, denboraren joana, traba astunegia gertatu zaio urte askoan eguneroko bizitzan. «Nire nahia izan da bizi izandakoari bizitzeko traba izaten ez uztea, eta iragandako denbora bere lekuan jartzea, horixe. Uste baitut iraganak, batzuetan, gehiegizko pisua hartzen duela gure bizitzan, gure denbora presentean». Hori bai, gomutez mintzo arren, helburua ez da nostalgia, «zenbatzea» baizik.
Eta zenbaketa horretan, bere bosgarren poesia liburuan, haurtzaroaz mintzo da, nerabezaro «gatazkatsuaz», gaztaro «gorabeheretsuaz», iragan kolektiboaz eta amodioaz, besteak beste. Azkeneko hamar urteotan izkiriatutako 50 poema bildu ditu, «tankera, itxura eta luzera ezberdinekoak». Eta ez da kasualitatea 50 izatea. «Mende erdi bete duzuenean, garbi ikusten duzu aurrean geratzen zaizuna baino denbora gehiago utzi duzula atzean», nabarmendu zuen atzo, Donostian, liburuaren aurkezpenean. Haren asmoa zen 50 urte betetzerakoan kaleratzea, hau da, orain bi urte, baina, hainbat kontu dela eta, orain arte atzeratu da argitalpena.
Lau ataletan banatu du liburua, baina iruditzen zaio poema guztiak doinu bakar batek, asmo jakin batek eta, «batez ere», testuak tolesteko molde pertsonal batek batzen dituela.
Lehendabizikoan, Oñatin pasatutako haurtzaro eta nerabezaroa ditu hizpide —aspalditik bizi da Gasteizen—. Neskak mojetara, Kuartel ederra, Irrati gau magikoak eta Aitaren keak dira horko poemetako batzuen izenak. Pinudia izenekoak zabaltzen du liburua. Markuletaren iritziz, gainera, lehen aleak argibide batzuk ematen ditu, liburua nola irakurri behar den, «gozamen handia hartzeko nola irakur daitekeen» azaltzen dutenak. «Umetako pasaia bat deskribatzen dut, baina, deskribapenarekin batera, susmoa sortzen da poeta, gainera, beste zerbaiti buruz ari dela».
Beste lehenaldi bat kontatzen du bigarrengoan, Ezkutuko tiradera izenekoan; iragan kolektiboarena, alegia. «Iraganak euskaldun guztioi bizkarrean ezarri digun beste zama bat». Markuletaren hitzetan, soziologoek «bortxa identitarioa» deitzen diote, kazetariek «gatazka», eta «gure Iban Zaldua maiteak: La Cosa». Bada, adibidez, poema «gogor samar bat», Esan ezetz, 2004ko martxoaren 11n Madrilen gertaturiko atentatuari buruzkoa, egileak «sendagarria izateko esperantzarekin» idatzitakoa.
Altzari japoniarra izeneko hirugarren atalean, labur jokatzeko ahalegina egin du; zalea da, gainera. «Berba gutxi dauzkazunez, elkarren ondoan jartzerakoan erabateko doitasunez aukeratu behar dituzu». Labur aritzea erabakiz gero, luzeran ezin denez, «sakontasunean eta oihartzunetan» zabaldu behar dira hitzak. Markuletaren aburuz. Atal horretako ale gehienak «haiku mendebaldarren tankerakoak» direla pentsatzen du. «Izan ere, ez gara gauza japoniarren mailako haikuak idazteko».
Amodiozkoekin harrituta
Biok egur, biok su azken atalekoak «amodiozko poemak» dira. «Edota kontzeptuarekin antz gehien izan dezaketen testuak, behintzat». Horiek bildu zituenean, harrituta geratu zen. «Amodiozko anti-poema asko idatzitakoa naiz; hau da, amodiozko poema topiko-tipikoen kontrakoak, eredu erromantiko nazkagarri samar horri aurre egiten diotenak», azaldu zuen Markuletak, atzo, umorez. Ezustean harrapatu dute testu horiek, «ia-ia ezkontz-poemak» direlako. «Baina horiek osatzerakoan ez dut umore puntua galdu».
Egileak atzo gogorarazi zuenez, Iñaki Aldekoa Ereineko editoreak adierazi izan dio «poema estrofiko eta neurtuetan» ematen duela bere onena. Markuletarentzat, baina, euskal poeta modernoek bertsolaritzatik aldentzeko arazoak dauzkate poema neurtu eta errimatuak ontzerakoan. «Edo oso errima berezi, landu eta finak erabiltzen dituzu, edo oso bertso itxurakoa izango da bestela».
Denbora bere lekura bosgarren poesia liburua du, Larrosak noizean behin (Erein, 1990), Sagarraren hausterrea (Erein, 1994), Batak ez du bestea kentzen (Alberdania, 2003) eta Ezjakintasunak obren (Alberdania, 2006) ondotik. Poesia itzuli du gaztelaniara, eta euskarara ekarri ditu Julio Cortazar, Jean Echenoz, Samuel Beckett eta Françoise Saganen lan batzuk, besteak beste.