Zeluloidezko sabaiak

Ainhoa Sarasola / 2015-06-07 / 1.468 hitz

Aretoetan gehien ikusitako ehun filmetatik zazpi baino ez dira izaten andrazkoek zuzendutakoak. Industriaren botereguneak gizonen esku daude oraindik ere, eta desoreka gainditzeko neurriak eskatzen dituzte emakume sortzaileek.

Zenbat eta begirada gehiago, orduan eta aberatsagoa izango da edozein arte adierazpideren emaitza. Hori dio logikak, askotariko ikuspuntuek askotariko lanak egotea ekarriko dutela. Hala al da zinemagintzan? Ukaezina da, gaur egun, jatorri, genero, estilo eta ikuspuntu ezberdinetako sortzaileak ari direla horretan, baina nabarmena da aretoetan ugariagoak direla ezaugarri jakin batzuk dituzten artisten filmak. Oraindik ere gizonek zuzendutakoak dira nagusi aretoetan.

Hala erakusten dute datuek. Zinema industriaren ikurtzat jotzen den Hollywooden, adibidez, nabarmena da aldea. Iaz AEBetako aretoetan gehien ikusi ziren 250 filmeetatik %7 baino ez ziren emakumeek zuzendutakoak izan, ACLU American Civil Liberties Union erakundeak orain gutxi kaleratutako azterketaren arabera. Gainera, aurreko urteek utzitako datuei begiratuta, hobera ez baizik okerrera egin du egoerak: 1998an baino andrazko gutxiagok jardun zuten iaz zuzendaritza lanetan. Datuak mahai gainean, emakume zinemagileak kontratatzea eragozten duen «akats sistemikoa» ikertzeko eskatu die giza eskubideen aldeko erakundeak agintari federalei. Datu berak utzi ditu San Diegoko Unibertsitateak (AEB) landutako Celluloid Ceiling txostenak (Zeluloidezko sabaia), eta gaineratu %17 baino ez zirela izan iaz andreak kameraren atzean ardura nagusiak dituztenen artean —zuzendari, gidoigile, ekoizle, argazki zuzendariak…—. Espainiako zinemagintzan, batez beste, %8 inguru dira, CIMA Emakume Zinemagileen Elkartearen arabera.

«Eskandalagarriak» iruditzen zaizkio datuok Helena Tabernari. Ibilbide oparoa du zinemagile nafarrak —Yoyes (2000), La buena nueva (2008), Nagore (2010)…—, eta El contenido del silencio lan berriaren postprodukzio fasean dabil orain. «Denok egin behar dugu ahalegin bat, euskal zineman talentuaren erdia galduta baitago orain. Gizonen aldean emakume zuzendariak %7 izatea eskandalagarria da, edozein ikuspegitatik. Eta kontua ez da ez dagoela, baizik ez direla ateratzen, eta hori ez dator bat aurrerakoia izan nahi duen gizarte batekin».

Datu horren zergatiagatik galdetuta, erantzun errazik ez du topatzen Lara Izagirrek. Belaunaldi gazteago bateko kide da zinemagile bizkaitarra, eta, Gariza Films bere ekoizpen etxearekin hainbat lan sortu ondotik, Un otoño sin Berlin filma amaitzeko lanetan dabil buru-belarri. «Unibertsitatean %90 ginen emakumeak, baina gero lan munduan alderantziz da. Arazoa ez da ez gaudela prestatuak». EHUn karrera amaituta, AEBetan, Kuban eta Herrialde Katalanetan jarraitu zuen ikasten. «Ez dakit… Azkenean, zinema egiteko diru asko behar da, dirua boterea da, eta gure gizartean boterea gizonen esku dago; ez soilik zinema munduan: arazoa orokorra da».

Hari berekoa da Mireia Gabilondoren gogoeta ere. «Hain soziologikoki aztertu beharra dago, hainbeste gauza daude multzo horretan, zaila da zehazten», dio zinema eta antzerki zuzendari, aktore, ekoizle eta gidoigile gipuzkoarrak. Oraindik ere, haren ustez, gizonen mundua da gehiago zinemagintza, eta gizartean ezarritako rolak ere islatzen direla uste du. «Oraindik ere ekoiztetxe eta botere lan horietan gizonak gehiago dago emakumeak baino, eta zaila da. Zuzendaritza lanetan diot, zeren gero ile apaintzen, atrezzoan eta halako lanetan emakumeak ari baitira».

Izibene Oñederrarentzat, «krudela» litzateke zinemagintza gizonen mundu bat dela pentsatze hutsa. «Oso krudela litzateke hori hala balitz. Ikus liteke kontatzeko ezer edukiko ez bagenu bezala, edo sentitzen edo pentsatzen dugunak, hori kontatzeko gure moduak, baliorik ez balu bezala; halako gauzak posible edo egia direla aitortzea ere niri kosta egingo litzaidake», dio animazioaren arloko sortzaileak.

Ahaleginari aitortza

Beren lanek aitortza jasotzea emakumeek zailago dutela ondorioztatu dute, halaber, ACLUren azterketan. Oscar sariak dira adibide nabarmena. 87 urteko historian, andrazko bakarrak lortu du zuzendari onenarena: Kathryn Bigelowk, 2010ean. Beste lau emakume baino ez dira izan sari horretarako hautagai. Aurten, Ava Du Vernay hautagaitzatik at uzteko erabaki polemikoagatik matxista eta arrazista izatea leporatu diote askok akademiari, Selma haren filma faboritoen artean baitzegoen kritikarentzat. Eta industriaren matxismoa salatu zuen Patricia Arquette aktoreak otsailean, sariak emateko ekitaldian, taldeko andrazko aktore onenaren Oscar saria jasotzean: «Beste guztien eskubideengatik borrokatu gara. Bada garaia behingoz soldata bera izateko».

Baina halako datuak topatzeko ez dago hain urruti joan beharrik: 1953ko irailean sortu zen Donostiako Zinemaldia, eta, egungo A kategorian lehiatzen ez zen tarte batean Diane Kurysi emandako sari nagusia salbu (1983), urte guztiotan bi emakumek baino ez dute jaso Urrezko Maskorra. 63. aldia izango du aurten jaialdiak. Esanguratsua da andreei eskainitako atzera begirako kopurua ere, lau andrazkori baino ez baitie eskaini: Greta Garbo (1962), Dolores del Rio (1976) eta Loise Rainer (1986) aktoreei, eta Dorothy Arzner zuzendariari iaz. 1978an, Emakumeek egindako zinema izeneko zikloa ere izan zen.

Euskal Herrian bestelako programa edo jaialdietako datuek ere ez dute alde handirik markatzen zenbaki orokorrekiko. Huhezinemako Sail Ofizialean aurten finalista aukeratu diren hamar lanak gizonezkoek eginak izan dira. Fant Bilboko Zinema Fantastikoko Jaialdian, 11 izan dira euskal film laburrak: kasu guztietan gizonezkoak ziren zuzendariak.

Kimuak programa izan daiteke beste adibide bat: 1998tik 123 film labur aukeratu dituzte, urteroko katalogo bakoitzeko sei eta bederatzi lanen artean. Haietatik hemeretzi baino ez dira emakumeek zuzenduak. Orotara aurkeztutakoak aintzat hartuta, berriz, 732 labur aurkeztu dituzte sortzaileek, haietatik 117 emakumeek. Lehen urteetatik behera egin du, gainera, haien parte hartzeak, eta Begoña Vicario, Isabel Herguera, Ione Hernandez eta Izibene Oñederraren lanak bakarrik hautatu dituzte bitan edo gehiagotan.

Bere lanekin, sarri izan da Oñederra nazioarteko jaialdietan, eta animazioan emakume asko dabilela dio. «Festibaletan, oso aktibo dauden emakumeak ikusi ditut, oso lan pertsonalak egiten, beraientzako lan egiten, industriarako egin beharrean; hori bai, izen bat izan arren, gehienak ez dira horretatik bizi». Zalantza du gizonezko batzuk ez ote diren alde horretatik «praktikoagoak» eta, aldeak alde, industriari begirako lan gehiago egiten ez ote dituzten. Autore lanak dira Oñederrarenak; marrazki bakoitzaren atzean bera egoten da, eta horrek denbora asko eskatzen dio proiektu bakoitzeko. Laguntzetan, baina, ez dira aintzat hartzen egiteko horrelako moduak, haren iritziz.

Erreferenteak

Zineman bidegile izan diren emakumeak egon badaude, baina haiek bilatu beharra dagoela uste du Oñederrak. Antiheroiaren irudiaz egiten ari da tesia, eta bitartean, «alde praktikoa lantzeko», historian arlo guztietako emakumeen erretratuak biltzen dabil. Zinemaren alorrean halakoak topatzea beste batzuetan baino zailagoa egin zaiola dio. «Gizon aurpegi pila bat etortzen zaizu, eta normalean ezagutzen dituzu; emakumeak badaude, baina bilatu egin behar dituzu: zailago dira topatzen». Izan da, gainera, gizon baten itzalpean lan egin duenik: «Animazioan badago hori. Lan asko aurrera ateratzeko, izen handikoek badute emakume bat atzean, laguntzen, eta gizonak bai, baina emakumeak ez dituzu ezagutzen: itzalean geratu dira».

Gabilondok ere sumatu izan du erreferente falta hori. «Zineman, gehientsuena, gizonek egina da; orain gutxi hasi gara ikusten gauza batzuk beste modu batera egiten. Antzerkian ere… Egia esan, erreferentziak ez ditut hainbeste eduki. Literaturan bai, literaturatik asko egiten dut lan, egokitzapenak direla-edo, eta hor baditugu emakume ahots gehiago».

Izagirrek, aldiz, zortekotzat du bere burua, erreferenterik ez duelako falta izan. «Hasieran ikusten nituen klasikoak-eta bai, gizonek zuzendutakoak ziren, baina gerora, eta gaur egun ere, nik ez dut eduki emakume erreferente faltarik. Gogo handia izan dut emakumeen filmak ezagutzeko, eta zorte handia, ni baino pare bat belaunaldi lehenagotik emakume oso onak ibili direlako pelikulak egiten. Uste dut egun emakumeek zuzendutako pelikula gehiago ikusten ditudala; batzuez gogoratzean, behintzat, lehenago etortzen zait emakume baten pelikula gizonezko batena baino». Azaldu duenez, Sofia Coppolaren Lost in Translation ikusita jabetu zen zinemagilea izan nahi zuela. «Hori baino lehen, gizonek egindako pelikula pila bat ikusi nuen, mila baten kontra, baina benetan ikusi nuenean nirekin konektatu zuen zerbait, lan hau egitera bultzatu ninduena, emakume batek zuzendutako pelikula bat izan zen».

Tabernak garrantzitsutzat ditu Simone de Beauvoir kolektiboak Bilbon urtero egiten duen Emakumeek Eginiko Zinema Erakusketa, eta herenegun hasi zen Iruñeko Zinema eta Emakumea Erakustaldia, Nafarroako IPESek antolatuta datorren urtean hiru hamarkada beteko dituena. «Niretzat, halako jaialdiak egotea eta Margarethe von Trotta zein Agnieszka Holland bezalako zuzendarien lanak ikustea bultzada bat izan zen, nik ez bainuen buruan zinemagilea izatea. Baina erakustaldi horietan jabetu nintzen bazegoela gustuko nuen zinema eta, gainera, emakumeek zuzendutakoa zela eta, ondorioz, arakatu zitekeen esparru bat zela, ez zegoela guri debekatua».

Neurriak hartu beharra

Oñederrarentzat, «oso ona litzateke emakume ahots pilo bat egotea», horrek ere lagunduko lukeela iritzita. Baina emakumeek sortzen jarraitzeko laguntza, babesa, neurriak behar direla uste dute sortzaileek. Izagirreren ustez, ezinbestekoak dira, egoera aldatuko bada. «Neurriak hartu behar dituztenek diote lan egiten dutela, baina hobekuntzak ez dira ikusten, eta uste dut izan behar dela apur bat drastikoagoa, eta benetan lagundu». Erabakimena duten horiei «gogoeta eta sentsibilizazioa» eskatzen dizkie, «tristea baita gogoeta emakumeek soilik egitea. Uste dut falta dela gogoeta sakon bat egitea eta ondorioetatik erabakiak hartzea, eta, hala, baldintzak sortzea emakumeek gizonek dituzten aukera berak edukitzeko, ez gehiago eta ez gutxiago». Zinemagintzan dabiltzan guztiei egin die deia, baita gizonei ere. «Uste dut behar dugula haiek ere konturatu eta apur bat laguntzea. Nire ustez, hori bada gakoetako bat, haiek esatea ‘hemen daude eta ongi egiten dute’, ez izatea zalantzarik».

Instituzioei begiratzen die, batez ere, Tabernak. Ibilbide bat duten sortzaileentzat nahiz zinemagile berrientzat laguntza gehiago behar direla dio, eta egungo desoreka egoera «larria» gainditzeko, «are babes handiagoa» emakumeentzat. «Egiturazko desoreka bat dagoenez, pixka bat gehiago lagundu beharko da, diskriminazio positiboa egin, bestela diskriminazio negatiboa baitugu».

«Uste dut egin egin behar dela», dio Gabilondok, itxaropenez. «Berdin dio nondik hasi: ausartu, ez beldurrik eduki. Ausartu oker egitera ere; hain subjektiboa da ongi eta gaizki zer den… Barrura begiratu eta, hortik, aurrera».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.