Goizalde Landabaso / 2015-09-15 / 239 hitz
Duela egun batzuk argazki batek bete zituen Europako egunkari azal asko. Aylan Kurdi umearen gorpua Bodrum-eko (Turkia) itsasertzean ikusteak erasan die kontzientzia askori. Eta, jakina, berpiztu du betiko eztabaida: horrelako argazkiak azaleratu behar dira? Errealitatea bere gordinean ikusteak laguntzen du? Etikoa ote da horrelako irudi bat azaltzea? Erretratuaren gainean ari ginelarik, artean inork argazkiaren benetakotasuna kolokan jartzen ez zuela, lagun batek esan zidan: «Prestatuta dago». Ez dakit prestatuta ote zegoen; kontua da hiru urteko ume hori ihesean, bizitza hobeago baten bila, ito egin zela. Eta hamaika bide hartu duen bere irudiak ikusgarritasuna eman dio drama bati. Maiz, babesgabea den ume batek errazago eragiten diolako gure kontzientziari. Gertatuta zegoen argazkia?
Siriako errefuxiatuekin zerikusia duen beste irudi bat egin da ezagun egunotan. Daniar polizia guapo bat Alemania eta Danimarka arteko mugan, Padborg hiritik hur, jolasean ageri da siriar neskatila batekin. Behearen gainean eta ume-jolasetan konplize azaltzen dira biak. Argazki-sorta da. Neskatilaren jolas-gura aurpegia eta alaitasuna nabariak dira. Poliziak jolasa jarraitzen dio. Samurra da erretratua, bai. Ez naiz lagunarekin egon, eta ez dakit zer pentsatuko duen argazki horretaz, baina niri neuri zelanbaiteko mesfidantza eragin dit. Argazki hori ateratzearen intentzionalitatean ikusten dut nik zerbait. Sinesgaitza egiten zaidan zeozer. Xaloa izan liteke argazkia, hungariar kazetariaren hanka-trabaren ostean europarrek gizatasuna ere badutela erakusteko ahalegina (horrela balitz xalotasuna bertan behera utziko luke honek). Ez dakit. Beharbada zintzoa da argazkia, eta nire begirada jada lohituta dago, kutsatuta. Agian, hori da kontua, begiradetan dagoela arazoa eta ez erretratuetan.