Ihintza Elustondo / 2015-09-16 / 611 hitz
Ez du talentuan sinesten Furnadjievek. Jardunaz dena lor daiteke, haren iritziz. Baita mago izatea ere. Gaur eta bihar, Magialdian parte hartuko du, Gasteizko nazioarteko 27. magia jaialdian.
Mago jaio ala egin egiten da?
Egin, zalantzarik gabe. Pasioa eta ahalegina. Horiexek dira sekretu bakarrak. Gustatzen zaizuna egiten duzunean, beti duzu burua horretan. Eta inoiz ez da esfortzu bat zuretzat. Egun batean egon naiteke hogei orduz magian pentsatzen, eta ez dit axola. Zorteduna naizela pentsatzen dut, denbora hori guztia dudalako magian pentsatzeko. Niri natural irteten zait, barnetik. Arnastea bezala da niretzat magia.
Ikusezina bazina, noren etxean sartuko zinateke?
Jende askoren etxean. Batez ere, emakume politen etxean, baina nahiago dut ikusten banaute, hala, guztia zintzoagoa da.
Nor erdibituko zenuke bitan?
Politikari asko. Eta ez nituzke berriro osatuko; erditik moztuta lagako nituzke, bazter batean.
Inoiz irten al zaizu gaizki magia trikimailurik?
Bai, noski. Ikasketa prozesuaren parte da hori. Ez baduzu akatsik egiten, ez dago motibaziorik zuzentzeko, entseatzeko eta hobetzeko. Akatsa naturala da, bai magian eta bai bizitzan. Baina ikasi egin behar da hortik, berriro gerta ez dadin. Sekretua horren kontra borroka ez egitea da, naturaltasunez aurre egitea. Eta ongi irtengo den eguna iritsiko da. Gainera, askotan publikoak ez daki benetan zer gertatu behar zuen ikuskizunean. Batzuetan akatsak nahita egiten ditugu, gidoiari emozioa emateko, eta, orduan, benetako akatsa egiten duzunean, publikoak nahita ari zarela uste du.
Inor etorri al zaizu inoiz zer trikimailu egin duzun badakiela esanez?
Bai, askotan. «Aukera bat da» esaten diet, eta pozik uzten ditut. Zein naiz ni inori bere zoriontasuna kentzeko?
Gezurretan jakitea beharrezkoa al da mago izateko?
Agian pixka bat, baina itsusia gelditzen da horrela esanda. Egiaren zati bat ezkutatu behar da. Bizitzan bezala, zati bat erromantikoa eta polita da, eta, beste zati bat, ilunagoa. Magian sekretua ezkutatzen duzu, jakitea beharrezkoa ez den gauza bat, gauza liluragarri batera iristeko. Sentsazio polit horrekin geldi gaitezen, eta alde zikin horrekin ahaztu.
Zein trikimailu asmatu nahiko zenuke?
Botere magikoak banitu, gizarteko injustiziak kenduko nituzke.
Nor utzi nahiko zenuke aho zabalik?
Gasteiz guztia. Zortedunak dira, hainbeste urtez Magialdia bezalako jaialdi bat dutelako. Aste osoa dute magiaz gozatzeko. Parte hartuko dudan lehen aldia da, eta espero dut oroitzapen polit bat utziko dudala.
Inoiz hutsik egiten ez dizun esaldirik ba al duzu magia egiterakoan?
Ez, dena moldatu behar da publikora. Ikuskizun bakoitza ezberdina da, eta ez dut esaldi magikoetan sinesten. Dena dago bizirik.
Zortea ematen dizun zerbait?
Konfiantza. Irribarre egin, eta jendea pozik dagoela pentsatzeak laguntzen du.
Momentu magikorik?
Asko bidaiatu dut magiari esker, planetako kontinente askotan. Karta sorta bat patrikan hartuta, jende zoragarri asko ezagutu dut. Askok etxea eta bizitza eskaini dizkidate. Lanbideak baino gehiago irauten du anaitasun horrek. Horietako batzuek Magialdian parte hartuko dute: Pablo Zanattak eta Gaetan Bloomek, esaterako.
Magoa ez bazina, zer?
Psikologoa, agian. Magiak asko baitu psikologiatik. Baina uste dut nahiko pertsona zoritxarrekoa izango nintzatekeela, eta espero dut, momenturen batean, magiarekin topo egingo nukeela, nahiz eta 40 urterekin izan.
Idolorik bai?
Bai, horixe. Juan Tamariz magoen artean irudi mitikoa izan zen. Nik telebistan ikusten nuen, eta hura bezalako pertsonaia izan nahi nuen. Hari esker harrapatu ninduen magiak. Gainera, nire irakasle izan zen, eta harreman hurbila dugu. Arturo de Ascanio da beste bat. Niretzat aitona bezalakoa izan zen; bere etxean hartu ninduen.
Bitxikeriarik?
Egun batean, komunikazioa lantzen ari nintzen nire magiako ikasleekin. [Jose Luis Rodriguez] Zapatero jarri nien adibide gisa, eskuak gaizki mugitzen zituela eta arraro hitz egiten zuela esan nien. Ikasle bat barrez lehertzen hasi zen, eta zerbait gaizki esan banuen, barkamena eskatu nion. Justu Zapateroren aholkulari bat zen, halako gauzak irakasten zizkiona. Orduan, esan nion bazekiela zer ez zuen egin behar. «Ez dago hari irakasteko modurik», erantzun zidan.