«Antzinako musika ate bat da geure burua hobeto ezagutzeko»

Gorka Erostarbe / 2015-09-08 / 625 hitz

Euskal Barrokensemble taldearen abaroan, ‘Euskel Antiqua’ diskoa kaleratu zuen ekainean; antzinako euskal musikari arnasa eman dio lanak, eta aintzatespena lortu du kritikaren nahiz publikoaren aldetik.

Kontzertua eskainiko dute gaur Enrike Solinis eta Euskal Barrokensemble taldeak Gasteizko Andra Mari katedralean (20:15). Euskel Antiqua diskoa plazaratu zuten udaren aurretik, Jordi Savall kataluniarrak kudeatzen duen Alia Vos zigilu entzutetsuan. 5.000 ale saldu dituzte, munduan barrena, eta oraindik zuzeneko emanaldirik ez dute egin. Gaur dute aurrena. Ondoren, Poloniara joango dira, eta, hurrengo urtean, Kanadara eta AEBetara. Enrike Solinis gitarra jotzaileak (Bilbo, 1975) 2006an osatu zuen Euskal Barrokensemble hemengo nahiz atzerriko musikariekin, antzinako euskal musikari aterabidea emateko asmoz.

Antzinako musika terminoa «pedantea» dela esan izan duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?

Gertatzen da antzinako musika terminoa entzun orduko jendeak atzera egiten duela. Antzinako musika mundu klasikotik dator, eta musika klasikoarekin ohitua ez dagoen jendeari arraroa eta arrotza egiten zaio. Hori apurtzeko, esan beharra dago antzinako musikak lotura zuzena duela herri musikarekin. Baita musika kultu deitzen den horrekin edo klasikoarekin ere. Azken 20 urteotan, eta Euskal Herritik kanpo batez ere, beste modu batera hasi da entzuten musika hau, eta ahalegina egin behar dugu aurreiritzi horiek kentzeko.

Zuk zein termino erabiliko zenuke?

Musika klasikoa terminoa nahiko pedantea da. Ni musikari klasikoa naiz, orkestra sinfonikoarekin jo dut besteak beste. Hortik nator, baina herri musika eta rocka ere oso inportanteak izan dira nire bizitzan. Antzinako musikak denetik edaten du pixka bat; oso inportantea da bizirik dauden aztarna musikalak geure antzinako musika hori berreskuratzeko, berregiteko nolabait. Oso garrantzitsua da ikertzea, jasotzea, entzutea… eta kanpoko musikariekin harremana izatea. Berreskuratze horretan, musika klasikoak ez dauka zer esaterik edo zer eginik; horregatik atzenduta geratzen da kontzeptu moduan.

Zergatik da hain zaila antzinako musika gizarteratzea, jende zabalago batengana iristea?

Heziketa kontu bat da, batez ere. Musika eskoletan ez ezik, eskola guztietan ere erakutsi beharko litzateke musika, eta, are gehiago, antzinako musika; batez ere, oso inportantea litzateke gurean geure ondarea dantzan, musikan, hitzetan erakutsi ahal izateko. Euskal musika ingurukoarekin alderatuz, ez da bereziki desberdina, nahiz eta bere berezitasunak badituen. Soinu edo erritmo aldetik badaude berezitasunak, baina oso txikiak dira. Ezaugarririk bereizgarriena hitza du. Inguruko musikekin konparatuz gure hitzek indar gehiago dute, hori bai. Txorakeria bat dirudi, baina errepikatu egin behar da, Euskal Herria euskal kulturarik gabe ez da ezer. Zein da herri honen nortasuna, edo izateko arrazoia? Bada, gure kultura: musika, dantza, hitza, eta abar.

Hezkuntzan txertatu beharko litzateke antzinako musika?

Hemen ez daukagu aukerarik geure musika eta geure ondarea, ikasteko, ikertzeko eta garatzeko. Kontserbatorioetan ez dago hori. Kontserbatorio hitza bera ere nahiko pedantea da, bestalde.

Zer esango zenioke XV. edo XVI. mendeko musika zaharra dela eta ekarpenik egiten ez duela dioenari?

Hori da musika ikastetxeetan ikasi dugun beste kontzeptu bat: demodé. Esango nioke antzinako musika ogia bezalakoa dela. Osagai oso oinarrizkoak dauzka eta egunero jaten dugu. Ogia ez da modaz igarotzen. Antzinako musikan milaka eta milaka gauza sartzen dira, eta milaka urtetako istorioa. Ate berri bat da geure burua hobeto ezagutzeko, eta munduaz disfrutatzeko.

Jon Elizaldek ere oraintsu atera du lan bat euskal antzinako musikaren inguruan. Interes berpiztu bat dago gurean?

Bai, ezagutu dut lana, eta ontzi berean gaudela sentitzen dut, nor bere prestakuntzarekin eta bere bidearekin eta ikuspuntuarekin. Baina txalotzekoa iruditzen zait berak egindako lana ere, ausarta. Hori da bidea, gauzak egitea. Gutxi gara hemen antzinako musika lantzen dugunak. Sumatu nuen dena ea laguntzarik gabe egin zuela. Gure kasuan laguntza minimo bat jaso dugu erakundeetatik. Beste guztia guk jarri dugu, denbora, musikari, ikerketa, dirua… Eta zorte handia izan dugu Jordi Savallen babesa izan dugulako eta haren Alia Vox zigiluan kaleratu ahal izan dugulako.

Savallen zigilua benetan da garrantzitsua antzinako musikaren munduan.

Oso. Munduan ez da halakorik. Savall ezagutzen nuen aurrez, eta grabaturik genuena bidali nion, baina ez argitaratzeko asmoarekin, baizik eta zerbait idatz zezan aurkezpen modura. Asko gustatu zitzaion, eta berehala eskaini zigun berekin kalera genezan. Hala ere, bestela ere kaleratuko genukeen autoekoizpenaren bidez, sinesten baitugu daukagunak edukia eta mamia duela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.